Kultur Errota kultur zirkuituak hamar urte beteko ditu aurten, eta ez da ekimenaren inguruko zenbaki borobil bakarra. Aste honetan bertan, maiatzaren 29an, 1.500. emanaldia eskainiko du hamar urte herriz herri eman dituen zirkuituak. Gertakari biak ospatzeko, ekitaldi berezia izango da 29koa.
Eskaintza, esan bezala, formatu txikiko baina kalitate handiko ikuskizunek osatzen dute, denak ere euskarazkoak, askotarikoak: antzerkia, musika, haurrentzako ikuskizunak, literatura, diaporamak BBK Fundazioko Gorka Martinezen esanetan, "formatua Fundazioaren oso gustukoa izan da hasiera-hasieratik, eta 1.500. ediziora iritsi izanak argi erakusten du lana ondo egin dela".
Kultur Errotaren lehenengo emanaldia Elgoibarren izan zen, 1998ko azaroaren 13an. Urte hartan, 26 emanaldi zuten zirkuituan parte hartu zuten hamaika elkarteek. Harez geroztik, nabarmen hazi da Kultur Errota: azken edizioetan, 50 euskara elkartek hartzen dute parte haren antolaketan, eta urtean 200 emanaldi eskaintzen dira. Horrela, kultur azpiegitura erraldoien eskaintza osatzen da, kultura gune txikiagoetara ere hurbilduz, eta aukera ugari eta askotarikoak eskaintzen dira euskaraz gozatzeko. Gipuzkoako Foru Aldunditik ere, Estibalitz Alkorta Kultur Diputatuak "bereziki eskertu nahi du kultura herri txikietara hurbiltzeko ahalegina".
Ikuskizuna, erabat irekia izango dena, Eibarko Portalea Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Kultur Errotaren inguruan aritutako lagun guztiek bertaratzeko gonbidapen berezia jaso dute, baina, antolatzaileek azpimarratu dutenez, ekitaldia erabat zabala izango da, eta nahi duen edonor etor daiteke gurekin ospatzera. Ospakizuna borobila izateko, modakutxoa jateko aukera ere ez da faltako ikuskizunaren ostean.
Barkamena eskatu behar dugu, atzo zabaldu genuen oharrean kargu-dantza nabarmena baitzegoen Diputazioetako ordezkariekin. Testuan kontrakoa esaten den arren, ez Miren Dobaran eta ez Estibalitz Alkorta ez dira Kultura Diputatuak. Miren Dobaran Euskara Sustatzeko Zuzendari Nagusia da Bizkaiko Foru Aldundian, eta Estibalitz Alkorta, berriz, Euskara Zuzendaria Gipuzkoako Foru Aldundian.
Barkatu nahastea!