Ezkerreko abertzaleok krisi ekonomikoaren aurrean izenburuko jardunaldiak egingo ditu Aralarrek irailaren 20an, Donostiako Miramar jauregian. Mikel Zurbano EHUko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko irakaslea eta Aralarreko batzorde sozioekonomikoko zuzendaria eta Juan Carlos Longas NUPeko ekonomia departamenduko zuzendaria izango dira hizlariak.
Krisiari beste modu baten aurre egitea posible dela erakusteko asmoz antolatu ditu Aralarrek jardunaldiak gure esku dauden erakundeetatik bestelako politika ekonomikoa egin daitekeela, alor soziala jarduera publikoaren erdigunean jartzen duena, eta bereziki, astindu handiena jasango duten sektore sozialei erantzungo diona. Ez da desiragarria bakarrik, posible da eta hori da erakutsi nahi duguna proposamen zehatzak eginez.
Krisi ekonomikoaren arrazoi eta ondorioak aztertzeaz gainera, batez ere gure erakundeetatik krisi ekonomikoari ematen ari zaion erantzuna aztertuko da jardunaldiotan. Beharrezkoak diren erantzunak eta neurriak eztabaidatu eta proposatzeko tartea egongo da, bereziki gizarteko sektore ahulenari eta langileriaren neurrirako erantzun egokiak biltze aldera. Hari horretara, jardunaldiak irekiak izango dira, eta edozein herritarrek bertan parte-hartzeko aukera dauka. Izen-ematea baino ez da eskatzen.
Hizlari izango den Mikel Zurbanoren ustez, neoliberalismoaren gehiegikeriek eredu ekonomiko honen porrota ekarri du. Bada garaia munduko ezkerreko beste indar batzuekin bat eginez bestelako eredu ekonomiko eta sozialerako trantsizioa sustatzeko. Erakundeak krisi ekonomikoari ematen ari zaizkion erantzuna ez da egokia. Iruñea eta Gasteizko gobernuek eta Madrilgo gobernuak bide ez jasangarrien eta antisozialen bideak hartu dituzte krisi ekonomikoari erantzuteko, eta kasurik onenetan, babes sozialetako eta gizarte zerbitzuak sustatzeko neurriak proposatu dituzte, baina neurri horiek indarrean jartzea ezinezkoa da, politika fiskalean egin dituzten aldaketekin. Jadunaldietan azalduko duenez, Krisi ekonomikoari erantzun aproposa emateko eredua bideratu behar da eta eredu berri horretarako trantsizio bidean jarraitu beharreko oinarrizko ildoak dira: merkatuaren kontrol soziala, zerbitzu publikoen behar bezala hornitua izatea kalitatezkoak izan daitezen, gizarte elkartasuna eta berdintasuna, eta produkzio ereduaren jasangarritasuna.
Jardunaldien egitarau osoa