Sustatu logoa Teknologia albisteak

BiscayTIK eta Microsoft, detaileak eta kritikak

Sustatu
2008-06-13 12:06

Lantik foru enpresaren bidez, Aldundiak 17.4 milioi euro ordainduko dizkio Microsoft-i. Aurreikuspenen arabera guztira 45 miloi euro inbertituko dira eta 30 edo 40 enplegu berri sortuko dira hurrengo hiru urteetan. Lanpostuko milioi bat euro baino gehiago da hori, azkar kalkula daitekeenez.

Aurkezpenean erabili ziren aurreikuspenen arabera (adi pdf-a, gazteleraz), honakoak dira

Aurreikusitako inbertsioa: 45 milioi euro

  • Proiektuaren garapena: 20 milioi euro
  • Zentro teknologikoa: 15 milioi euro
  • Gune teknologikoa: 10 milioi euro

Aurreikusitako enplegua

  • enplegu berriak: 30 edo 40 (lehen hiru urteetan)
  • eragindako enpleguak: 150 (gauzak ondo joanda)

Foru Aldundiaren arabera, honako hauek dira proiektuaren helburu nagusiak:

  • administrazioa herritarrengana hurbiltzea, komunikazio bide berri baten bidez, Internet bidez (hala, herritarren eta administrazioaren arteko elkarreragina errazten da);
  • Bizkaiko udalen informatika-tresnak homogeneizatzea, udal horien barne-kudeaketa eta herritarrekiko harremanak hobetzeko, eta
  • Bizkaia nazioarteko erreferente bihurtzea udal administrazioan informazio eta ezagutza teknologien aplikazioari dagokionez.

Hiru ardatz ditu: bizkaia.eu posta elektronikoko zerbitzua herritarrentzat 2009 urterako, udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria eta nazioarte mailan erreferente izango den zentro teknologiko bat sortzea.

Doako "bizkaia.eu" posta elektronikoa

Bizkaiko Foru Aldundiak "bizkaia.eu" domeinua gaituko du, eta bizkaitar guztien esku jarriko du doako postontzi bat. Edozein nabigatzailetatik sartu ahal izango da postontzi horretara; postontziaren edukiera 5 GBkoa izango da eta administrazioarekin zuzenean harremanetan jartzeko balio izango du.

Aurreikuspenaren arabera, 2009. urtearen hasieran gutun bat bidaliko zaie bizkaitar guztiei, eskatzen duten guztiei posta-kontua esleitzeko.

Udaletarako informatika-programak eta herritarrek izapideak egiteko web ataria

Proiektuaren bigarren jarduera udaletarako informatika-sistema bat abiaraztea da. Sistemak barne-kudeaketarako soluzio informatikoak emango dizkie udalei hainbat arlotan: erregistroan, erroldan, kontabilitatean, giza baliabideetan, aurrekontuan, ondare eta inbentarioan, zergen kudeaketan eta bilketan, mendekotasunaren zerbitzuan.

Bizkaiko Foru Aldundiak proiektua probatzeko saio bat egingo du Abanto Zierbena, Balmaseda, Basauri, Galdakao eta Mundakako udaletan eta Arratiako Udalen Mankomunitatean.

Kritikak

Esleipena gertatu den moduaz kritikan azaleratzen hasi dira. Cybereuskadi blogean agertu da informazioa, lizitaziora Google eta IBM ere aurkeztu zirela.

Software librearen bultzatzaile bizkaitar ezagun batek, Deustuko Unibertsitateko Pablo Garaizar Txipik puntu batzuk azpimarratu ditu blog sarrera honetan:

  • Postontzi bat guztientzat, edozein herritarrentzat aukera doakoak daudenean, zertarako balio duen proiektua ote? Gainera, zerbitzu hori eskaintzeko hemen gaitasuna luketen enpresak egon badaudenean.
  • Microsoft azpiegitura ofizialtzen bada herritarren eta administrazioaren arteko harremanetan, ze ziurtasun izango dugu beste produktu batzuen erabiltzaileek?
  • Microsoften ebanjelizazio eta marketing ondo probatuen arrakasta da hau, baina posta eta super-ataria konbinatzen duen ideia batek gehiago dirudi 1990eko hamarkadakoa, gerorako proposamena baino.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu