Teknologia albisteak
1

Interneten dagoena eta ez dagoena

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2008-09-03 : 11:09

Bideo hau bidali zioten Pako Aristiri, Pasaiako okupatutako etxe baten inguruan. Aipagarria iruditu zitzaion gaia Aristiri, paperera eraman zuen. Bakean bizi artikulua idatzi zuen Hitzerdi patsetan atalean, abuztuko bere eguneroko atalean. Pasaiako alkateak erantzun dio, orain, paperean. Interneten ez dago egia osoa, Pako.

Bakean bizi artikuluan, bestalde, Pako Aristik Interneten eta paperaren inguruan duen ikuspegia ere azaltzen zuen, kasu jakin honetakoaz aparte. Bere buruari ematen dion zeregina ere aipatzen du Aristik, nolabait esateko hurbil egon daitekeena Volgako Batelariek uztailean esaten zutenarekin, sermoilaritzan aritzen dela Aristi, Epistolas a los euskaldunicenses idazten.

Bakean bizi

Bideo bat jaso dut korreo elektronikoan. Egia esan, informazio interesgarri asko iristen da. Presoen egoerari buruzko Etxeraten txostena, AHTren aurkako plataformak bidaltzen dizkidanak, benetan ikaragarria ageri den txikizioaren krokisak barne, azken aldian Eroskiri buruz dabiltzan zurrumurru larriak...

Eskerrak eman nahi dizkiet denei, Internet informazio alternatiboaren uberka interesgarri bilakatzen dutelako desinformazio planifikatuaren aroan.

Bideo bat jaso dut. Susmoa daukat jendeak informazio alternatibo hau nire esku jartzen duela nik, era berean, neure gogoetekin osaturik, jende gehiagok irakurriko duen leku masiboetan koka dezadan, ikus-entzunezko eta paperezko hedabideetan, alegia.

Internetek badauka aura hori askorentzat: ikusezina da, iniziatuen gordeleku, sekretismoaren koba iluna. Honek, gogoetari izateaz at, besteen zerbitzura dagoen interpretatzaile ere bilakatzen nau. Eskerrak eman nahi dizkiet denei.

(...)

Nire ustez, Interneteko informazioan iragazki lanak egiteko, zaila da jasotzaile pasibo bat bazara. Eroskiko mezu guzti horiek neuk ere jaso ditut: aurtengo udako spam ohikoena bihurtu da Eroskiko ustezko politika berrien kontrako salaketa (testu horietarik bi, hemen eta hemen, adibide gisa). Euskal Herrian postontzi bat duen milaka lagunek jaso dute salaketa errepikakor hori. Baina Interneten egotea postontzi bat irekita edukitzea baino gehiago da.

Uste dut Aristi ez dagoela Interneten. Postontzi bat dauka, eta bere epistolak argitaratzen dizkio abuztuetan Berria.info-k, baina ez blog baten eran edo atal egituratu batean. Ez badu Interneten egon nahi, ez da ezer gertatzen, baina beharbada komunikazioa norabide bakarreko gezi gisa ulertzen jarraituko du:

  • internautak --> Aristi interpretatzailea --> paperera Berriaren bidez

Internetek askorentzat omen duen aura horri buruz (ikusezina, iniziatuen gordeleku...) zer esan? Interneten ez dagoenarentzat izango da Internet ikusezina. Internet oso gauza bisiblea dela uste dut nik. Gauza bisible ugari dago sarean: okupa horien bertsioa, adibidez. Pako Aristi bera, berriz, inbisiblea da Interneten. Baina berak nahi duelako bakarrik. (ANVren bertsioek sarean izan dezaketen bisibilitatea, tamalez, debeku eta errepresioaren faktoreek baldintzatzen dute, ez da horrenbeste haien borondatearen kontua)

Pasaiako alkateak gogoratzen dio Pakori: Internet informazio alternatiboa omen, desinformazio planifikatuaren aroan. Dena ez da urre, ordea. Informazio alternatiboaren itsasoan, desentrenatu samarra dago Aristi, seguruenik. Esan dudan bezala, Aristik ez badu Interneten egon nahi, ez da ezer gertatzen, baina bere interpretatzaile funtzioan eta idazkera finean sinesten duten irakurle ugariek gehiago merezi dute, agian.

Nik neuk maite ditut Pakoren sermoiak. Izatez, sermoi gehiago nahi nuke. Eta erantzunak uzteko aukerarekin balego, hainbat hobe.

Erantzunak

azpi
2008-09-04 : 11:57

Niri ere gustatzen zaizkit Aristiren 'sermoiak', pozik irakurtzen ditut, artikulu zein liburuak. Dezente publikatzen du, gainera, Berrian eta beste toki batzutan. Ezin denak jarraitu!



Batez ere irakurri gabe pasa zaidan artikuluren baten berri izaten dudanean akordatzen naiz "jode, bere webgune bat balu, blog sinple bat besterik ez, han eta hemen idazten dituenak rekopilatzeko sikiera, eta igoal han gehiago idazteko, nork daki"



Bere aukera da, noski. Baina, apustu egingo nuke, azkenean, Aristik ere izango duela bere txokoa sarean. Ikusiko.

Erantzun

Sartu