Garuneko odol isuri batez hil da Axun Aierbe euskalaria (Ibarra, Gipuzkoa, 1968), Donostiako ospitaleko sendagileek adierazi dutenez. Soziolinguistikan, itzulpengintzan eta euskalaritzako hainbat alorretan ibili izan da Aierbe hainbat urtez. Eguneraketa: Hileta Ibarran izango da, bihar asteazkena, hilak 16, 19.00etan.
Axun Aierbe Mendizabal 1968ko apirilaren 28an sortu zen Ibarran (Gipuzkoa). Euskal Filologia ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Baita ere, Hizkuntza Plangintzarako diploma eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Doktoretza tesia egina zuen, administrazioko euskarari buruz.
Bere lan ibilbidea Ibarrako Udaletxean hasi zuen 1987an, itzultzaile eta liburuzain laguntzaile gisa lehenbizi, itzultzaile eta euskara teknikari gisa geroago. Langintza horietan aritu zen 2002ra arte. Geroztik, EHUko irakasle izan da, Gasteizko Filologia eta Itzulpengintza Fakultatean, Hizkuntzalaritza eta Euskal ikasketak Sailean. Oraintxe, Fakultateko dekanordea zen. EIZIE elkarteko bazkide ere bazen.
Euskalaritzaren alorrean, Adorez eta Atseginez mintegiko partaide izan da, baita ere Galtzaundi elkartekoa, eta herrietako euskara elkarteen mugimendutik abiatuta, Topagunean ere partaidetza zuzena izan duen pertsona.
Hona gehitu dugun argazkia, 2006ko uztailekoa da.
Bart gauez izan omen zuen odol isuria, eta gaur goizean hil da.
EIZIEk ere kaleratu du oharra, eta baita Gipuzkoaeuskara.net webguneak.
Nik ere Adorez eta Atseginez Mintegiaren bueltan ezagutu nuen Axun (1990eko buelta horretan). Sustatuta eta harrituta lagatzen dinduen berarekin egoten nintzen bakoitzean. Aparteko energia zeukan; hamaika saltsatan jardun arren, ez zuen batere erreparorik jartzen lan berriei heltzeko orduan. Oso hiztuna zela gogoratzen dut; etorri onekoa. Goraintziak Elgoibartik, Axun.
Tolosaldeko Hitzan ere bildu dituzte informazioa eta iritziak. Blogosferan ere, zenbait mezu Axun Aierbe gogoan: Filoblogia, ikasle batenean, Euskofilia, Hibaielaila, Kalamuatik Txargainera ...
Badoa ura
badoa denbora
lagunen oroitzapena
gugan geratzen da.
Adorez eta atseginez mintegikide ginen garaian ezagutu nuen. Ondoren Euskara Elkarteen Topagunean sortze prozesuan ere buru-belarri ibili zen. Euskarari lotua beti. Atsegina, umore-onekoa eta hitz-jario errazekoa zen. Gazte hil da, gazteegi.
Une samin hauetan besarkada bat lagunei eta familiari.