Elhuyar Fundazioaren hizkuntza-zerbitzuak on line
Elhuyarrek eskaintzen dituen zenbait zerbitzu eskuratu ahal izango ditu erabiltzaileak www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak web gune berriaren bidez, besteak beste, hauek: hiztegi-kontsulta eleaniztuna, hiztegien plugin-ak deskargatu, telefono mugikorrerako euskara-gaztelaniazko hiztegi murriztua eskuratu, hizkuntza-kontsultak egin Erabiltzaileek parte hartzeko modua ere izango dute, Hizkuntza Zerbitzuen blog-aren bitartez.
Josu Aztiria Elhuyar Fundazioko Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduradunak adierazi duenez, helburua da hizkuntzalari profesionalentzat zein gizartearentzat, oro har, web gune bakar batean biltzea Elhuyarrek eskaintzen dituen hizkuntza-baliabideak eta tresnak. Baliabide eta tresna horiek, gainera, Elhuyarren hogeita hamasei urteko ibilbide profesionalaren fruitu dira, bai eta hogeita hamabost lagunek osatzen duten lantaldearen lanaren isla ere.
Elhuyar Fundazioko I+G+B sailean egiten diren ikerketek ere leku berezia izango dute web gunean. Martxan jarritako ikerketa-ildo eta proiektuen informazioa emango du web guneak, eta argitaratutako artikulu guztiak kontsultagai jarri dira. Horrez gain, ikerketa-proiektuen emaitza diren baliabide eta tresnetara sarbide zuzena egongo da atari honetan:
- Zientzia eta Teknologiaren Corpusa berriki handitu da, eta kontsulta-aukera zabalagoa eskaintzen du
- CorpEus Internet euskarazko corpus gisa kontsultatu eta ustiatzeko tresna.
- OpenTrad kode irekiko itzultzaile automatikoa
- Elebila euskarazko bilatzailea
Laster, gainera, lexiko- eta terminologia-erauzketarako web zerbitzu bat jarriko da martxan: ItzulTerm.
Azkenik, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak aurreratu duenez, Elhuyar Fundazioaren web gune korporatibo berri bat jarriko du Elhuyarrek urte honetan bertan, eta, han, Elhuyar Fundazioaren beste ardatza den Zientziaren Komunikazioaren jarduna ere sareratuko da. Horixe baita, hizkuntzaren normalizazioaz gain, Elhuyar Fundazioaren xedea.
Proiektu hau Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diru lagundu du, eta web gunean eskaintzen diren hainbat baliabide eta tresnak ere diruz lagundu izan ditu.
Erantzunak kargatzen...