Teknologia albisteak
2

Elkartasuna bidesaririk gabe

Erabiltzailearen aurpegia
Patxi Baztarrika - Eusko Jaurlaritza
2008-03-14 : 17:03

Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak helarazi digu iritzi artikulu hau.

Euskaldunon Egunkariaren kasuko auzipetutakoei elkartasuna publikoki adierazteko idatzi nuen –eta hedabide guztietara aldi berean bidali-, hedabide batzuetan otsailaren 24an eta beste batzuetan 27an argitaratu zen artikulua. Eta izenburutik beretik utzi nuen garbi nire asmoa: "Desadostasunak bizi gaituelako nauzue zuekin".

Komentario eta erantzun ugari eragin ditu artikulu hark, baina horietariko bietan esandakoak bultzatzen nau gaur nire hitzei buruz argibideren bat edo beste ematera: Berria argitaratzen duen EKTrena (otsailaren 27an) eta J.M. Torrealdairena, auzipetuen izenean (martxoaren 2an euskaraz, eta 3an gaztelaniaz). Izan ere, garbi ikusi dut, batean zein bestean, era harrigarrian irakurri dituztela nire hitzak erantzun horiek idatzi dituztenek (nire harridura nondik datorren ikusi nahi duenarentzat jarri ditut arestian, hain zuzen, argitaratutako artikuluen datak).

Aurrera baino lehen, bada, ordea, lehenbailehen garbi uztea komeni den zerbait: aipatu artikuluan nioena berresten dut -etorkizunak iritzia aldaraz diezadan itxaropenarekin hala ere-, eta nire ustez oker interpretatu edota alboratu diren hainbat kontu argitzea edo gogoraraztea da nire gaurko honen asmoa. Nolanahi ere, eztabaida honen inguruko azkena izango da, nire aldetik, artikulu hau.

Hariari helduta, lehenik eta behin zera gogorarazi nahi dut, kontu honen inguruko nire pentsaeraren ardatz nagusia garbi uzte aldera: neuk salatu nuen nire artikuluan sumarioak berez dakarren bidegabekeria, eta neuk salatu nuen "gezur gaiztotzat" auzipetuak ETArekin nahasteko ahalegina (gogora dezagun berriro ere, badaezpada: fiskalak berak bere egin ez duen argudio-lerro baten gainean eraikia, eta eskuin muturreko talde ultraespainiar baten pozoian bazkatzen dena).

Zoritxarrez, erantzun didatenek ez dituzte, antza denez, horiek horrela irakurri. Edo, akaso, horrela irakurri dituzte, baina idatzi izan ez banitu bezala jokatzea erabaki dute. Haiek jakingo dute zergatik. Nik, benetan, ez.

Batetik, nire gogoeta horiek plazaratzeko unea ez omen da egokia. Ba ote da kontuotaz mintzatzeko une egokirik? Ez ote da beti xaxatuko egokitasun ezaren mamua horrelakoak esatera deliberatzen denaren aurka? Nik dakidala, aniztasunak indartu egiten du, ez ahuldu. Nik dakidala, Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamabi pertsona auzipetzea ekarri duen erasoari aurre egiteko kemenik sendoena heldutasun zibil eta balore demokratikoetatik dator, eta ez mimetismoaren erosokeriatik. Eta horretan jarraitzen dut: elkartasunez idatzi nuen eta idazten dut, elkartasunetik zintzo aitortzen den desberdintasunak mereziarazten digulako, hain zuzen, etorkizun hobe bat euskararentzat eta euskal herritarrontzat.

Bestetik, Euskaldunon Egunkariaren informazio-ildoa edota independentzia baldintzatzeko ahalegintzat hartu dituzte nire hitzak erantzunak idatzi dituztenek. Irakurri gabe, akaso, edo oker irakurrita, seguruago, nik orduan idatzia eta gaur berresten dudana: bidezkotzat ez ezik, egokitzat ere badaukat informazio-ildo hori euskaldunon eta, oro har, euskal herritarron egunerokotasunaren osagarrietariko bat izatea, eta horren alde lan egin dut, eta egingo dut, informaziorako eskubidea –zeinahi delarik ere haren ikuspegia– kasu eta egokiera guztietan defendatzen duten guztiekin batera. Hala ere, epaileren baten zenbait jokabide eta epai kritikatzen dudanean (horra hor, urrutiagora gabe, Euskaldunon Egunkariaren auzibidea bera), epaile horien independentzia baldintzatzeko asmorik izaten ez dudan moduan, hedabide baten informazio-ildoak sortzen dizkidan kezkez ari naizenean ez dut hedabide horren informazio-ildoa baldintzatzeko inolako asmorik; bai, ordea, gizarte ireki batean guztiz zilegitzat dudan kritikarako eskubidea gauzatzeko asmoa, garbi baitaukat –egokiera ezberdinetan, ustez, garbi frogatu dudanez– zeregin publiko eta sozialetan ari garenok –politikari zein kazetari, ordezkari zein epaile– berez garela kritikagai, eta kritikagai izate horretatik datorkigula, besteak beste, legitimitatea.

Aurrekoarekin lotuta, Gobernu mailako ardura politikoa dudanez, ez omen da egokia hedabide baten joeraz hitz egitea. Egokia zitzaidan, antza denez, The Wall Street Journalek euskararen aurkako gehiegikeriak salatzeko garaian; ez, ordea, euskaldun guztiok "bateratzeko" asmoa aldarrikatzen duen euskarazko egunkari bakarraz ari naizenean, lerratze politiko niretzat nabarmen batez mintzatzeko. Batean zein bestean, ordea, euskararen eta euskaldunon -euskaldun guztion– duintasuna defendatu dut, batzuen ustez oker agian, baina zintzotasun osoz. Ez ote da hori arduradun politiko baten lehen betebeharra?

Izan da, ordea, nire artikuluari erantzun diotenek itxuragabeki bihurritu duten bestelako hari-muturrik: Auzitegi Nazionalak, honezkero egindakoez gain, aurrerantzean egin ditzakeen bidegabekerien bide-erakusle-edo egin nahi izan naute erantzunak idatzi dituztenek. Ezin dut honelakorik onartu. Bidegabekeria horiek ezinago argiro salatu ditudalakoan nago. Beste modu batera errepika dezadan, halere, lehen esandakoa, inork oker interpreta ez ditzan nire hitzak: Euskaldunon Egunkariaren sorreratik hona izan naiz, une bakoitzean egokitu zaidan moduan, euskarazko egunkari haren –eta gaurkoaren– iraupenerako baldintza ekonomiko egokiak bilatzearen aldeko tinkoa. Hor daude, konpromiso horren adierazgarri, 1992an Gipuzkoako Batzar Nagusietan Euskaldunon Egunkariari emandako bultzada ekonomikoa eta azken hiru urteotan sinatu ditudan –eta aurten ere sinatzeko asmo irmoa dudan– euskarazko egunkari bakarrarentzako dirulaguntzen aginduak. Inork uste al du berdin jokatuko nukeenik Euskaldunon Egunkaria edo gaur euskaraz argitaratzen dena ETAren menpekoak edo laguntzaileak edo bidelagunak izan zitezkeenik uste izan banu? Aitzitik, konbentzimendu osoz esan dut foro guztietan eta gaur hemen berresten dut ez direla ETA. Eta ozen adierazi nahi dut hemen nire konbentzimendu horren neurria: hedabide horiek ETA direla pentsatuta haientzat dirulaguntzak bultzatu eta sinatu izan banitu, eta hori hala dela uste duen epailerik balego, auziperatu beharko ninduke ni neu ere. Garbi esanda gera bedi, beraz, hori ere.

Azken aurrenik, eta mina eragin izana aurpegiratzen baitzait erantzunetako batean, aitortu behar dut sakon astindu nauela hori irakurtzeak. Ez nion –ez diot– inori minik eragin nahi; are gutxiago justizia ezak sufrikarioaren uretara ankerki jaurtia izan den inori. Horregatik, hain zuzen, atera nintzen plazara nire elkartasuna lau haizetara aldarrikatuz. Baldintzarik gabea zen nire elkartasuna. Onartu behar ote dut nire elkartasunari beste inork baldintzarik jartzea? Gerta ote liteke inorentzat mingarri, bereizten gaituzten kontu guztien gainetik hegaldatzen den gizalegezko gertutasuna eskaintzea?

Elkartasunez idatzi nuen lehen artikulu hura, eta elkartasunez amaitu nahi dut bigarren –eta, nire aldetik, azken– hau. Ez diezadala, ordea, inork bidesaririk eska neure elkartasunagatik. Are gutxiago bidesari hori isilpeko erosotasuna baldin bada. Hori baita, hain zuzen, kontu hauetaz mintzatzean, eta kasurik onenean, galtzen dudana: isiltasunaren erosotasuna. Eta beste konbentzimendu batek narama erosotasun hori galtzeko prest egotera: euskararen munduan ere, deus ez da zuri/beltz edo nirekin/nire aurka parametroen arabera baloratu behar; aitzitik, unerik zailenak dira, hain zuzen ere, gure aniztasuna –eta aniztasunak dakarkigun indarra– agerian jartzeko egokierarik onena. Nolanahi ere, ez da arerioaren mesedetan ari zintzotasunez eta bidegabekeria nondik datorren garbi bereizita mintzatzen dena. Aitzitik, arerioaren –zeinahi delarik haren ikuspegia- erasoaz baliatuta pentsamolde bakarra jarri nahi izatea izango litzateke harentzako mesederik eta euskararentzako kalterik handiena.

Erantzunak

derzu
2008-03-15 : 18:05

artikulu honek Bixente Serranok Argian idatzitako 'kontuz solidaritatearekin' artikulua oroitarazi dit, eta nola batzuek uste duten injustizia baten kontra egiteak sistematikoki injustizia jasan dutenen jarrera babestera eraman behar gaituen. hala gertatu da Berriaren kasuan, hala gertatzen da terrorismoaren biktima askoren kasuan, hala gertatzen da Batasunaren kasuan (azken greba 'orokorra' kasu)...



Patxi Baztarrikari 'auzitegi nazionalari bidea markatzea' leporatzea ez al da Egunkaria, Egin eta abarri aurpegiratzen zitzaion tontakeria bera, ETAren helburuak markatzen zituztela leporatzen zitzaienean?



gorka
2008-03-18 : 12:03

Baztarrika jauna, inork ez dizu ukatuko iritzia emateko eskubidea, baina kasu honetan ezin da ezkutatu zure kargutik Berrian eragiteko ahalmena baduzula, diru laguntzak ematerakoan zuk baituzu azken hitza. Eta nik dakidala Wall Street Journalek ez du Jaurlaritzaren diru laguntzarik jasotzen...

Erantzun

Sartu