Teknologia albisteak
2

Lehen urtemugan, itxura eta aukera berriak Euskaltuben

Erabiltzailearen aurpegia
Haritz Rodriguez - euskaltube.com
2008-09-09 : 12:09

Euskaltube.com guneak bere lehenengo urtebetetzean oparia egin nahi izan die erabiltzaileei. 2007ko irailaren 3an sortu zen bideoak partekatzeko euskara hutsezko lehenengo webgunea eta, urteurrena ospatzeko, itxura goitik behera eraberritu dute arduradunek, logotipoa ez ezik baita gunearen diseinu osoa ere. Gainera, sistema eguneratzearekin batera aukera berriak ere ahalbidetu dituzte: bideoak aukeratu ondoren bata bestearen atzetik jarraian ikusi ahal izateko zerrenda, fitxategiak deskargatzeko lotura eta audioa sareratzeko txokoa kasu.


Argazkiak.org | Euskaltuberen itxura berria © cc-by-sa: xuriken

 

Administratzaileen esanetan, “salto kualitatiboa eman du Euskaltube.com guneak uda honetan. Izan ere, orain arteko diseinua nahiko oinarrizkoa bazen, orain, diseinatzaile eta teknikari profesionalen laguntzari esker, askoz ere aurkezpen fresko, irisgarri eta dinamikoago du. Irudi korporatiboa ere landuago eta finkatuagoa geratu da, besteak beste”.


Itxuraz gain, beste aldaketa batzuk ere badakartza Euskaltube berriak, ordea. Orain arte bideoak sareratzeko aukera eskaini badu soilik, aurrerantzean erabiltzaileek beren audioak ere gorde ahal izango dituzte webgunean.


Bideoei dagokienean ere badira berrikuntzak. Adibide baterako, Euskaltube.com gunearen lehenengo bertsioak ikusentzunezko fitxategi mota mugatua onartzen zuen. Orain, aukerak zabaldu dituzte eta orotariko bideo fitxategiak sareratu daitezke: mpg, mpeg, avi, divx, mp4, flv, wmv, rm, mov, moov, asf, swf, vob, baita sakelako telefonoek darabilten 3gp motako fitxategiak ere.


 

Bideoak aukeratu, eta guztiak jarraian ikusi

Bideoak partekatzeko orduan, Euskaltube-ren antzerako webguneek orain artean izan duten arazoetako bat ondokoa izan da: Edukiak banan bana aukeratu behar ziren, eta bideo bat ikusi ondoren beste bat bistaratu nahi bazen berriz ere bilaketa egin eta hautatzea beharrezkoa zen.


Bada, webgune berrituan, “playlist” edo bideo zerrendak osatzeko aukera dago. Alegia, erabiltzaileak webgunean barrena nabigatu ahala bideoak zerrenda ezberdinetan gaineratu ahal izango ditu eta, bistaratu nahi dituenak aukeratu ostean, guztiak jarraian erreproduzitzeko aukera izango du. Arduradunen esanetan, “aukera honen bitartez 'a la carta' esaten zaion benetako telebista ikustea posible izango da. Erabiltzaileak nahi hainbat bideo zerrenda jakin bati gehitu ondoren lasai eseri ahal izango du, saguari berriz eragin gabe hautatutako edukiak hurrenkeran ikusteko”.


Orain arteko aukera guztiak mantentzen ditu, halaber, Euskaltube.com guneak. Erabiltzaileek beren bideoak edo beste kideenak blog pertsonaletan txertatzeko “kode enbotatua” deritzaiona dute eskuragarri, baita audioaekin eta bideo zerrendekin ere, esate baterako. Bestalde, joan den urtean gutxinaka egin diren hobekuntzak ere mantendu dira, batez ere programazioaren alorrean.


 

Azkenik, RSS jarioen sistema ere eguneratu dute. Lehen jario bakarrera harpidetzeko aukera zegoen. Orain, aldiz, iturri nagusiaz gain, sistemak kategoria, kanal, talde eta erabiltzaile bakoitzeko RSS iturri berezitua sortzen du. Alegia, nahi duenak erabiltzaile, kanal edo kategoria jakin bateko bideoetara harpidetu ahal izango du.

Hona hemen adibide batzuk: Musika jarioa, Buru erabiltzailearen jarioa, Argia astekariaren kanalaren jarioa.


Administratzailearen aburuz, hobekuntza nabarmen hauek ez ezik beste hainbat aldaketa txiki ere baditu webguneak eta, horregatik, erabiltzaileak animatu ditu beren kabuz froga ditzaten. Gainera, Euskaltuberen blogaren bitartez iritziak eta sor daitezkeen balizko arazoak jakinarazteko deia ere luzatu du.

Erantzunak

Luistxo Fernandez
2008-09-09 : 13:22

Zorionak Haritz. Azkarrago dabilela ere iruditu zait: azpiegituran ere hobekuntzak izan dira alde horretatik?


Urrats ausarta da audioak, mp3 fitxategiak, gorde eta partekatzeko aukera eskaintzea, eta baita hauek zein bideoak deskargarako jartzea.


Interneten ez dago soinuarentzako bene-benetako Youtube bat, askoz jomuga errazagoa direlako eskubideen zelatarientzat, eta auzibideetan korapilatzeko aukera gehiago dutelako. Erabilpen zabala opa diot soinua partekatzeko aukera honi, baina ea ez den buruhausteen sorburu zuretzat, ea ez datorren copyrightaren poliziarik, edo administratzaileok lan horretara behartzen ez zaituzteten.


haritz
2008-09-09 : 14:00

Iepa Luistxo:


Eskerrik asko.


Ikusi dut, bai, eibarnautaren bat erregistratu eta audioak igotzen aritu dela ;)


Egia da, nik ere aurreikusi dut(edo beldur naiz, hobe esanda) zuk aipatu dituzun egile eskubide arazoak izan daitezkeela mp3 fitxategiekin.


Nire gogoaren kontra, litekeena da copyright kontuekin, batez ere audioari dagokionean, nahiko zorrotz ibili behar izatea Euskaltubeko administrazioaren aldetik moderatzerako orduan... Edo, akaso, diskoetxeekin akordioren bat egin beharko audio promozionalak sarera ditzaten? ;) (aurrerapausoa izango litzateke, baita beren hobebeharrez ere). Dena dela, Tom-tom GPSaren euskarazko ahotsekin , arazorik ez, ezta?


Aipatu duzu ez dagoela mp3 fitxategien Youtuberik. Hala ere, eta askok ikusiko zenuten, Youtuben bertan oso modan dago taldeen abestiak sareratzea bueltaka dabilen binilo baten bideoarekin ilustratuta. Mementuz, ez dakit arazorik izan duten, ezta izango ote duten ere.


Nire nahia litzateke, batez ere Euskal Herriko musika taldeei dagokienean, taldeek berek promozio moduan akaso abesti jakin batzuk sareratzea eta, beraz, baimen kontuetan arazorik ez izatea. Jakina, are gehiago gustatuko litzaidake guztiek Kerobiak egin bezala jokatuko balute, disko osoa interneten eskuragarri jarriz. Pentsatzen dut, esaterako, talde iruindarraren azkeneko diskoaren abestiak Euskaltuben entzungai jartzeko ez dela arazorik izanen.


Bestalde, audioa ez da musika bakarrik. Beste hainbat gauza ere igo ditzakete erabiltzaileek.


Bideoen erreproduzioaren abiadurari, edo webgunearen kargari dagokionean, aspaldian ari gara hobekuntzekin jira eta bira. Zerbitzariak berbera izaten jarraitzen du (oraindik). Bideoak ikusteko orduan, sistema berrian katxearen aldaketaren batengatik izan daiteke. Eta konbertsioan aspaldi egin nituen aldaketak, kalitatea jaitsiz (Euskal Herriko ADSL konexioak beste herrialde batzuetakoekin parekatu bitartean behintzat). Horiek izan daitezke arrazoietako batzuk.


Orain aurrerapauso handia eman du Euskaltubek, zentzu askotan gainera, nire iritzi apalean. Hemendik aurrera ere halaxe jarraitzea da nire asmoa.


Ondo izan!


Erantzun

Sartu