Identitate euskalduna eta aniztasun berriak, aste honetan izan den uda-ikastaro bat printzak dira horiek (hona programa, hona egun bateko kronika bat). Hizlari batek, Juan Kruz Lakastak, Identitate post-euskaldunak mahainguruan bota zuena bidali digu. Irakurri baino gehiago, kontatu egin zuen, eta hortaz, testuan baino aberatsagoa suertatu zen izatez. Baina idatziak badu interesa bere horretan, eta osorik dakarkigu.
Mahainguru honetarako molde teorikoko, jite akademikoko mintzaldia prestatzen hasi nintzen: gauza serioa, burutsua. Egiaren aitortzeko, lan nekeza, astuna suertatzen ari zitzaidan eta, halako batean, Xabier Aierdi maisu handiak Leioan irakasle izan nuelarik esan zidan zerbaitekin akordatu nintzen: Ideia onak dituzu, eta garagardo bat eskuartean duzula ederki azaltzen dituzu, baina alferregia zara akademikoki maila bereko gauzak egiteko.
Beraz, ordura arte tonu pedante xamarrean prestaturikoak bazterrean utzirik, gaurko zerbaitere biziagoa, informalagoa sortzeari ekin nion.
Kazetari bezala euskal nortasun posmodernoez, identitate post-euskaldunez mintzatzeko deitu gaituzte.
Eta, hori horrela, bildumatxo bat osatu dut, azkenaldian neure kazetari jardunean neure euskal nortasun posmoderno propioaz zer pentsa eman didaten pasadizoekin.
Batzuk Berrian, Argian, Euskadi Irratian aipatu ditut jada. Beste batzuk ez.
Edonola ere, nago gogoetatxook akuilu moduan balio dezaketela euskal nortasunaz, euskal kazetaritzaz, euskal kulturgintzaz eta haien baliokide erdarazkoez mintzatzeko, egiten dugunaz eta egin beharko genukeenaz hitz egiteko, tabu batzuk-batzuk apurtuz, edo, gutxienez, tabu batzuk ukituz. Beraz, besterik gabe, nire nolabaiteko striptease identitario honekin hasiko naiz.
Euskalerria Irratian, seme-alabei jaio zirenetik euskaraz egiten dieten ama euskaldun-berri batzuei elkarrizketa egin diet. Saria eman diete, hain zuzen ere horixe egiteagatik. Nekeza ote zaion galdetu diot haietako bati. Bere erantzuna entzungarria izan da: Ateratsen sait natural. Es dut egin behar esfuerzo beresia.
Hori entzunda, Alberto Barandiaranen Mundu txikia liburuko ipuin itzel bezain aztoragarri batekin oroitu naiz. Aita euskaldun berriak euskaraz egiten dion haurraren istorioa kontatzen du. Umeak ez du batere gogoko aitak erabili ohi duen hizkuntz zurrun, idor, hotza. Eta ikaragarri maite du, aldiz, aitak gutxitan darabilen beste hizkuntz jostari, xamur, bero hori.
Gaztelera da nire ama hizkuntza. Eta alabari euskaraz egiten diot. Ez naiz ausartzen neure buruari galdetzera ea ez ote litzatekeen naturalagoa izanen gazteleraz egitea. Nire tabuetako bat da.
Matrikulazioaren inguruko prentsaurreko batean izan naiz. Euskarazko irakaskuntzaren aldeko eragile guztiak alai eta kontent azaldu dira beste behin ere Nafarroan D ereduak koska bat gora egin duelako. Kalitatezko hezkuntza eskaintzearen garrantziaz mintzatu dira. Baita ikasle etorkinak erakartzeko ahalegin bereziaz ere.
Agerraldia amaitu eta grabagailuak itzali direlarik, eragileotako bat kezkaturik mintzatu zait: irakaskuntza publikoan, apenas matrikulatzen den etorkinik euskarazko ereduan. Eta horixe da D ereduak gora egitearen arrazoietako bat: euskararekiko atxikimendu berezirik ez duten hainbat gurasok D ereduaren aldeko apustua egiten dute, haien seme alabak ez daitezen egon etorkin ugariko gela konfliktiboetan. D eredua ez da beti eredugarria.
D ereduko haur batzuk Euskalerria Irratira bisitan etorri dira. Mikrofonoaren aurrean euskaraz hitz egiten hasi aurretik, haien artean euskañolez mintzatu dira. Azpidialektoa zehazki euskañol akademikoa zen: Qué palo, esta tarde tengo que acabar el txosten sobre aldaketa klimatikoa de Ingurumena y hacer las erro karratus de matematika.
Hizkuntza bizia gaztelera da. Hizkuntza zurruna, euskara. Euskarak jada ez du urtetan debekatua izandako hizkuntzaren xarma, baizik eta inposaturiko hizkuntzaren zama. Eta hori nekez konponduko dugu D eredua eredu bakar bilakatuz. Nekez konponduko dugu ezer Tuteran esanez D eredua eredu bakar bilakatu nahi dugula.
Euskadi Irratiko prentsa irakurketa prestatzen, Irati Jimenezek Berrian argitaraturiko zutabe itzel batekin egin dut topo. Euskara zikina aldarrikatzen du: ustelkeria, tele-zaborra, pornografia euskaraz. Bat nator: horixe da euskarak behar duena.
Arazo bakarra dago. Aurki, norbaitek Euskara Zikinaren Manifestua sortuko du, betikoek sinatuko dutena, eta betiko hedabideek zabalduko dutena. Gero, euskalgintzako talderen bati Euskara Zikinaren Eguna antolatzea bururatuko zaio: bospasei gunedun ibilbidea, Muguruzaren kontzertua, Pirritx eta Porrotxen emanaldia... Eta, azkenik, teknokrataren batek, sailburuordetzaren batean, Euskara Zikinaren Plan Estrategikoa prestatuko du. Eta orduan akabo, ordurako euskara zikina guztiz garbia izanen da.
Duela ez asko, gizarte gaien inguruko gaztelerazko solasaldi batean parte hartzen hasi nintzen Radio Euskadin. Ordutik, senide, lagun, ezagun erdaldun andanak guztiz harriturik esan dit irratian entzun nauela. Bakoitzak bere eufemismoa erabili du, baina oso argi dago azken batean zer esan didaten: Kontxo! Egia da! Kazetaria zara! Euskaraz aritzen zinela esaten zenuenean ez genuen erabat sinesten.
Erdaldunei euskaraz ez jakiteagatik zer galtzen duten ikusarazi nahi diegu, baina ez dunk erraza, konpai: haientzako ikusiezinak gara, eta, Santo Tomasek bezala, haiek ikusten, ukitzen dutena besterik ez dute sinisten.
Euskalerria Irratian Osasunaren partiden kontakizuna egiten dut. Futbola gustatzen zait. Haatik, Cuatro telebista kateko eguerdiko tertulia politikoan Maria Antonia Iglesias Espainiako futbol selekzioaren bufandarekin ikusi dut, esanez pena dela guztia politizatzen duten horiek ez gozatzea espainiar guztien festaz. Eta gaineratuz horiek gutxi direla, Euskal Autonomia Erkidegoan Luis Aragonesen taldearen norgehiagoken ikusle kopurua Espainiako batez bestekoa baino altuagoa izan delako. Eta une horretan, Espainiako selekzioa, Eurokopa, Futbola bera gorrotatu dut.
Haatik, gau horretan bertan, Espainiako selekzioak gola sartu duelarik, neure burua pozik sumatu dut. Harritu naiz. Euskal Herri posmodernoko nazio nortasun anitz eta malguen ondorioa izanen da. Portzierto, Iglesiasek dioena gezurra da: ikusle tasa EAEn Espainiako batez bestekoa baino bederatzi puntu txikiagoa izan da.
Jaungoikoaren bideak ezin asmatuzkoak dira, eta Sanferminen bidezidorrak ezin sinistekoak: Georgie Dannen kontzertuan izan naiz. Eta aitortuko dut ez dela kazetari lanetan izan, baizik eta neure kaxa. Eta han, jatorri latinoamerikarreko etorkin bat dantzan ikusi dut, buruan Gora Euskadi lelodun txanoa daramala.
Lagunak esan dit hori munduaren amaiera dela: musikari frantziar bat musika espainiar zoldazua jotzen, eta etorkin latinoamerikar bat dantzan, zer eta Gora Euskadi dioen txanoarekin.
Niri, aldiz, munduaren hasiera iruditu zait. Guk etorkinekiko dugun enpatia eta elkartasun falta edukita, miraria iruditzen zait haiek gurekiko aski enpatia sentitzea, Gora Euskadi dioen txanoa janzteko.
Nafarroa askatasunaren alde plataformaren ekitaldi bat aurkeztu dut. Nafarroa Baiko zein ezker abertzaleko hainbat kidek eta zenbait independentek legez kanporatzeen, ilegalizazioen aurka osaturiko talde bat da. Halako batean, grafitero txima luze ikaragarri moderno batzuek murala egin dute.
Euskaltzaleak, sindikalistak, feministak, ekologistak margotu dituzte. Eta haien guztien buru moduan, Antso Handia, ezpata, ezkutu, koro eta guzti, Kapitan Trueno bailitzan. Euskal nortasuna posmodernitatera egokitu behar dugun honetan, nor eta Erdi Aroko errege absolutu bat jartzen dugu jarraitu beharreko eredutzat. Hitz joko erraza eginez, esanen dut akats historikoa iruditzen zaidala.
Bernardo Atxagari elkarrizketa egin diot Euskalerria Irratian. Gauza asko esan dit. Baina gehien errepikatu duena izan da nekaturik dagoela. Euskalduna izatea nekagarri zaiola. Eta idazle euskalduna izatea, are nekagarriagoa. Nolanahi ere, jarraian Nafarroara etortzeak berpizten duela gaineratu du. Biziberritu egiten duela non eta Iruñean norbaitek euskaraz elkarrizketa egiteak.
Inoiz baino nekatuago sentitu naiz kazetari euskalduna izateaz. Zehazki, kazetari euskaldun nafarra izateaz. Eta ez dakit nekaturik sentitzen garelarik nora joan behar dugun Nafarroako euskaldunok biziberritzeko.
Ruper Ordorika handia entzun dut Barañaingo Auditoriumean, Euskalerria Irratikook antolaturiko kontzertuan. Abestietako batean Atxagaren bidetik jo du: Inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den, hobe nuela hautatzea munduko hiritar izatea. Munduko herritarrak Askoz jota berrehun lagun hurbildu gara Auditoriumera, eta haietatik 199 euskaldunak gara.
Munduko herritar sentitzen diren iruindar erdaldun askori Ruper nor den galdetuko bagenie, ile-apaintzaile friki samarra dela erantzunen ligukete. Behin Zaragozatik etorritako lagun batekin edukitako solasaldiaz oroitu naiz. Hark esan zigun ez zekiela zergatik tematzen ginen euskaldun izate horrekin. Berak nahiago zuela munduko herritar izan. Eta guk erantzun genion guk ere munduko herritar izan nahi genuela, munduko herritar euskaldunak.
Honaino nire striptease identitarioa.
Juan Kruz Lakasta
"Aita-hizkuntza" dala eta, beste behin gogoratu naz "andra zuri jakintsu" horietako batek behin botatakoa: Azpimarratzen eban zelan gaur egun batzuk nahiago dogun traketsago ibili baina euskaraz egitea, "sakrifizio" berba erabili ebala uste dot, belaunaldi bateko multzo bat sakrifikatzen gabilzala (seme-alaben alde, aberriaren alde,...) euskaraz egiten eta ez gazteleraz, gutariko batzuen "ama-hizkuntza" naturalagoa. Andra zuri jakintsuari esperpentikoa iruditzen jakon hau egitea, baina neuri ederra iruditzen jat. Neure kasuan sakrifiziotzat ez dot ikusten, herren bai baina pozik be ibiltzen bainaz.
Nire eginbeharrei bost minutu kendu dizkiet Juan Kruzen gogoetei erreparatzeko. Guztiok hurrengo bost minutuak gai honi buruzko gogoetei eskainiz gero, eginbeharrei 10 minutu kentzea mereziko lukeelakoan nago...