Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskaldunon Egunkariaren kontrako epaiketa hurbilduz doa

Luistxo Fernandez
2008-02-08 07:02

Euskaldunon Egunkariaren inguruan prestatzen ari diren epaiketen harira, bi mezu jaso ditut azken aldi honetan. Batetik, dei egiten zaigu Egunkariako langile izan ginenoi elkartzeko Martin Ugalde Kultur Parkean, otsailaren 9an, goizeko 11etan. Bestetik, deia zabalagoa egiten zaie gizarte eta euskalgintzako lagunei, otsailaren 12an Bilbon elkartzeko.

Otsailaren 20ean bost urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria itxi zenetik. Orduan abiatu zen erasoa aurten finkatuko da 12 inputatuen kontrako bi epaiketekin. Bi auzien artean egin diren zigor eskaerak, orotara, 279 urteko espetxe zigorra eta 235 milioi euroko (40.000 milioi pezeta) isunak dira.

Fiskalaren eta defentsako abokatuen helegite guztien kontra (lehen sumarioan auziaren artxiboa eskatu baitzuten bi aldeek eta auzi ekonomikoan Gipuzkoako auzitegietara ekartzeko), epaiketak Madrilgo audientzia nazionalean izango dira, Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek horretara bultzatuta eta Audientzia Nazionaleko epaileek horrela erabakita.

Zentzugabekeria hau salatzeko eta euskal komunikabideen eskubideak aldarrikatzeko ekimen desberdinak egingo dira otsailaren 20an hasi eta epaiketak amaitu arte. Guzti honetarako ezibestekoa da ahalik eta jende talde haundiena biltzea gure inguruan, besterik ez bada inputatuen mezua ahal den neurrian zabaltzeko. Langile ohiei, otsailaren 9an elkartzeko deitu digute, azken bost urte hauetan gertatutakoaren inguruko informazioa emateaz gain, aurrera begira aurreikusten diren ekimenen berri emango zaigu.

Bilbon deia, gizarteari eta euskalgintzari

Beste deialdia Bilborako da, otsailaren 12rako, Bilboko Ercilla hotelean, 11:30ean. Gizarte eta euskalgintzako lagunei dei egiten Egunkariaren Alde Elkarteko auzipetuek: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubeltzu eta Fernando Furundarena.

Neuri iritsi zaidan eskaeran, hala definitzen dute momentua lagun hauek:

Gure ustez une hau larria da hau, oso larria. Izan ere, herri akusazioek Egunkaria ezeze Euskalgintza osoa baitute jopuntuan. Tesia garbia da: den-dena da ETA, euskalgintza ere bai. Berebiziko garrantzia du tesi honek Auzitegi Nazionalean jurisprudentzia sortu dezakeelako baldin eta Egunkaria kondenatzen badute.

Uste dut garrantzitsutza dela auzi honen inguruan ahalik eta jende gehien mobilizatzea.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu