Teknologia albisteak
2

Hausnarketatxoa euskarazko bideoak ripeatu eta elkartrukatzeari buruz

Erabiltzailearen aurpegia
Igor Leturia - e-gorblog-etik
2008-09-18 : 11:09

Txikia nintzeneko serieetatik, Arturo Erregea izango da gehien gogoratzen dudanetako bat. Aspalditik nenbilen sarean eta eMulen bere bila (haurrentzat, noski ;-), eta duela gutxi aurkitu nituen seriearen 30 ataletatik 18 Euskal Encodings-en! Eta laster falta diren 12 atalak jarriko omen dituzte! Igor Leturiak bere blogean argitaratu du hau eta handik hartu dugu lizentzia honi esker.

Duela urte eta erdi aurkeztu zutenean, ideia oso ona iruditu zitzaidan euskarazko bideoak ripeatu eta elkartrukatzeko web gune hau, baina orduan oraindik apenas zeukan edukirik... Lehengo egunean, Google-ek Arturo Erregea bilatuta bertara eraman ninduenean, harrituta gelditu nintzen bertan zegoen eduki guztiarekin! Gutxi batzuk aipatzearren: Arturo Erregearen 18 atal, Dragoi Bolaren 300dik gora atal, Pernando amezketarraren 26 atalak, Shin Chan-en 72 atal, Txirritaren 37 atal, Super heroien legioaren 12 atal, Tintinen 8 film, Jaun ta jaberen 5 atal... Eta hau lagin txiki bat besterik ez da, animaziozko nahiz irudi errealeko serie eta film mordoa dago. Gauza txar bakarra da gehienak eMule-ko estekak direla eta, jende gehiegi ez dabilenez, oso mantso jaisten dela dena... Tira, hemen horren berri eman eta gero agian jende gehiago hasiko da jaisten eta azkarrago joango da...

Telebista eta beste medioak entzunda, hainbat jendek pentsatuko du horrelako gauzetan ibiltzea ("pirateoa") legez kanpokoa dela. Ba ez da horrela, irabazi asmorik gabe bada filmak nahiz musika elkartrukatzea guztiz legala da. Edo agian batek baino gehiagok pentsatuko duzue, nire lagun batek uste duen bezala, euskal filmak pirateatzeak euskal ekoiztetxeak edo ETB kaltetzen dituela eta, beraiekin batera, baita euskara ere. Baina nire ustez, Euskal Encodings-ekoak kristoren lana egiten ari dira euskararen alde.

Batetik, Euskal Encodings-en dauden ia gauzarik gehienak ez daude euskaraz salgai. Noizbait telebistan edo zineetan bota zituzten, eta kito. Inongo ekoiztetxek edo banatzailek ez du DVDan merkaturatu. Edo merkaturatu baziren, aspaldi izan zen, edo tirada txikian, eta jada deskatalogatuta daude. Beraz, ez dut uste inori kalte egiten dionik... Alderantziz, uste dut ekoiztetxe horien jarrerak kaltetzen duela euskara. Euskarazko oso bideo gutxi aurkitzen dira dendetan edo liburutegietan. Haur txikientzat bai, badaude, baina koskortxoagoentzat edo gaztetxoentzat apenas dagoen ezer. Abenturazko edo super heroien serieak ikusi nahi dituzten haurrek beste hizkuntza batzuetan erostea beste erremediorik ez dute... Ziurrenik, ekoiztetxeek edo ETBk hori egiten dute horrelakoak haurrenak baino gutxiago saltzen direlako eta ekoizte eta banatze kostuak errentabiblizatzea zailagoa delako, baina zergatik ez dituzte Internetetik jaisteko salgai jartzen, kostuak askoz txikiagoak baitira horrela?

Bestetik, serie eta film horien euskararako itzulpen eta bikoizketa gehienak ETBk ordaindu ditu, edo hobe esanda, guztion diru publikoaz ordaindu dira, euskararen onerako direlako. Beraz, ez al da zilegi eta euskararen onerako horiek behin soilik bota ordez nahi dugunean ikusteko aukera izatea?

Euskal Encodings-ekoek egiten duten lana ez da nolanahikoa. DVD deskatalogatuak nonbaiten erosi edo lortu eta ripeatu, edo DVDak beste hizkuntza batzuetan lortu eta telebistatik edo VHStik grabatutako audioa erantsi... Eta lan hori guztia, guk filmak eta serieak denon diruz ordaindu diren euskarazko bertsioan ikusi eta entzun ahal izan ditzagun... Benetan, Euskal Encodings-ekoek guztion esker ona eta aitortza merezi dute. Ziur egunen baten Euskararen bidegileak bilduman agertuko direla!

Erantzunak

Mikel L.
2008-09-18 : 18:12

Jendeak pentsatuko du horrelako gauzetan ibiltzea ("pirateoa") legez kanpokoa dela. Ba ez da horrela, irabazi asmorik gabe bada filmak nahiz musika elkartrukatzea guztiz legala da.


Uste dut Hego Euskal Herrian hala dela, baina ez dut uste Iparraldean berdin izango denik.

Jakes Larre
2008-09-18 : 19:46

Izan ere hala da: Frantses Estadoko legeek azkarki babesten dituzte autoreen eskubideak eta beraien obren erabilpena... Onerako eta txarrerako.

Erantzun

Sartu