Sustatu logoa Teknologia albisteak

MySpace: hantxe dago gaur euskal musika gazte (ia) guztia

Sare sozialen eran hazitako webgunea da MySpace. Beharbada Friendster izan zen era horretako lehena, baina audientzia masiboa lortu zuen lehena MySpace izan zen, bereziki Estatu Batuetan. Gero etorri ziren Bebo eta Facebook. Proiektu lokalagoak ere arrakastarekin ari dira, adibidez Tuenti Espainian: Euskal Herriko Unibertsitatean ibilitako milaka lagun daude han emanda, estatistikei jaramon egiten badiegu.

Niri apur bat arrotza egin zait MySpace. Ez dut ulertzen ondo bere funtzionamendua, diseinuaren aldetik orri askok duten itxura atzera botatzekoak egiten zait, eta Messenger bidez komunikatzen den belaunalditik aparte samar nago: dexente zaharragoa naiz.

Kristo guztia dago

Hala ere, MySpace-ren garrantzia gero eta handiagoa ebidentea egiten zait azken aldi honetan. Gazteen lokaletarako kontzertuen afitxetan, zuribeltz itxura fanzineroa dutenetan ere, gero eta MySpace gehiago ikusten dut Euskal Herriko kaleetan. Halako taldea, nongoa, estiloa eta MySpace-ko helbidea. Gose taldearen kontzertu bat iragartzen ikusi nuen, adibidez, URL honekin: www.myspace.com/gosegose Nik ez ditut ezagutzen, baina hantxe entzun ahal izan dut beren musika.

Eta Gose, bezala, beste hainbat:

Eta beste hainbat, zoaz horien edozein orritara, eta haien lagunetan nabigatzen ibili. Kristo guztia dago.

Objektu soziala: musika

Gehienetan, musika entzuteko aukerarekin. Jogailu majoa dauka, eta kantuen ondoan download botoia ikusten da musika jaisteko. Hala ere, horretarako kontua izan behar da bertan, eta erregistratu, eta orduan ere, kantu batzuk jaitsi ahal izango dituzu baina beste batzuk ez: Zea Mays-enak baietz ematen du, baina Anestesiarenak ez, adibidez.

Azkenean, uste dut hori dela kakoa, musika. Iazko uztailean teknologo finlandiar bat izan zen Euskal Herrian, Jaiku zerbitzuaren sortzaile Jyri Engestrom. Sare sozialen tipologiaz eta funtzionamenduaz hitz egin zigun, bereziki, sare sozial batek objektu sozial jakin behar duela muinean funtzionatzeko, ez dela bakarrik sozializazio hutsa. Eta MySpace-ren kasuan objektu sozial hori musika dela aipatu zuen.

Uste dut arrazoia zuela Engestromek. Tipo azkarra. Handik gutxira, Googleri saldu zion Jaiku.

Murdoch eta Aznar

MySpace bera salmenta milioitsu batekin notizia izan zen 2005. urtean. Rupert Murdoch hedabideen jauntxo eta nagusi ezagunaren konpainiak, News Corporationek, erosi zuen 580 milioi dolarretan. Batzuek esaten dute orain, prezioa merke irten zitzaiola, sare horren potentzialitatea ikusita. Murdochek negozioetan asmatzen duenik ezin da ukatu, baina eskuin-muturreko medioak sustatzen dituela ere leporatzen. Newscorp konpainiaren administrazio kontseiluan, Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu ohia dago. The Wall Street Journal ere erosi zuen, eta ondoren euskarari buruz han idatzitakoak ezagunak egin ziren. Hura sinatu zuen kazetariak jabetza ekonomikoaren eskusartzea ukatu zuen.

MySpace-n lerro editorialik ote dagoen ez dakit. Trafikoa bai, ikaragarria, eta eduki musikalak ere bai, bistan da. Euskal Herrian horrela bagabiltza, Kalifornian eragin txikiagoa ez dela suposatzen dut.

Zergatik?

Eta zergatik dago euskal musika MySpace-n? Nire lankide Jatsu Argarateri galdetu diot. Kokein taldeko bajista da, eta webgune bat badute domeinu propioarekin, kokein.com, baina hala ere, MySpace-n ere orria. "Denak gaudelako, taldeen arteko lagunak, konexioak, giroa mugitzen du horrek, eta batzuk daudenez, eta haien lagunak, azkenean denak gaude", erantzun dit Jatsuk. Baina sakonago jo izan nahi dut, eta galdetu diot: Aizu, baina, fondo beltz hori beharrezkoa da? "A, hori niri ez galdetu, MySpaceko orriaren gestioa beste batek darama taldean".

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu