Hizkuntzaren erabileraren inguruan kexuak bideratzeko zerbitzuak, Elebidek, bere 2007. urteko bere jardueren txostena argitaratu du. Han daude aurkeztu diren kexa guztiak, eta nola bideratu dituzten.
Honelako kontuak ageri dira. Adibidez:
Ibarrako Osasun Zentroko emaginak ez daki euskaraz. Ibarra herri euskalduna da, euskal hiztunak %70 inguru direlarik, eta Osakidetza erabat euskaldundu beharko litzateke batez ere, honelako herri inguruetan.
edo
LANBIDE Euskal enplegu zerbitzura joan zen izena ematera. Balizko lanak aukeratzerakoan, "euskara irakaslea" ordenagailuan bilatu, eta "atzerriko hizkuntzaren arloko irakaslea" agertu zen. Akatsa zuzentzeko eskatzen du.
Kexu edo aportazio bakoitzari eman zaion segida, eta erantzuna ere jasotzen da. Adibidez, hona Internet bidez tramite batean saiatu den euskaldun baten kasua:
Osakidetzak deitutako EPE 2006 dela eta, eskabidea internet bidez egiteko aukera ematen du, baina ordainketa egiterakoan, euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera ematen badu ere, gaztelania hutsean dago. Bestalde, eskabidea betetzeko euskarazko formularioan ikasketa tituluaren espedizio data galdetuta, ordena honetan (UUUU/HH/EE) betetzeko eskatzen badu ere, ez du uzten eta azkenean gaztelaniazko eran bete behar da.
Eta horra erantzuna:
Orria bakarrik gaztelaniaz agertzearen arrazoiek informatika ez beharretan daukate beren jatorria. Bere garaian, bi hizkuntzetako formatodun orriak sartzea zen asmoa. Baina ezinezkoa suertatu zen aplikazioa daraman zerbidoreak ez duelako uzten formato bat baino gehiago sartzen. Bestetik, ikasketa tituluaren espedizio data sartzeko bakarrik gaztelaniazko formatoan agertzeari dagokionez, gure informatika sailari jakinarazi diogun kontua da eta hurrengo aldietan berriro ez emateko irtenbide ezberdinak lantzen ari dira.
Hemen dago txosten osoa, eta hainbat PDF, sailkapen desberdinen arabera antolatuak.
Txosten konpletoena Scribd zerbitzura igo dugu, eta horrela Flash aplikazioaz aparte, testu formatu gardenean ere hortxe duzue.
Bai Euskarari akordioa, atzetik EBPN; Bai Euskarari Ziurtagiria, atzetik Bikain; Hizkuntz Eskubideen Behatokia, atzetik Elebide.... Ez dakit, baina iruditzen zait Eusko Jaurlaritzatik elkarlana bilatu beharrean, herri mugimenduetatik (kasu honetan Kontseiluatik) sortu diren egitasmoen "kopia" autonomikoak sortzera dedikatzen direla.