Eusko Jaurlaritzak eta sustapen-ekonomikorako sortutako bere sozietate publikoak, SPRIk, ekintzaileentzako arrisku-kapital fondo berri bat aurkeztu du gaur Miramongo Parke Teknologikoan egindako ekitaldi batean. Ekintzaile 21 du izena ekimenak. Era berean, Business Angels delakoan sare eta fondo bat ere sortuko dela iragarri dute.
Jardunaldi honetan izan naiz eta hantxe eman dute arrisku kapitaleko fondo berri honen albistea. Bere azken gobernu-bileran onartu zuen fondoaren sorrera Eusko Jaurlaritzak, eta SPRI sozietateak kudeatzen duen Euskal Herriko Arrisku-Kapitalaren Kudeaketa enpresak (euskarazko siglak, AKEKS, baina seguruenik gaztelaniazkoak ezagunagoak, SGECR) kudeatuko du. Bost milioi euro izango ditu hasteko Ekintzaile 21 fondoak, eta 100.000 eta 500.000 euro arteko partizipazioetan aurreikusten dute sartzea ekimen berrietan. Arrisku kapitalean ikusten diren zifretarako, txikiak dira,eta horrek iradokitzen du proiektu berriei edo gazteei lotutakoak izan daitezkeela helburua.
AKEKS-SGECR sozietateko presidente Aitor Cobanerak, bestalde, beste berri bat ere eman du, Business Angel sare bat sortuko dela aurki babes publikoarekin. BAI Euskadi izango du izena sare horrek, eta pertsona indibidualek eratuko dute. Business angel edo negozioen aingeru direlakoek arrisku-kapitalaren bezalako inbertsioak egiten dituzte, baina kopuru murritzagoetan eta indibidualki, ez kudeaketa-fondoen bidez. Teorian hori da kontua. Babes instituzionalarekin eratzen bada sare hau, ez dakit zer esan nahi duen horrek, fondo publikoek aingeruen inbertsioak lagunduko dituzten edo zer. Tira, egingo da publiko bere garaian eta jakingo dugu.
Gaurko hizlari nagusia Juan Jose Ibarretxe lehendakaria izan da. Euskal Herrian "kultura ekintzaile errotua" dagoela esan du, historiara begiratuta, baina gaur egingo bizi-kalitate eta ongizateak pixka bat "moteldu" egin ote gaituen kezkatuta azaldu da. Kezka horren aurrean, aztertu egin behar dela, eta ekimenak martxan jarri, honako hau bezala, esan du lehendakariak.
Beste hizlari interesgarri bat Javier Etxarri izan da, EVCA erakundekoa. Europako arrisku kapitaleko fondoen elkarte bateko idazkari nagusia da. Euskalduna baina atzerrian bizi dena duela 25 urtetik. Euskaraz hasi da, eta desentrenatuta dagoela aitortu ondoren, gaztelaniaz jarraitu du. Europako panorama deskribatu digu, arrisku-kapitalaren merkatua nola dagoen, eta zer politika publiko bultzatu behar diren bere iritziz.
Ekintzaile 21 programaz sarean informazioa bilatzen saiatu naiz, baina ez dut aurkitu. Banatu diguten paperetan, webgune berria izan daitekeena aipatzen zen, EuskadiEmprendedora.net baina hor ere ez dago programa honi buruzko informaziorik. Albisterik ere ez dago oraingoz, beharbada martxan jartzeko gertu egongo da gunea. Atentzioa deitu dit, hori bai, gaztelaniaz ver más dena euskaraz gehiegi ikusi bihurtu dela.
Nonbait, ekimen honen izena zenbaki erromatarrekin da, Ekintzaile XXI, eta ez Ekintzaile 21.
Informazio gehiago hemen