Teknologia albisteak
3

Metaposta: postontzi "unibertsala" EAEn

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2008-09-17 : 08:09

Euskadi Informazio Gizartean Plana 2010: Euskadiko Agenda Digitalaren barnean definitu zen MetaPosta proiektua, pertsona fisiko eta juridikoentzat postontzi elektronikoaren sistema bat garatzea eta zabaltzea. Eta dagoeneko martxan dago Metaposta izeneko aplikazioaren diseinu, garapen eta ezarpenen zerbitzuak gehienez 591.000 eurotan kontratatzeko deialdia SPRI-n.

Duela gutxi onartu zen 2010eko EIGPk (adi .pdf-a) herritar guztientzako Metaposta proiektua definitzen zuen.

Proiektu horren helburua honako hau da: euskal gizartean postontzi elektronikoaren sistema bat garatzea eta zabaltzea pertsona fisiko eta juridikoentzat.

Definizioaren arabera, postontzi horretan enpresak edo erakundeek bidalitako dokumentuak jaso eta gorde ahal izango dituzte herritarrek: fakturak, laburpen bankarioak, frogagiriak, polizak, kontratuak, zitazioak, jakinarazpenak, nominak eta abar.

SPRIk martxan ipini du Metaposta izeneko aplikazioaren diseinu, garapen eta ezarpenen zerbitzuak kontratatzeko deialdia , gehienez 591.000 eurotan, eta laster ipiniko du MetaPosta sistemaren Marketing eta Publizitate zerbitzuak egiteko deialdia.

Baldintza pleguen arabera, bere nahiaren arabera erabiltzaileak euskera, gaztelera edo ingelesa aukeratzea izango du eta funtzionalitate guztiak erabilgarriak izan beharko dira edozein hizkuntzatan.

Oraindik operatibo ez bada ere, www.metaposta.com izango da sistemak erabiliko duen helbidea eta bertatik ailegatuko dira EAEko biztanleek postontzira.

Finantza-erakundeak, enpresa elektrikoak, gas-enpresa, ur-enpresa eta abar, aseguru-entitateak eta Administrazio Publikoak barra-barra bidaltzen dituzten dokumentuak (elektronikoki bidalita) sartzeko balioko omen du Metaposta postontziak, ingurugiroaren mesederako eta gastuak gutxituz.

Aurrerago Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri zuen BiscayTIK ekimenean bizkaitar guztien esku jarriko duela doako postontzia "bizkaia.eu" dominioan, 5 GBko edukiarekin eta administrazioarekin zuzenean harremanetan jartzeko balio izango duena.

Metaposta proiektuak Danimarkako E-BOKS proiektuaren eredua hartu omen du erreferentzia gisa.

Proiektu hau "Nire etxea Interneten" izeneko programaren lehen urratsa izango da, beste zerbitzu batzuk garatzeko ondoren. Adibidez, 2010eko EIGPk dioenaren arabera Euskadiko herritar bakoitzak Interneten orri pertsonal bat edukitzeko aukera izango du.

Etorkizunari begira baliteke zenbait proiektuen ildo jarraitzea. Izan ere, hauek aipatzen dira:

  • Herbehereetako Gobernuaren "Bekendmakingen" (Disclosures) proiektua.
  • Finlandiako "Finnis Address System"
  • Noruegako "Mypage" eta Singapurko "My eCitizen"
  • Australiako "Agosp"

Erantzunak

Txopi
2008-09-17 : 11:40

Deialdia irekia da eta edonork parte hartu dezakeela suposatzen da, baina postontzi elektroniko horiek kudeatzeko sistema jabeduna izango da. Eusko Jaurlaritzak bere estandar teknologikoak ezartzen ditu eta posta elektronikorako, egutegirako, atasentzako eta agendarako Microsoft Exchange sistema bakarrik erabili daiteke. Multimediarako eta dokumentu ofimatikoentzako ere jabedun softwarea (batez ere Microsoft) ezarri du estandar bezala. Informazio gehiagorako ikusi dokumentu honen 54. orrialdea.


Proiektua nahi eta nahi ez jabedun softwarearekin garatu beharraz gain, behin gunea martxan dagoenean, herritarrok Administrazio Publikoarekin sistema irekiak eta benetako estandar internazionalak (Firefox, OpenDocument, etab.) erabiltzeko aukera izango dugun galdetzen diot nire buruari. Sistema normaltasunez erabili ahal izango dugu ala jabedun softwarea erabiltzera behartuak izango gara?

erral
2008-09-17 : 15:20

Eta ezin didate nire e-posta helbidera bidali dokumentazio hori Metaposta horretara sartu beharrik gabe? Ez dut ulertzen...


bat
2008-09-18 : 15:29

Ez al zen hau muga gabeko posta zerbitzua?


Nire ustez, gaur egun proiektu honek izan lezakeen abantaila bakarra nahi adina posta metatzea litzateke. Gainera, era honetan herritarrok disko gogorraren babeskopia bezala erabil genezake. Bestela ez diot zentzurik hartzen..


Erantzun

Sartu