Zer gertatu zen 1512. urtean?
2008-04-29 17:04
Zer gertatu zen 1512. urtean? Agintari espainiarrek badakite, eta herritar askok ere bai, nola osatu zen egun Espainiako Erresuma izenez ezagutzen duguna: indarra, inbasioa, inkisizioa, sorgin ehiza, tortura eta etengabeko bortxa erabiliz, alegia. Portugalekin ezin izan zuten, Andorrarekin ere ez, Gibraltar kendu egin zieten 1713an eta, euskaldunon estatua legitimoa zen Nafarroako Erresuma hankaperatzeko 458 urte behar izan zuten: 1054 Atapuerca 1512 Nafarroa Garaia.
Nafar Estatua desegiteko inbasio jarraiaren eta biolentziaren erabilera etengabea argitara azaltzen ari denean, sasi argudio berri batekin datoz egungo egoera justifikatzera. Hispania, errege-erresumen federazio edo konfederazio bat omen zen jada 1200. inguruan. Arabiarrak inbaditutakoa askatzeko sortua alegia eta, erresumen federatze hark ekarri omen zuen egundaino elkarrekin bizitzeko erabakia. Kontua da, Hispania konfederazioa baldin bazen, nortzuk, gaztelarrek baino, hautsi zuten egitura hura?
Jada 1200.erako, gaztelarrek Gasteiz setiatu eta erre ondoren Araba, Gipuzkoa eta Durangoaldeko herriak okupatuak zituzten eta Vatikanoaren laguntza paregabeari esker Nafarroa Garaiko inbasioa prestatzen hasita zeuden. Hirurehun urte geroago Nafarroa Garaia inbaditu eta euskaldunon Estatu legitimoaren egitura guztiak suntsitu egin zizkiguten. Non dago ekintza horietan guztietan elkarrekin bizitzeko erabakia?
Oharra: euskaraz, ELKAR partikulak elkarrekikotasuna adierazten du; gaztelaniaz, RECIPROCIDAD. Hau da: nik zu onartzen zaitut, zuk ni onartzen nauzu. Elkar onartzen dugu alegia. Beraz, ez dago elkar bizitzarako inongo aukerarik norberak norekin eta nola bizi nahi duen erabakitzeko eskubiderik ez badu. Hortik kanpokoa inbasioa, okupazioa eta esklabutza da.
Beñi Agirre
Euskara irakaslea
Erantzunak kargatzen...