Teknologia albisteak
1

Mutiko pareak, injustizien salatzaile

Erabiltzailearen aurpegia
xabier mendiguren elizegi - sustatu
2008-09-19 : 16:09

Inaugurazioko zelofanak alde batera utzita ere, filmak ikusten segitzen dugu Zinemaldian. Ostiralean bi izan dira sail ofizialean: "Asbe du-pa" (Bi hankako zaldia) Samira Makhmalbaf irandarrarena, eta "Pijama marradunaz jantzitako mutikoa", John Boyneren liburu arrakastatsuan oinarriturik Mark Herman-ek zuzendua eta lehiaketatik kanpo programatzen dena.

Film biak mila gauzatan desberdinak izan arren, antzekotasun nabarmenak dituzte, bietan ere mutiko pare baten arteko adiskidetasun desorekatu bat baita kontakizunaren ardatza, eta horren bidez gizarteko bidegabekeriak utzi nahi dira agerian, nonbait. Antolakuntzak biak elkartu arren, baina, aipa ditzagun banan-banan.

Ankerra eta motela

Samira Makhmalbaf irandar zinemagile ospetsuen familia bateko kidea dugu: Mohsen aita (film honen gidoia eta muntaketa ere egin dituena) zuzendari ezaguna da, eta ahizpa gazteena Hana (hemen argazki fijoaz arduratu da, fitxa teknikoak dioskunez) iaz izan zen Zinemaldian eta sari bat eskuratu, "Buda lotsaz lehertu zen" zirraragarri harekin. Samirak hainbat sari irabazi izan ditu Cannesen, baina oraingoan kostako zaio arrakasta berritzea Donostian.

"Bi hankako zaldia"k mutiko biren arteko istorioa kontatzen digu: bata elbarria da (minen eztanden ondorioz; esaten ez zaigun arren, badirudi Afganistanen gaudela), eta hura eskolara eramateko-eta beste gaztetxo bat kontratatuko dute, indartsua baina ez bete-betea ere. Zein zein den ez dakit, baina hona aktore bien izenak: Ziya Mirza Mohamad eta Haron Ahad.

Ume bien artean halako menpekotasun bat sortuko da, batak bestela mugitu ezin duelako, eta besteak diru hori behar duelako-edo, baina psikologikoki ere elkarrekin gero eta lotuago daude, nahiz eta elbarriak guztiz tiranizatu bere laguna, egiazko zaldi bihurtzea nahi bailuke.

Giza duintasunaren galtze progresibo bat kontatzen digu zuzendariak, abere bihurtze krudel eta umiliagarri bat, seguru asko inguru hartako egoera soziopolitikoaren metafora gisa-edo balia litekeena. Intentzioa eskertuko diogu, baina filma berez errepikakorra da, zinema irandarraren ezaugarrien barruan (erritmo pausatua, xehetasunei erreparatzea, natura, dokumentalismotik hurbil dagoen estiloa) nortasun berezirik gabea, eta alderdi askotan muturrekoegia; mendebaldekoon kontzientzia txarrak txalotzera eraman gaitzake, baina ez dut uste aparteko arretarik merezi behar lukeenik.

Best Seller-etik zeluloidera

Pijama marradunarena mundu osoan milioika ale saldu dituen liburua da, eta euskaraz ere irakur dezakeguna. Orain pelikula bihurtu dute, eta baliteke jendea komentatzen hastea bata edo bestea gustatu zaion gehiago; nik filma bakarrik ezagutzen dudanez, honetaz arituko naiz.

Holokaustoa hamaika istorio sortu (eta sortuko) dituen gertakaria dugu, paperean nahiz ikus-entzunezkoetan. Ekarpen berririk eskaintzea erraza ez delako-edo, haurraren ikuspegitik begiratzea izan da aspaldi honetako joera: Imre Kertesz-ek egin zuen "Zoririk ez" eleberrian, esaterako, eta Roberto Benignik "La vita è bella" film arrakastatsuan; sorta horri eransteko kide berria dugu hau.

Beste berrikuntza bat ere badu, istorioaren bereizgarri eta indargune bihurtzen dena: ez da haur judu bat protagonista, kontzentrazio-esparruko buruaren semea baizik. Brunok (Asa Butterfield) zortzi urte ditu, jolas egin nahi du eta aspertu egiten da. Debekatu dioten ate ostetik joanda, inguru hesitu batera iritsi da eta han ezagutu du bere adineko mutiko bat, pijamaz jantzia (Shmuel).

Produkzio, antzezte eta errealizazio aldetik inolako akatsik gabea da filma, ederki kontatua, tentsioan goraka doana eta hunkigarria gertatzen dena (amaieran leunkeriarik sartu ez izana ere eskertzekoa da, kontrakoa egiteko tentazioa izan baitzezaketen Hollywood-en). Emozionalki efektista (apur bat iruzurtia?) izatea litzateke nire aitzakia, baina horri norberak nahi duen garrantzia emango dio.

Erantzunak

Jon
2008-09-21 : 14:13

Marradun pijamaren liburua gaztelaniaz argitaratu berri-berritan eskuratu nuen, ingelesez izan zuen sona ezagutu gabe. Eta izugarri gustatu zitzaidan. Guti irakurtzeko ohitura / aukera duten lagun zenbaiti oparitu diet (euskaraz, gurean argitaratu zenetik). Filmerako bi sarrera eman zizkidaten lehengoan. Lankide bat eta biok joan ginen. Liburuak duen magia galtzeko beldurrez joan nintzen. Baina ez, gustura atera nintzen zinema-aretotik (nahiz Victoria Eugenia zaharberrituko palkoak ez diren inondik ere erosoak zinema ikusteko! Lotsagarria Zinemaldia bezalako jaialdi batek horrelako toki eskasik jartzea zinema ikusteko!). Aunitz gustatu zait.



Aretotik ateratakoan lankideak eta biok sentsazio hagitz ezberdinak izan genituen: niretzat, filmea liburua baino gogorragoa da. Liburuak duen goxotasuna galdu du neurri batean. Lankideak, aldiz, xamurragoa dela filmea. Tira. Biok, halere, filmeak merezi duela iritzi genion, ona da.



Edonola ere, aurretik liburua irakurtzea komeni, ia beti bezala.

Erantzun

Sartu