Infonomia berritzaileen sareak eskualde ordezkaritza bat ireki du Euskal Herrian, eta Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean du egoitza. Elkartze gune honek berrikuntzaren esparruan punta-puntakoak diren enpresen arteko loturak sustatzeko aukera eskainiko dio Garaiari, eta baita ikertzaileen arteko topaketak eta elkarreraginak erraztekoa ere. Infonomia sareak 17.000 kide ditu eta, beraz, berrikuntzan interesatutako Europako pertsonen sare nagusietako bat da. Horietatik, mila inguru Euskal Herrikoak dira.
Infonomia sareak konpainia garrantzitsuetarako eta hainbat Sustapen Zentrotarako egiten du lan; aholkularitza-ekintza lana betetzen du, hainbat adibidek erakusten duten moduan; eta bestalde, berrikuntzarekin lotutako eduki ugari sortu ditu: infonomia.com web orria, If aldizkaria, liburuak eta ohikoak ez diren hainbat ekitaldi berezi, in company eran nahiz jende guztiari zuzenduta. Erakunde berritzaileen 700 kasu baino gehiago ere bildu ditu, hainbat formatutan.
Infonomia sarea Alfons Cornellak fundatu zuen 2000. urtean, eta bere estilo berezi eta berritzaileari esker, berrikuntza gaietan erreferentzia nagusietako bat da estatuan. Hauxe da bere leloa: Egunero ideia bat. Cornella Fisikan lizentziaduna da, zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko 16 liburu argitaratu ditu, eta teknologiek enpresa nola alda dezaketen aztertzen duten ehunka artikulu ere idatzi ditu.
Infonomia sareak konektatuta egoteko eta azken joeren berri izateko aukera eskaintzen dizu, eta bi baldintza horiek nahitaezkoak dira XXI. mendeko edozein enpresarentzat, azaldu digu Ángel Arboniesek, Infonomia-Euskadiko contact pointeko koordinatzaileak. Arbonies, MIK (Mondragon Innovation & Knowledge) enpresako zuzendari orokor ohia, Garaia Berrikuntza Guneko innovation coacha da gaur egun; sei liburu eta hainbat artikulu idatzi ditu ezagutzaren eta berrikuntzaren kudeaketari buruz.
Infonomia-Euskadiren Euskal Herriko egoitzak bulego iraunkorra izango du Garaia Berrikuntza Gunean, eta urtarrilaren 30ean egingo du eskualde ordezkaritza horrek lehen ekitaldi ofiziala. Garaiak UpDate08 zirkuituko jardunaldi bat hartuko du; ekitaldi ibiltari horren baitan, bi orduan eta multimediako hainbat formaturen bidez, negozioen eta enpresaren mundua zehazten ari diren joera berritzaileenak aztertuko dira. Alfons Cornellak eta Antonella Brogliak zuzenduko dute; azken hori Saatchi&Saatchi-ren Espainiako lehendakariorde ohia da.
Infonomia-Euskadi 2008. urtearekin batera sortu da −urte hori Berrikuntzaren Urte deklaratu dute Euskal Herrian−, eta GARAIA Berrikuntza Gunea aukeratu du bere egoitza ezartzeko. Arrasateko Berrikuntza Gunea 2007ko ekainean inauguratu zen, eta 11.200 metro koadro ditu euskal ETEek beren B+G Zentroak bertan ezartzeko. Berrikuntza Gunea euskal enpresa guztiei irekita dago, enpresa horiek euren B+G jarduerak sinergien sustatzaile den berrikuntza gune batean kokatzeko aukera izan dezaten; Ikerlan Ikerketa Zentroaren eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetza izango ditu, eta beste Berrikuntza Zentro batzuekin ere partekatu ahal izango ditu ezagutzak.
200tik gora pertsonak eman du izena biharko UpDay'08 Jardunaldirako, eta itxaronzerrenda ezarri da, Garaia Berrikuntza Guneko Areto Nagusian ez delako jende gehiago sartzen.