Sustatu logoa Teknologia albisteak

Kontsumitzaileon hizkuntza eskubideen dekretua

Sustatu
2008-07-02 18:07
Dekretuaren baitako enpresa eta establezimenduak

Dekretuaren baitako enpresa eta establezimenduak

Ondorengo hauek dira dekretuan jasotako arauak bete beharko dituztenak:

  • Erakunde publikoak, zerbitzua edo produktuak zuzenbide pribatuko araubidearen arabera ematen dituztenean.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, legez unibertsalak, interes orokorrekoak edo antzeko beste kategoria batekoak diren zerbitzuak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoak:

  • Komunikazio-sareak ustiatzen dituzten komunikazio-operadoreak, zerbitzu unibertsala ematen dutenak, eta jendearentzako telefono-zerbitzuak ematen dituztenak.
  • Bidaiarien trenbideko edo errepideko garraio publiko erregularreko zerbitzuak ematen dituzten enpresak.
  • Bidaiarien aire-garraioko zerbitzu erregularrak ematen dituzten enpresak, eta aireportuetan errepide asistentzia zerbitzuak ematen dituztenak.
  • Energia elektriko zerbitzua ematen duten banaketa-enpresak..
  • Gas naturala merkaturatzen duten enpresak.

Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden jendeari begirako, produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko establezimenduek, baldin eta honako baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

  • 250 langiletik gora dituzten enpresetakoak diren establezimenduak izatea, betiere urtean 50 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena badute, edo haien urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa bada, edo aurreko baldintza horiek betetzen dituen beste enpresaren batek haien kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiagoko partaidetza baldin badu.

-Jendeari salmentak egiteko gunearen azalera 400 metrotik gorakoa duten establezimenduak izatea, elebidunen proportzioa % 33 baino handiagoa duten udalerrietan edo Bilbon, Gasteizen edo Donostian kokatuta badaude.

  • Bezeroarentzako arreta ematen duten plantillako langileak 15 baino gehiago dituzten establezimenduak izatea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan jendeari begirako establezimendua duten kreditu-erakundeak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak saldu edo alokatzen dituzten profesional, enpresa edo eraikuntza-obren sustatzaileak.
  • Dekretuaren baitan dauden enpresa guztiak Euskadin saltoki edo establezimenduren bat dutenak eta hemen jarduten edo operatzen dutenak dira. Jardun esaten dugunean jarduera elektronikoa ere kontuan hartzen da.

Dekretuak ezartzen dituen betebeharrak

Idatzizko informazioa ematerakoan, euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko dira:

  • Seinaleztapen guztia
  • Errotuluak eta kartelak
  • Inprimakiak eta katalogoak
  • Kontratuak eta baldintza orokorren agiriak
  • Komunikazioak eta jakinarazpenak, nola baita ere fakturak aurrekontuak, eta abar.

Ahozko informazioa eta publikoari zuzeneko arreta eskaintzerakoan:

  • Megafonia bidezko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko da.
  • Ahozko informazioa eta aholkularitza euskaraz eta gaztelaniaz emateko gai izan beharko dute enpresa eta establezimenduek.
  • Ahozko informazioa esaten denean, bitarteko telefoniko eta elektronikoen bidez ematen den informazioa ere esan nahi da.

Arauak betetzeko epeak ere ezberdinak dira eskakizunen eta sektore batetik bestera: urtebeteko epea ematen zaie batzuei, bi, hiru eta lau urtekoa beste batzuei (eskakizun zailagoak dituztenei).

Betebehar hauek ez betetzeak kontsumo arloko arau haustea suposatzen du, eta 2003ko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Legeko 50. artikuluan aurreikusitako zehapenak ezartzea lekarke berarekin. Nolanahi ere, helburua ez da zehapenetara jotzea, Dekretua inor behartzen ibili beharrik gabe betetzen saiatzea baizik.

Hizkuntz Konpromisoaren Zigilua

Aurrekoaz gainera, Dekretuak bestelako berrikuntzarik ere badakar. Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua sortuko da, oso-osorik dekretu honi lotua. Dekretua betetzen duten entitateek, Dekretuak aurreikusitako Hizkuntz Konpromisoaren Zigilua eskuratu eta baliatu ahal izango dute, haien konpromisoaren eta dekretu betetzearen adierazgarri. Hizkuntz Konpromisoaren Zigilu hau Bikain euskararen kalitate ziurtagiriaren sisteman txertatuko da, eta ezaugarri propioak izango ditu (izena, irudi korporatiboa, eta abar). Hizkuntza Politikaren ardura duen sailak emango du Zigilua, baita, kasua balitz, kendu ere. Zigilua eskuratzen dutenek euren publizitatean erabili ahal izango dute.

Diru-laguntza deialdia

Honek guztionek ahalegin bat eskatzen du. Ahalegina egitea dagokie enpresa eta establezimendu askori. Ez gara zehapenen bidearen aldeko, ez ditugu zehapenak gogoko. Askoz gehiago sinesten dugu pertsuasioaren eta konbikzioaren indarrean, zehapenaren indarrean baino. Euskal gizarteak, hemen diharduten enpresetako eta establezimenduetako gizon-emakumeek hala nahi duten eta ahal duten neurrian bermatuko dira benetan kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak. Horrexegatik, hau guztion egitekoa delako, Dekretuak ezarritako betebeharrak betetzerakoan bidelagun izango gaituzte enpresek eta establezimenduek. Horregatik jarri dira arauak betetzeko lau urte arteko epeak. Eta horrexegatik egingo dugu diru-laguntza deialdi berezia.

Ahalegin hau arintzen lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Iragarpen bat egitera noakizue. Datozen asteetan, enpresei eta establezimenduei Dekretuak aurreikusitakoak betetzen laguntzeko 600.000 eurotako laguntza deialdia egingo du Eusko Jaurlaritzak. Laguntza deialdi honetatik eskura litezkeen diru baliabideak bestelako laguntza deialdietan lortutakoekin bateragarriak izango dira, eremu sozio laboralean euskararen indarberritzea bultzatzera datorren Lan Hitz deialdian eskuratutakoekin eta aste honen hasieran aurkeztutakoekin.

Urtero egin nahi den laguntza deialdi honek Dekretuak zehaztutakoak betetzen joan daitezen aurreikusitako lau urteko epea iraungo du, gutxienez.

Dekretuaren zutabe nagusiak

Dekretuaren zutabe nagusiak laburbiltzekotan, beraz, honelaxe egingo genuke:

  • Kontsumitzaileari informazioa bi hizkuntza ofizialetan emango zaiola bermatu egin behar da.
  • Kontsumitzaile eta erabiltzaileei ematen zaien informazioaren hizkuntz kalitatea zaindu egin behar da.
  • Kontsumoaren eta hizkuntza normatibizazioaren arloan konpetentzia duten erakundeekin lankidetzan jardun dugu eta jardungo dugu etorkizunean ere.
  • Progresibotasuna eta malgutasuna.
  • Hizkuntz Konpromisoaren Zigilua jarriko da enpresa eta saltokien esku.
  • Era askotako laguntzak, nahiz dirulaguntzak hala bestelakoak, emango dira dekretuan jasotako eginbeharrak betetzen laguntzeko.

Zertan datza progresibotasuna?

Hiru bidetatik bermatzen dira progresibotasuna eta malgutasuna:

  1. Enpresa eta saltokien tipologia. Merkataritza-establezimendu txikiak eta enpresa txiki guztiak dekretu honetako betebeharretatik kanpora geratzen dira. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko estrategikotzat jotzen ditugun eta kontsumo jarduera burutzerakoan harremana herritar askorekin duten enpresa eta establezimenduak geratzen dira dekretuaren eraginpean.
  2. Enpresa eta establezimenduen kokaguneko errealitate soziolinguistikoa.
  3. Dekretuko betebeharrak betetzeko epe ezberdinak ematen dira, urtebetetik lau urtera bitarteko epeak, betebeharraren eta enpresa- motaren arabera.

Nola erredaktatu den dekretua

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako bi sailek elkarrekin bultzatu eta lideratu dugu: Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordetzak (Industria saila) eta Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak (Kultura saila).

Bestetik, audientzia epe zabala eduki du: guztira 37 elkartek izan du bere ikuspuntua azaltzeko aukera. Horrez gain, audientzia garaian, sektoreko hainbat elkarte errepresentatiborekin batzarrak ere izan ditugu. Audientzia garaian honako elkarte hauei eman zaie, 37 elkarteren artean, iradokizunak eta alegazioak aurkezteko aukera:

  • Confebask
  • ELA, CCOO, LAB eta UGT
  • Euskaltzaindia
  • Euskal Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea
  • EUDEL
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganbarak.
  • EKE (Euskadiko Kontsumitzaileen Federazioa).
  • Euskadi, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak.
  • Bidai Agentzien Federazioa (BIDEA) eta Elkartea (ADEAVE).
  • Gasteiz, Bilbo eta Donostiako Merkataritza Elkarteak
  • ANGED (Asociación Nacional de Grandes Empresas de Distribución).
  • ASUPE (Asociación de Supermercados de Euskadi)
  • UCE eta EKA-OCUV Kontsumitzaileen Elkarteak.

Iradokizun eta alegazio guztiak ez, noski, baina asko eta asko aintzakotzat hartu ditugu. Ez da, beraz, laborategi batean egindako dekretua: asko hausnartu ondoren, iritzi asko entzun ondoren, asko elkarrizketatu ondoren onarturiko dekretua da. Eta hala behar du: hizkuntza politika arrakastatsua egingo bada, oinak lurrean direla, urratsez urrats, gizartearen egoera eta hizkuntza atxikimendua oso aintzakotzat hartuta egingo baita. Gizartearen ahalmen eta borondateen arabera bakarrik asumitu baititzakegu ezinbestez asumitu behar diren deserosotasunak eta ahaleginak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu