Teknologia albisteak
1

Euskararen noranahikotasuna zalantzan

Erabiltzailearen aurpegia
Barandiaran - -
2008-07-04 : 13:07

Euskara 21 ekimeneko Oinarrizko Txostenean esaten den zerbaiti heldu asmoz natorkizue. Txostenean zera esaten da: “poetak aipatu zuen harako euskara noranahiko hura biziberritu egin da urteotan, eta are noranahikoago izatera iritsi da, ezbairik gabe”. Euskara maite badugu ez da, hain justu, noranahikoa delako, etxean bezala sentiarazten gaituelako baizik

Lizardik noranahikoa nahi zuen euskara, eta, urteekin, egia da euskara ideia horretara hurbiltzen hasi dela. Orain, etxetik eta meza-zulotik beste leku askotara zabaldu da euskara: komunikabideak, unibertsitatea, administrazioa… Duela gutxi ikusi dut ere menuak euskaratzeko tresna bat sortu duela Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Ez dut esango gaizki dagoenik, baina zalantzak pizten dizkit noranahikotasun horrek.

Nolabaiteko fartsa bat baitago horren atzetik. Izan ere, eremu asko egon badaude euskaraz, baina beste gauza bat da erabilera. Eremu askotara heldu gara, baina azaletik. Eta, aldiz, lehen euskarak berezko zituen eremuak galduz goaz pixkana; bereziki, kalea. Hori, hizkuntzaren bizitasuna ez aipatzearren; azken batean, euskara bateratzeak zurrundu egin ditu belaunaldi berriak freskotasun aldetik, eta denok berdin hitz egiten dugu kalean edo bulegoan.

Bestalde, sentsazioa daukat diru eta ahalegin handiak bideratu direla euskararen presentzia noranahiko hori bermatzera, baina horretan geratu da, presentzia hutsean. Erabilerak kale egin du. Eta erabilerarik gabe, akabo. Horregatik, eta etorkizun global eta eleanitzari erreparatuz, nago ez ote den antzua izan ahalegin guztia. Agian, hobe zuen euskarak noranahiko ez eta etxeko izaten jarraitzea. Izaten jarraituko badu.

Zein da, bada, euskararen bertutea munduari begira? Ezin da lehiakorra izan ingelesa, gaztelera edota txinerarekin. Beraz, zein da euskaraz eskain dezakeen berezitasuna? Buelta eman behar zaio diskurtsoari: euskara maite badugu ez da, hain justu, noranahikoa delako, etxean bezala sentiarazten gaituelako baizik. Txillidak Pío Barojari eskainitako hitz batzuk ekarri nahi nituzke akordura: Querido Pío, ciudadano del mundo desde la montaña.

Euskara da gure mendia, baina ez munduko hiritar egingo gaituena. Horrexegatik maite dut nik, behintzat euskara.

Erantzunak

haritz
2008-07-04 : 14:22

Informazio gehigarri bezala:


Euskara 21 planaren aurkezpen bideoa sareratu dute euskalTuben.


Bestalde, bloga ere abiatu dute.


Erantzun

Sartu