Estatu Batuetako historian, otsailaren 14, Valentine day edo San Balentin eguna, Chicagoko gansgterren arteko tiroketa batekin dago lotuta. Ez ahal da halako istilurik izango Ibarretxe Stanford unibertsitatean bi aste barru azaltzen denean! Stanford Unibertsitateak Ibarretxeren hitzaldia babestuko duela gauza segurutzat jo daiteke. Arrillaga eraikinean izango da hitzaldia, eta izen horrek badu pisu pixka bat Stanforden.
Ibarretxe lehendakariak hitzaldi hau emango du: Euskal gatazka eraldatzeko proposamen bat.
Stanford Unibertsitatera lotutako erakunde batek antolatu du, Nazioarteko Ikasketetarako Freeman Spogli Institutuak. Gonbidapena, zehazki, Stanfordeko irakasle katalan batek egin du, Joan Ramon Resinak, Stanford-eko Europa Garaikiderako Foroko partaideak. John Etchemendy doktoreak, Stanford-eko goi-karguetako batek, babestu du, halaber, gonbidapena.
Baina, harrera txarra izan du gonbidapenak sektore nazionalista espainiarretan, eta Stanford-en bertan hura kantzelatzeko eskatu diote antolakuntzari. Milaka sinadura izan omen dira hori eskatzen dutenak.
Unibertsitateko ikasleen agerkariak paralelismoa egiten du Mahmud Ahmadinejad Irango presidentea New York-eko unibertsitate batera joan zeneko egoerarekin.
Stanford-ek jasotako kantzelazio eskaeren artean, Nafarroako Gobernuarena da izentsuena, seguruenik.
Baina mugimendu hori guztia Internetetik gertatu dela ematen du. Eta tarte bat dago sareko sinadura bilketa batetik, hitzaldi-aretoan protesta zuzen jendetsua antolatzeraino.
Hitzaldia otsailaren 14an izango da, Frances Arrillaga eraikinean. Euskal jatorriko John Arrillaga enpresariaren lehen emaztea izan zen Frances, Stanfordeko ikaslea bera, senarra bezalaxe. John Arrillaga Silicon Valleyko eraikitzaile ezagunenetakoa da. Peery-Arrillaga enpresak eraiki ditu Silicon Valleyko enpresa-parke esanguratsuenak azken 40 urteetan, teknologia izen distiratsu askoren egoitzen lekuak. Stanfordek inoiz jaso duen kontribuzio pertsonal handiena John Arrillagarena izan da, 100 milioi dolar.
John eta Francesen alaba Laura Arrillaga ezkondua dago Marc Andreesenekin, Mosaic eta Netscape nabigatzaileak sortu zituen informatikari eta ekintzailearekin. Aitak emandakoa gutxi balitz, alabak eta suhiak 27.5 milioi dolar eman behar omen dizkiote Stanford Ospitaleari.
John Arrillaga Stanford-en iaz antolatutako euskal mintegi batean partaide izan zen. Etchemendy eta Resina profesoreak ere mintegi horren antolakuntzan ibili ziren. Aurrekari hauekin, noren alde irtengo da Stanford Unibertsitatea? Bi aukera:
a) Protesta egin dutenei kasu egingo die.
b) 125 milioi dolar eman dituen familiaren izena daraman eraikinean, harrera ona egingo diote jatorri euskalduneko gonbidatuari.
Unibertsitatekoaz gain, San Franciscoko Euskal Etxekoekin egongo da Juan Jose Ibarretxe harrera ofizial batean, Stanfordekoaren ondorengo asteburuan.
Ibarretxe Stanford-en izatearen aldeko beste izen bilketa bat ere antolatu dute, zenbait hizkuntzatan, tartean euskaraz.
Eskaerak, Ibarretxeren agerpenaz gain, EAJren politika esplizituki babesten du.
Hitz egin zuen Ibarretxek, eta apenas egon zen espainolen protestarik. 10 lagun izan zirela kanpoan pankartarekin dio kronikak, eta horien artean ikaslerik apenas: argazkian lau lagun ikusten dira.
Aretoan, kontrakoetako batek galdera deserosoa egin zuen Josu Urrutikoetxea legebiltzarkide-ohiari buruz, eta Ibarretxek saihestu egin zuen kontua.
Hemen Stanfordeko kronika.
Hala ere, bezpera arte, beldur ere baziren istiluak izango ote ziren, eta Poliziaren planak ere aipatzen dira beste kronika honetan.
Beraz hamar egun dituzte espainolek sinadura ez ezik xox batzuk ere eskaintzeko eta emateko. Ea zertan den azkenean kontua!