Lau lehiakide itzultzaile automatikoa egiteko
2008-02-07 09:02
Euskararentzako itzultzaile automatikoa sortzeko lehiaketarako epea aste honetan itxi da, eta lau talde aurkeztu dira beren proposamen teknologikoekin. 400.000 euroko lizitaziorako deialdia kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak urtearen hasieran, eta 2009. urtearen amaierarako Eusko Jaurlaritzaren zerbitzarietan sistema martxan egotea aurreikusten dute lehiaketaren baldintzek.
Aurkeztu diren lau taldeak hauek dira:
- Elhuyar, Eleka eta IXA taldean aurkezten dira Matxin / OpenTrad sistemarekin. OpenTrad-en gaztelania-euskara bertsio bat ibili izan da martxan sarean, baina orain geldi dago. Espainiako Industria Ministerioak Profit izeneko programa baten laguntzarekin garatu zen hura. IXA taldeak itzulpen automatikoari buruzko mintegi bat antolatu du datorren asterako.Zuzenketa: Ibon Aizpurua Elekakoak datu zehatzagoak eman ditu erantzun batean talde honen osaketa eta izaeraz.
- AutomaticTrans enpresa katalana ATS sistemarekin aurkezten da, zeinaren prototipo bat jada finantziatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2002. eta 2004. urteetan.
- Lucy kontsortzioa. Honen aukera teknologikoari Lucy Translator deritzo (lehen Comprendium). Taldearen partaideak dira UZEI, Bartzelonako Translendium, Sondikako EmergiaTech (BasqueLem izeneko lematazitzaile baten sortzaileak) eta Bilboko Gizer.net, web garapenean berezitutako enpresa. Deustuko Unibertsitatearen partaide ugari omen duen aukera da hau. Itzulpen memoriak eta transferentzia-arauen bitartezko itzulpena konbinatzen dituen sistema da Lucy Translator.
- Erandioko Geinsa enpresak Inter-Trans sistema aurkezten du, Gregorio Uribe-Etxebarriak asmatutako Metalingua metodologian oinarritzen dena. Iazko Berria egunkariko albiste batean aipatzen zenez, Ibermatica eta Vicomtech Geinsaren partaide ziren itzultzailea garatzeko.
Erantzunak kargatzen...