Sustatu logoa Teknologia albisteak

Lekeitioko kale antzerkia 2008: balorapena

XUT - XUT KULTUR ELKARTEA
2008-07-18 09:07

Errusiako MR PEJO’S WANDERING DOLLS taldeak zirku dekadentearen duintasuna berreskuratu zuen.

Alemaniako BANGDITOS taldeak suhiltzaileen ura erabili zuen aurreneko gaua emozio zipriztinaz bustitzeko. Algara eta ikara artean hiru aktoreak sua ezin amata dabiltza ikuskizunean.

Sua ere HANNA BI talde frantziarrak ekarri zuen. Herensuge ikaragarriaren arma zen. Animazio kalejira erraldoiak Lekeitioko herria hankaz gora jarri zuen tximino txilio artean.

Hala ere, txikia ere miresten dugu. Quebecetik etorri ziren LES SAGES FOUS itsas ondoko animaliak panpinen bidez erakusteko. Hau edertasuna! Hau magia! Quebeceko aktore hauek panpinagintzaren maisuak baitira. Bi urpekarien eskutik kalean irudi poetikoek ere indarra dutela jakin genuen.

Beste aldetik, Portugalen genuen abangoardiaren hitzordua. TEATRO DO MAR taldeak ikus-entzunezko bitarteen eta aktoreen mugimenduen bidez lan minimalista oso ikusgarria plazaratu zuen. Joera berritzaileak Lekeitioko plaza hartu zuen, denon harridurarako.

Eta une batean ezinezkoa posiblea dela erakutsi nahi izan zuen EFS talde kataluniarrak. Lau lurperatzailek zerraldo eta guzti, bidaia kaotiko bat prestatu zuten irlara abiatzeko itsas uretatik zehar. Ez zuten lortu. Absurdoa zen. Baina absurdoan oinarritzen dira sormen lana hauek. Horietako aktore batek La Fura dels Baus taldean ondo aztertu omen zuen antzerki absurdoaren bidea. Nahiko absurdoa ere bada herrialde aberatsok hegoaldeko jendeari jarri diogun hesia.

Horren gaineko salaketa zuzena CAL Y CANTO Castillako taldeak kaleratu zuen. Talde gazte honen estreinaldiak jaialdia itxi eta hausnarketari leihoa zabaldu zion.


Argazkiak.org | Lekeitio, kale antzerki jaialdia 2008 © cc-by-sa: kutlurxut

Estrasburgotik heldu zen Ulik (argazkian). Europako clown garaikideen familiakoa. Furgonetan hainbat tramankulu harrigarri ekarri eta aho bete hortz utzi gintuen. ULIK giza-kohetea zen eta Lekeitioko errepidean zehar ibili zen hegazkinen motorren zarata ateratzen zuen tramankulu harrigarri baten laguntzaz. Umoretik haratago Ulik-ek erakutsi zuen kale-artearen askatasuna noraino hel daitekeen. Bere etxeko tramankulu harrigarrien laborategian irudimena sortarazten du. 19 edizio plazaratu dugun arren harritzeko aukera eta bidea berritzen da urtero.

Euskal Herrikoak

Gure antzerkigintzan MARKELIÑE nabarmendu zen. Bikote baten arazo sexualei buruzko ikuskizuna zeruraino heldu zen. Estetika landua eta irudi sormen ikaragarria. Horrelakoa da nazioarteko mailan ibiltzen den talde honen lan eredua.

Zuberoako AMAREN ALABEN bozek eta mugimenduek atea zabaldu zuten aurtengo eremu miresgarrian.

TRAPU ZAHARRA taldearen giza kritikak urtero du jomuga berria. Oraingoan funtzionarioak ziren antzezlanaren dardoen xedea.

GANSOK, berriz, zirkuaren mundura eraman gintuen berriro ere. Pertsonaia nola defendatzen den erakusten duen aktorea da.

Eta aktore bakarrekoa ere IÑAKI MATAREN lan xumea. Zuzen zuzenean nola aritu ikuslearekin erakutsi zigun tramankulu harrigarri baten bidez. Zein zen aktorea, zein panpina? Duda eta kezka horretan datza kale arteen misterioetako bat.

Mirakulua gertatu zen. Euriak ez du zapuztu inolako emanaldirik. Den dena plazaratu da duintasun osoz eta esan bezala sekula baino ikusle kopuru handia antzeman dugu. 35.000 ikuslek hartu dute parte 22 emanaldietan.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu