Espainian 2007. urtea amaitzearekin onartutako Informazio Gizartea Sustatzeko Neurrien Legearen inguruan, kritika dokumentatu eta zehatza egin du Marko Txopitea Txopik bere blogean. Isiltasun Gizartearen legea heldu da, dio Txopik. Handik hona ekarri dugu testua, autoreak jabetza publikokoa izendatu baitu.
Espainiar gobernuak Informazio Gizartea Sustatzeko Neurrien Legea (LMISI) aurrera atera zuen 2007. urtearen bukaeran, besteak beste EAJren laguntzaz, eta 2008ko urtarrilaren 1etik martxan dugu lege berri hau Hego Euskal Herrian.
Hedabide korporatiboek Informazio Gizartea bultzatzeko dela badioete ere, bere eduki batzuk gizartearentzako ikaragarri kaltegarriak direla deritzot. Hona hemen nire arrazoiak (eta beste askorenak ere, noski):
Merkataritza elektronikoa erregulatzeko zela suposatzen zen beste lege batek (LSSICE), webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezartzen zuen orain arte. Lege hau oso polemikoa izan zen onartu zen garaian, batez ere zirriborroan administratiboki webgune bat itxi zitekeela esaten zuelako (Interneteko Zerbitzuen Hornitzaileek 12 hilabetez beraien bezero guztien mugimenduak gorde beharrak ere giroa asko berotu zuen). Gizarte mugimendu handi bat sortu zen lege honen aurka (aldaketa sakonekin konformatzen zirenak ere baziren), eta azkenik webgune bat epaile batek bakarrik itxi zezakeela ezarri zen LSSICE legean.
LMISI lege berriarekin, espainiar alderdi politiko indartsuenak berriz saiatu dira eta Interneteko erabiltzaileen elkarte askok aurkako ekimenak egin badituzte ere, oraingoan zentsuratzaileek nahi zutena oztopo handirik gabe lortu dute. Horrek esan nahi du, pasa den urtarrilaren batetik epaiketarik egin beharrik gabe gobernuko funtzionari batek edo Autore eta Editoreen Elkartea (SGAE) bezalako aholkulari batek nahi duten webgunea bapatean itxi dezaketela eta gainera izun erraldoiak jarri. AUIk eta AIk salatzen duten bezala (IEk ez du tutik esan), lege honek Interneteko erabiltzaileen funtsezko eskubideak urratzen ditu: adierazpen askatasuna, informazioa jasotzeko eskubidea eta iritzi askatasuna.
Hori gutxi balitz, gobernuak, zeharka, lege hau Batasunaren inguruan dauden webguneen aurka era eraginkorrago batean aritzeko balio duela esan du. Horrek zer esan nahi du? Gobernuak gustoko ez dituen alderdi politikoak epaileak bakarrik utzi ditzakeela legez kanpo (Alderdien legeari esker) baina gobernuak gustoko ez dituen webguneak funtzionari soil batek itxi ditzakeela (LMISI legeari esker)? Hori horrela bada, hau ez da Informazio Gizartea sustatzeko legea, Isiltasun Gizartea sustatzeko legea baizik.
Informazio digitala gorde eta kopiatu dezaketen gailu orori kanon bat jartzea oso kaltegarria da. Musikariek, idazleek eta beste sortzaile batzuk, beraien lanetaz egiten den zabalketa publiko bakoitzeko, dirua jaso behar dute espainiar legediaren arabera. Irrati, taberna, kopia-denda eta abarretan egiten den guztia kontrolatzea ezinezkoa denez, espainiar gobernuak berak zuzenean egileen eskubide hori bermatu beharrean, bermatu egin behar dela legeztatu besterik ez du egiten. Hortik atera ziren SGAE, DAMA, CEDRO eta antzeko kudeaketa elkarte pribatuak. Pribatuak direnez, eman zaien boterea herritarrok diogunari eta bozkatzen dugunari jaramonik egin beharrik ez daukate. Horregatik daukagu kanon digital bat eta ez zerga digital bat. Horregatik kudeaketa elkarteek bakoitzak nahi bezala kobratzen dute dirua (hedabide eta enpresei mafia batek bezala dirua ateraz) eta nahi duten bezala banatzen dute jasotakoa (defendatu behar lituzketen egileei, batez ere txikiei, aurpegira barre eginez). Espainiar legediak ematen die erakunde pribatu hauei bidegabekeria guzti horiek egiteko aukera eta babesa.
Orain dela aste gutxi, beste gauzen artean kanon digitalaren prezio berriak arautuko zituen LMISI legea onartzeko bidean zegoenean, espainiar Legebiltzar barruan kanona kentzeko ahotsak entzun ziren. Horrek, ikusmin dexente sortu zuen, baina azkenik ez zen deuz ere gertatu eta legeak zegoen bezala aurrera egin zuen (gero ikusiko dugun bezala, PPk protagonismoa lortzeko erabili zuen gai hau). Beraz, hain bidegabekoa den kanonak jarraitu egingo du. Egileek SGAEk beraien eskubideak sudur puntan jartzen zaion bezala kudeatzen jarraitzea jasan beharko dute (adibidez SGAEn dagoen musika talde batek emanaldi ongile batetan parte hartzen badu, naiz eta berak ez nahi, SGAEk bildutako diruaren zati bat nola eramaten duen ikusi beharko du). Irratiek, tabernek, udalek, kontzertu antolatzaileek eta musika grabatua ala zuzenean publikoki zabaltzen duten guztiek, SGAEk behin eta berriz etekinak nola ateratzen dituen ikusi beharko dute, diru kopuruak era mafiosoekin adostuz. Eta azkenik, kaleko jendea, beraien informazio digitala grabatzeko eta gordetzeko (bidaietako argazkiak, laneko dokumentuak, familiako bideoak ) erabiltzen dituzten gailuengatik beti SGAEk daukan talderen baten musikaren kopiak egiten ibiliko balitz bezala kanona ordaintzen ibiliko da. Penagarria.
Guzti hau gutxi balitz, lehen gure CD eta DVD guztiengatik kanona ordaintzen bagenuen, orain gailu gehiagorengatik ordainduko dugu: MP3 gailuengatik, USB giltzengatik, argazki kameren txartelengatik, telefono mugikorrengatik, MP4 eta PDA bezalako gailu berriengatik, etab.
Beraz, zure kamerarekin egindako argazkiak CD batetan gordetzen dituzun bakoitzean (jende gehienak egiten du hori!), kanona birritan ordainduko duzu, behin ere ordaindu behar ez zenuenean. Zure mugikorrerako kanta bat jaisten duzun bakoitzean, kanona birritan ordainduko duzu (kanta jaisteko prezioan kanona kobratuko bait da), behin bakarrik ordaindu behar zenuenean (talde hori SGAEkoa dela suposatuz noski). Eta orain arte bezala, zure sistema eragile kutunena CDetan kopiatzen duzun bakoitzean edo enpresa batek beraien datuen kopiak egiten dituen bakoitzean, SGAEri dirua ematen jarraituko dugu. Bai, badakit guzti honek zentzurik ez daukala, baina espainiar Legebiltzarrak horrela erabaki du.
Aipatu dudan LSSICE legea onartu zenean, PP zegoen espaniar gobernuan eta PSOE berriz oposizioan. PP webguneak administratiboki ixtearen aldekoa zen eta PSOE berriz ez. Rubalcaba politikari sozialista adibidez, lege honen aurka agertu zen behin baino gehiagotan (ziberespazioko zentsuraren legea zela zioen) eta nik espainiar Legebiltzarkideei lege honen aurka egiteko eskatuz bidali nien gutun bati ere erantzun zion. Gero, PSOEk hauteskundeak irabazi zituenean, ez zuen LSSICE legearen aurka ezertxo ere egin, eta jende gehiago konturatu den bezala, gainera LMISI lege berria atera du aurrera.
Baina boterera heldutakoan aurretik esaten zutenaren kontrakoa egiten duten politikoak zenbaezinak dira eta ez dut pertsona edo alderdi bakar baten kritika egin nahi. PPk ere bere iritziak aldatu ditu, boterean zegoenean kanonaren aldekoa bait zen argi eta garbi, eta orain berriz, denon harridurarako, alderdiko burua kanonaren aurka agertu da (okerreko arrazoiengatik gainera). Aldaketa lotsagarri hauek gertatzearen arrazoi nagusiak, bi dira nire ustez: alde batetik, musikaren industriak botere neurtuezin bat duelako mundu mailan eta bestetik, teknologia berriekin zerikusia daukaten gaiak oso ikusgarriak eta modernoak direlako botoemaileen aurrean jarduteko. Tamalez, alderdi politikoek beraien arteko liskar zikinetan txanpon trukagarriak besterik ez dira sarearekin eta teknologia berriekin lotutako gai hauek (eta baita beste gai asko ere). Elkarri bozkak lapurtzen dabiltzan bitartean, informazio gizartea gauzatzen doa eta politikoen jardun arduragabeak bere egituran eta izaeran garrantsi handia du. Ez dakit horretaz konturatu ere egiten diren.
Bukatzeko, lege honek espainiar legediaren menpe dauden miloika pertsonentzako suposatzen duen adierazpen askatasunaren aurkako kolpea eta diru-ustea azpimarratu nahi dut. Gizakion funtsezko eskubideak benetan errespetatzen badituzte, ezin dituzte hau bezalako lege bidegabekoak sortu beraien ezintasunak ezkutatzeko.
Artikulu originalean zuzenketa bat egin dudala jakinarazi nahi dut. Izan ere, David Maeztu abokatuak legearen irakurketa egin ondoren, Kudeaketa Elkarteek webgunerik ixteko botererik ez daukatela dio. Beraz, badirudi epaileek eta administrazioko funtzionariek "bakarrik" itxi ditzaketela webguneak.
Bestalde, LISI edo LMISI izenarekin ezagutzen den legea irakurri nahi duenak, hemen du lege osoa.
Eneko, diozuna zuzena da, baina nik diodana ere zuzena dela deritzot. Ez dut kontu honekin eztabaida bat sortu nahi, baina jarri nuen esteka irakurtzen baduzu, EAk eta NaBaik zer esan zuten azaltzen ez dela ikusiko duzu. José Ramón Belokik EAJren bozka azaltzeko esan zuena bakarrik agertzen da: "El Gobierno debe regular el canon y hacerlo sin complejos, con luz y taquígrafos y dejando de lado la literatura ligera."
Esaldi hori irakurrita, niri pertsonalki, EAJren bozka nahiz eta azkenean abstentzioa izan, legeare aldekoa dela iruditzen zait. Beste alderdiak zergatik abstenitu ziren ez dakit (EAJ bezala legearen alde zeudelako, gai honetaz iritzi argirik ez zeukatelako, bozkatzeko orduan ez zeudelako, ... auskalo). Bozketa zehatz honetaz informazio gehigarririk badaukazu, beste euskal alderdi politikoak ere gustora gehituko ditut zerrendara.
Azkenik, abstentzioak bozketetan jokatzen dituen paper anitzei buruz lau hitz esan nahi nituzke. Aipatzen ari garen bozketa motan, alderdi handien jarrerak ezagunak izanik, alderdi guztiek beraien kontuak ateratzen dituzte eta abstentzioak irabazle aterako den erabakiaren alde zeharka egiteko balio dezakeela argi dagoela uste dut ("ongi da, baina ez dizut baiezko borobila emango" moduko bat). Oker egon naiteke, baina kasu honetan EAJren abstentzioa bide horretatik joan zela uste dut. Nik dakidanarekin, EAren eta NaBairen abstentzioaren arrazoiak berdinak izan zirenik ezin esan.
Nahiko arraroa izan da lege honen tramitea eta historia osoa. Azken bozketa horretan, PP eta CiU Canon-aren aurka eta PSOE eta IU alde. Bitxia, gutxienez.
Ez dakit zeintzuk izango diren "benetako" argudioak, zaila da jakitea. Bozketak nola joan ziren zehaztea nahi nuen, besterik ez.
Agian arrazoia duzu eta askotan alderdi guztiek egiten duten bezala, botoa eman aurretik kontuak aterako zituzten, edo agian ez, berdin zitzaielako abstenitu dira, edo ez zeudelako ados ez batzuekin ez besteekin, auskalo.
Kontua da BNG, ERC eta EAJ abstenitu zirela eta Congresuko diarioan daudela talde hauen ordezkarien parte hartzeen transkribapenak.
El Mundo-ra joan gabe alderdien ordezkariek zer esan zuten kontsultatu daiteke Diario de Sesiones del Congreso de Diputados-en.
Nahiko nahasiak izaten dira parlamentarioen parte hartzeak, baina EAJ-ko ordezkaria zen Belokik gauza askoren artean, hau esan zuen ere:
"... no hay por que cerrar incluso el camino a la desaparicion del canon. Hay que decirlo con claridad, a nuestro juicio."
www.congreso.es/public_oficiales/L8/CONG/DS/PL/PL_310.PDF
(15.448 - 15.450 orr.)
Hau da, badirudi Canon-a desagertzearen alde ere egongo litzatekeela EAJko Beloki.
Ez dut hemen dena kopiatuko, baina bere mintzaldian Senatuan gertatutakoaren ondoren, eztabaida irekia dagoela oraindik eta osatzen denean Parlamentu berriak Canon-a erregulatu behar ko duela dio Belokik. Eta erregulatze horretan Canon-a desagertzea eta guzti erregulatu daitekeela esaten du Belokik. Auskalo gero.
EA, NaBai eta BNG-k dauden talde mistoko
gehienek, Labordeta izan ezik, ERC eta EAJ bezala egin zutela uste dut: abstenitu.
Ez zuten parte hartu egun horretako eztabaidan, seguruenez talde mistoko Labordetak (CHA) eta Rodriguez Sanchez-ek (BNG) hartu zutelako txanda, baina ez dakit, suposaketa hutsean nabil.
Agian ez du zentzurik, baina ez dut aurkitu EA, NaBai, Aralar, Batzarre, ANV, EHAK, ... edo beste euskal alderdiren batek gaiari buruz emandako iritsirik sarean.
Eneko, lehenik eta behin eskerrik asko erantzunagatik, datuengatik eta azalpenengatik. Ez nekien espainiar Legebiltzarreko transkripzioak irakurri zitezkeenik.
Egun hartan Beloki jaunak lege honi buruz esandakoak irakurri ondoren, EAJk kanonaren inguruan duen iritzia zehaztu gabe geratzen dela ikusten dut (argi esaten duen bakarra, kanona lege honetatik at geratzea nahi zutela da). Webguneen ixketa administratiboari buruz ez du ezer esaten (batzurentzat hori bakarrik nahiko seinale izango da) eta beraz, ezin daiteke baieztatu EAJ lege honen ezaugarririk kaltegarrienen alde dagoenik. Aurka ere ez, noski.
Beraz, zuri esker, testu originalean EAJren aipamena kentzea erabaki dut. Eskerrak ematen dizkizut nik idatzitakoa hobetzen laguntzeagatik.
Kritika dokumentatu eta zehatza da, bai.
Baina Informazio Gizartea Sustatzeko Neurrien Legeari dagokionez, Canon-aren aurka Senatuak proposatu zuen zuzenketaren bozketan EAJ abstenitu egin zen, EA abstenitu zen bezala, Nafarroa Bai abstenitu zen bezala, Esquerra Republicana de Catalunya abstenitu zen bezala edota Bloque Nacionalista Galego abstenitu zen bezala.
Canon-aren aurka Senatuak proposatu zuen zuzenketaren aurka, hau da legea zegoen bezala onartzeko egin zutenek PSOE, Convergencia i Unió , Izquierda Unida eta Chunta Aragonesista-ko Labordeta izan ziren.