Sustatu logoa Teknologia albisteak

Rajoy ez doa (ezta Raxoi ere)

Mariano Rajoy ez doa. Zurrumurruak izan dira, baina oposizioaren lidergoari eutsi nahi dio Espainian, atzo esan zuenez. Beraz, Raxoi irakurtzen jarraituko dugu Berrian. Baina, zergatik? Egunkari horren Estilo Liburuan badaude deitura euskaldunen inguruko oharrak, baina ez Galiziako izenen ingurukoak. Hortaz, zergatik da Raxoi?

Katixa Agirrek atera zuen kontua, hauteskunde kroniketan Rajoy aldatu egiten ziotela papererako, Raxoi idazteko. Han bota nuen harria, eta gero neure blogean jarraitu, misteriotsua zaidala oso zergatik darabilten Raxoi Berrian. Ez baita ageri Berria-ren Estilo Liburuan hori iradokitzen duenik.

Benito Fiz Karrajukoak dio hemen Egunkariaren gomendio-zerrenda edo estilo liburu zaharretan ikusia duela Raxoi erabiltzeko gomendatzen. Euskaldunon Egunkariaren Estilo Liburuaren hiru edizio errepasatu ditut, eta ez dut horren zantzurik aurkitu. Beste era bateko paper batean ikusi badu Benitok, hala izan liteke, baina Estilo Liburuan ez dagoela halakorik ziurtatuko nuke.

Deituren inguruko arau sinpleak

Gaur egungo Berria-aren Estilo Liburuari dagokionez, bertan jasotzen dena da, funtsean, Egunkariaren Estilo Liburuetan jasotzen zen arau pare sinplea.

  • Euskal herritarren euskal abizenak euskal grafiaz idazten dira Berrian, norberaren ohtura gora-behera
  • Euskal Herritik kanpoko herritarren euskal abizenak haiek idatzi bezala idazten dira, euskal grafiara ekarri gabe
  • Alfabeto latinoan idatzitako izenak oro har bere horretan uzten dira.

Hortaz, galiziarren izenei buruzko aipurik ez dago hor. Hortaz, zergatik Raxoi Berrian?

Nik uste dut ideia hau edo egon daitekeela hor: hedaduraz edo, Euskal Herrikoenak euskaratzen badira, galiziarrenak galizieratzen dira. Baina Estilo Liburuan ez da hedadurarik aipatzen, eta interpretazio irekietarako baino, kasuak definitu eta anbiguotasunak eteteko izaten dira Estilo Liburuak. Estilo Liburu batek ez ditu zalantzak sortzen, Estilo Liburu batek zalantzak eten egin ditu. Estilo liburuak ez dira hedaduretarako, murriztapenetarako baizik.

Beste adibide bat jartzearren. Bertie Ahern, Irlandako Errepublikako lehen ministroa. Ahern idazten dute haren izena Berrian, eta ez Bertie Ó hEachthairn edo Ó hEachtighearna, irlanderaz nonbait behar lukeen bezala. Eta ez dute irlanderaz idazten, Estilo Liburuak ez duelako halakorik esaten.

Aldiz, esaten du, euskal herritarrei gaztelerazko izena euskaratu behar zaiela, ez ordea deitura euskalduna duten kanpotarrei. Hortaz Javier Gurrutxaga, baina Esperanza Aguirre.

Galiziako toki-izenekin galizieraren aldeko hautua ere egiten du Estilo Liburuak. Baina hortik ere, hedaduraz pertsona-izenetara salto egiteko bidea ez dago Estilo Liburuan.

Blogean utzi dizkidaten erantzunen artean esaten dute batzuek hala edo hola izan beharko luke... Era bateko edo besteko arrazoiak eztabaidatu daitezke, baina kontua da Estilo Liburu batek definitu egin behar dituela irizpideak, eta horiek aplikatzen direla.

Berrian hobeto, Wikipedian baino

Nik hartu nuen parte Euskaldunon Egunkariaren estilo liburuaren lehen bi edizioen erredakzioan, eta uste dut euskal izenentzako arau hori biribila eta balekoa dela. Beste toki batzuetan, beste irizpide batzuk erabiltzen dira, ordea. Adibidez, euskarazko Wikipedian bakoitzaren idazteko era errespetatzeko bozkatu zen bere garaian.

Ondorioa, abizenak berezko grafian idaztea izan zen.

Partaide batek idatzi zuen Wikipediako bozketan haren harira: Jatorrizko izena mantendu beharko genuke beti (eta grafia ere). Etchepare-k Etchepare grafia hautatu bazuen zergatik alda beharko genuke guk? Etchepare Etxepare bezain euskalduna da. XVI. mendeko abizena zen, ez XXI. mendekoa.

Partaide honen iritzia gailendu zen, baina hala ere, Bernart Etxepare ageri da... Konfusoa iruditzen zait irizpidea. Uste dut argiagoa dela Berriarena. Euskal Herrikoen deitua euskaldunak, euskaratu.

Etxepare. Mitxelena. Unean unean, "jatorrizko grafia" zein den zaila da asmatzen. Euskararen normalizazio ortografikoa hain berantiarra izanik, uste dut "jatorrizkoa" hobestea ez dela zintzoa gure aurretikoekin, alternatiba ortografikorik edo politikorik eskura izan ez zuten euskaldun batzuez ari gara. Salamancan tesia idatzi zuen Koldo Mitxelenak ze aukera ote zuen, bada, Luis Michelena ez besterik erabiltzeko Francoren Espainia hartan doktore bihurtu zenean? Eta hala ere, Koldo Mitxelena badugu Wikipedian, eta ondo nere ustez, zergatik beharko genuke Luis Michelena artikulu bat?

Baina tira, hala daude arauak, batean eta bestean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu