Erakusketa honetan, defentsarako nahiz erasorako balio zuten bunkerren, hau da, hormigoizko lan erraldoien, eraikuntza prozesu eta tipologiei buruzko material grafiko eta dokumental ezezaguna dago ikusgai. Hendaia inguruko gotorlekuetan bisita gidatuak eskainiko dira
Pedagogikoki zeharo interesgarria den Bunker Arkeologia: Atlantikoko horma erakusketa, artxibo nazional eta internazionalen ikerketen emaitza da, denboran iraun duten hormigoizko bloke konpaktu hauen itxura arkitektonikoa ezagutzera ematen duena.
Azaroaren 2 arte ikusgai izango den erakusketa honen komisarioa, Ramon Barea historialaria da. Ramon Bareak inaugurazio ekitaldian parte hartu du, guda eraikuntza hauei buruzko hitzaldia eskainiz. Inaugurazio ekitaldian, Financiera y Minera-Cementos Rezolako Ohorezko Lehendakaria, Jose Maria Echarri, Museoko Zuzendaria, Antonio Nolasko, eta Mixel Esteban, Miarritzeko Udaletxeko Zinegotzia ere partaide izan dira.
Erakusketaren ildora, Mixel Estebanek, Regards sur la Seconde Guerre Mondial en Pays Basque" (Begiratu bat Bigarren Gerra Mundialari Euskal Herrian) liburuaren idazleak, inaugurazioan hitzaldi bat eskaini du, Euskaldunak eta Atlantikoko Horma izenburupean.
Erakusketaz gain, Hendaiako bunkerretara, Norvegiatik Bidasoaraino doan Atlantikoko Hormaren gune esanguratsura, hain zuen, bisita gidatuak ere eskainiko dira.
Gotortutako 4.000 kilometro baino gehiago dituen lerro hau, hormigoizko 12.000 eraikuntzez osatua dago. Horietatik 600 eredu ezberdinetakoak, bakoitza funtzio militar bereziarekin, tokiko orografiara eta kokaleku estrategikoetara egokitua. Hendaiako gunea ahal zen gehien, 150 bunker baino gehiagorekin, indartu zen, Norvegiako ipar lurmuturrean jaio zen hormaren kostako defentsa puntu trinkoena izanik.
Todt erakundeari esker, Atlantikoko Horma lan bikain bat da. Aipatutako erakundearen egitura sofistikatua eredugarria izan zen guztiz, bai taktikaren aldetik, baita estrategia eta logistikaren aldetik ere. Erakundearen egiturak, halaber, antolakuntza paramilitar zorrotz eta berezia zuen. Lan militar ikaragarri honetan, ordurate inoiz erabilitako bitartekoak erabili ziren (materialak, giza mobilizazioak, logistika orokorra...)
Erakusketak Hendaiako badiako gotorlekua islatuko du maketa baten bidez, bertan topatu ziren bunkerren kokaleku zehatzak erakutsiz. Todt erakundeak erabili zuen diseinua jarraituz egindako bunker baten maketa ere ikusgai izango da erakusketan.
Artikulu honetan aipatzen den herria Hendaia denez, ez legoke gaizki zehaztea Porlanaren Museoa, erakusketa honen lekua, ez dagoela Hendaian baizik eta Añorga auzoan, Donostian.