Teleatlas etxeak daukan kartografia digitaletan, Maltzaga-Urbina edo Eibar-Gasteiz autopista (AP-1 autobidea) egina dago eta martxan. Anekdota baino zertxobait gehiago da kontua, ibilbide kalkulu automatikoetan erabiltzen delako: Teleatlasen datuekin dabiltzan GPS berrienak, oker bideratuko zaituzte autoan bazoaz Arrasatetik aurrera.
Era berean, bide bat eskatzen baduzu Google Maps-en Euskal Herria zeharkatzeko, bide okerretik bidaliko zaitu. Agian inguruan bizi garenok badakigu gezurra esaten digutela makinek, baina pentsa datorren udan, bidaia (edo Euskal Herriko igaroaldia) tresna horiekin antolatzea (gero eta joera zabalduagoa) erabaki duen kanpotarra.
Autobidea nola marraztua dagoen ikusteko, Tagzanian kargatu dut egin gabeko tartea (handiagoa hemen, mapa ikuspegian). Google Maps-ek bere ibilbide kalkuluetarako darabilela ikusteko, hona lotura bat, Eibartik Gasteizerako bidea.
Teleatlas ez da egunero-eguneroko marka bat, baina bere pisuaz jabetzeko irakurri Garikoitz Araolazak idatzitakoa Teknosexuan. Praktikan, Europako kartografia digital osoa bi etxeren mende dago, Teleatlas eta Navteq. Lehena, TomTom etxeak erosi du: hala ere, bere datuak beste marka batzuetako nabigatzaileetan ere erabiltzen dira, ez bakarrik TomTom-etan. Lagun batek Supratech Dedalo bat dauka, Teleatlasekin dago hornitua, eta Arrasatetik aurrera, ezinezko autobide batetik aurrera jarraitu dezazun saiatzen da makina.
Datuetan oligopolioa osatzen duen beste etxea Navteq da, berriki Nokiak erosia. (bide batez, Navteqek ez du marraztuta okerreko autobidea, Yahooren mapetan ikusi daiteke hori).
Oligopolio hori garestia da erabiltzailearentzat, CD garesti samarrak erosi baitira (eta, ikusten denez, zuzenak izateko segurantzia gutxirekin). Baina ez du etorkizunean horrek zertan horrela izan beharrik. Ekimen bat dago OpenStreetMap (OSM) izenekoa, mapak modu kolaboratiboan egiteko, eta libreki banatzeko.
Irismena murritza du Euskal Herrian orain arte, baina ez da falta zaleturik, eta OSM ezagutzeko eta bultzatzeko euskarazko lehen mintegia aurtengo UEUren Udako Ikastaroetan izango da, neure lagun Araolazaren eskutik hain zuzen. Interesa baduzu, berak Eibar hain ederki marraztu duen bezain ondo egin ditzakezu beste bide batzuk.
Lehen okerragoa zen, errepidea ez zegoen marraztuta, baina ibilbidea bai. Duele urtebete...
http://www.flickr.com/photos/supermendikute/445973005/