Teknologia albisteak
1

Ardoa euskaraz dastatzerik nahi?

Erabiltzailearen aurpegia
Itxaso Ferreras - Kontselilua
2007-12-12 : 16:12

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herriko hamabi ardandegi esanguratsuren euskararen egoera aztertu du, euren ardo botilen etiketak eta webgunea izan ditu aztergai hain zuzen ere.

“Enpresek ez dute ez Hegoaldean ezta Iparraldean ere euskaraz etiketatzera derrigortzen dituen inolako arautegirik eta ondorioz, salbuespenak salbuespen, euskararen presentzia hain gurea den produktu honetan hutsaren hurrengoa da”, adierazi du Xabier Mendigurenek, Kontseiluko idazkari nagusiak.

Ardandegien azterketa hau eta egingo dituen hurrengo hizkuntza azterketa berezituak osatzeko asmoz, kontsumoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak aztertu ditu Kontseiluak. Bartzelonako hizkuntza-eskubideen adierazpenaren 50 artikuluak argi uzten duen bezala, “euskaldunok etiketak euskaraz izateko eskubidea dugu”, azaldu du Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.

Ardandegien azterketa pausoz pauso

Euskal Herrian erositako eta bertan ekoitzitako ardo botiletatik, Nafarroa Behereko Irulegi Sotoko Kooperatibako ‘Domaine de Mignaberry’ ardoa izan da emaitzarik onena jaso duena. Oro har, Iparraldean frantses hutsean etiketatzen dituzte produktu gehienak, baita ardoa ere, Iparraldean aztertutako beste hiru upeltegiek egiten duten bezala, baina “Irulegi izendapeneko ‘Domaine de Mignaberry’ salbuespen goxoa izan da euskararentzat, salbuespen gazi gozoa delarik ere”, aipatu du Mendigurenek. Izan ere, euskara guztiz era orekatuan ez agertu arren, nabarmena da bere presentzia ardo honen botilaren etiketan. Aipagarria da gainera, Irulegi ardandegiak Bai Euskarari Ziurtagiria duela eta euskararen aldeko neurriak hartzeko asmoa azaldu duela.

Kontseiluak hiru izendapen desberdinetako, Errioxa, Nafarroa eta Irulegi izendapenak hain zuzen ere, hamabi produktu izan ditu aztergai. Ardo ekoizleei dagokienez, Hegoaldearen kasuan, Campsa gidak aipatutako zazpi ardandegi esanguratsuenak aukeratu dira. Iparraldean berriz, bertako izendapen famatuena lantzen duten lau ardandegi esanguratsuenak.

Produktu hauek guztietatik bakarrak jasotzen zuenez euskara bere etiketan, Kontseiluak hasierako lagina handitu zuen eta horrela, Campsa gidan azaltzen ez den Aroa ardandegi nafarra gehitu zuen azterketara. “Aroaren etiketan ere, gaztelania nagusitzen da, baina behintzat euskarak ere bere lekua du, oraindik txikia bada ere”, adierazi dute Kontseiluko ordezkariek.

Product of Spain. Aztertutako hamabi produktutatik bederatzitan agertzen da neurri batez edo bestez ingelesa etiketetan. Euskara berriz, bi etiketetan besterik ez da agertzen. Beraz, ingelesak euskarak baino askoz ere presentzia handiagoa du etiketetan nahiz eta Euskal Herrian ere saltzen diren produktuak izan. Aztertutako Hegoaldeko ardo ekoizle guztiek erabiltzen dute neurri batez edo bestez hizkuntza bat baino gehiago, Iparraldekoak aldiz, elebakarrak dira, hau da, frantsesa besterik ez da ageri haien produktuetan. Webguneetan ere, frantsesa bakarrik azaltzen da.

Oro har, webguneei dagokienez, aztertutako hamabi ardandegietatik, bederatzik dute webgunea. Horietatik zazpitan ageri da ingelesa, beste zazpitan gaztelania, bostetan frantsesa, hirutan alemana eta bitan bakarrik euskara: Marques de Riscal eta Aroaren webguneetan hain zuzen ere. Bietan informazio zabala euskaraz egon arren, atal batzuk euskaldundu gabe daude.

‘Marques de Riscal’en webguneak zazpi hizkuntza eskaintzen du osotara. Euskara hautatuz gero, aurkibidea gaztelaniaz mantentzen da, gainerako hizkuntzetan ez bezala. Eduki aldetik ere, guztia ez da euskaraz eskaintzen, beraz, gerta liteke euskara hautatzean, webgunea erdaraz egoten jarraitzea. Aroak bost hizkuntza erabiltzen ditu bere webgunean. Ia eduki guztia eskaintzen du euskaraz, baina Sariak eta Berriak atalak esaterako, gazteleraz bakarrik eskaintzen ditu.

Irache ardandegiak ere, lau hizkuntza erabiltzen ditu webgunean, baina botilaren etiketan egiten duen bezala, ez du euskara hautatzen. Ikuspegi ekonomikotik begiratuta, webguneetan oinarrizko informazioa euskaraz eskaintzeko gastua benetan murritza da, “beraz, zein da orduan arrazoia?”, galdetu du Xabier Mendigurenek. Irache ardandegiak ere lau hizkuntza erabiltzen ditu bere ardo botilen etiketetan, baina euskara ez da multzo honetan sartzen. Artadi taldekoa den Artazu ardandegiak ere, bederatzi hizkuntza erabiltzen ditu sulfitoak daudela adierazteko, baina euskara ez da ageri horien artean.

Kataluniari begira. Katalanen kasua bestelakoa da eta bertan bai aurki daitezkeela katalana nagusi duten ardo etiketak, katalan hutsean dagoen Penedés izendapeneko Can Feixes Negre Selección 2003 bezala.

Euskaldunon hizkuntza-eskubideak kontsumoan

Enpresaren erabakia da zenbat hizkuntzatan eskaini webgunea nahiz haien produktuak, beraz “egiten ez badute, ez dutelako nahi da”, salatu dute Kontseiluko arduradunek. Euskararen erabilpena ez da pertsonen arteko komunikazioa bakarrik, etiketen oinarrizko informazioa irakurtzea ere, euskara erabiltzeko beste era bat da. “Eta hori gaur egun, ezinezkoa da kasu gehienetan, euskaldunak ez du euskara erabiltzeko aukerarik nahita ere”, gaineratu du Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduradunak.

Errealitate honek Bartzelonako hizkuntza-eskubideen adierazpenarekin talka egiten du, 50. artikuluarekin hain zuzen ere: “Hizkuntza komunitate propioaren lurraldeen gizaki orok eskubidea dauka bere hizkuntzan informazio osoa izateko idatzia zein ahozkoa, lurraldean finkatutako merkataritza-establezimenduek eskaintzen dituzten produktu eta zerbitzuez, hala nola erabiltze-jarraibideak, etiketak, osagai zerrendak, publizitatea, bermeak eta gainerakoak”.

Kontseiluaren aburuz, ezinbestekoa da kontsumitzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideak arau bidez babestea horretarako lege edo dekretua sortuz. “Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematiko hau ez da borondatearen baitan konpondu behar den zerbait, enpresa ekoizleek legez errespetatu beharko lituzkete aitortzen zaizkigun eskubideok”, azaldu du Lasak.

Kontseiluak 9 puntutan laburbildu du dekretu edo arau honek beharko lukeen egitura:

  1. Hizkuntza-eskubideen babeserako legezko arauak beharrezkoak ez ezik, ezinbestekoak dira eskubideok bermatzeko. Eskubideen bermea ez dago inongo kasutan establezimenduen borondatearen menpe.
  2. Kontsumo harremanetan hizkuntza-komunitateak kanpo eraginik gabe arautzeko eskubidea izan behar du, hots, kanpoko arau batek ezin du bertako hizkuntzaren presentzia eragotzi.
  3. Araua hizkuntza-komunitateak presentzia duen gune administratibo guztietan aplikatu behar da. Euskararen kasuan, beraz, bi estatutan, hiru administrazio nagusitan eta Euskal Herriko udalerri guztietan. Edozein kasutan garbi utzi behar da hizkuntza gutxitu baten kasuan ezagutza tasak ez duela lurraldea definitzen.
  4. Hizkuntza gutxituari lehentasuna eman behar zaio kasu guztietan. Beraz, bere presentzia bermatu behar da alor sozioekonomikoko harreman guztietan.
  5. Arauetara egokitzeko epe onargarri eta jakin bat izan behar dute establezimenduek. Ahozko zerbitzuari dagokionez, enpresa edo establezimendu handienetatik hasita txikienetarako bidea egin behar da.
  6. Euskal Herrian salerosten diren produktu eta zerbitzu guztiei aplikatu behar zaie araua, kanpoan ekoitzi, baina, bertan saltzen direnei ere bai.
  7. Araua ez betetzeak mota desberdineko ondorioak izan beharko ditu.
  8. Lehentasun berezia eskainiko zaie gai arriskutsuei eta botikei herritarrengan izan dezaketen eraginarengatik.
  9. Enpresen tamainak bezalako irizpideek ez dute eskubidea bermatzeko unean muga izan behar. Egokitzeko zailtasun handiagoak dituztenek laguntza gehiago jasoko dute dagozkien helburuetara iristeko.

Erantzunak

mikel
2007-12-12 : 20:58



Kontseilua Consumer bihurtu ote? Hau da nire galdera. Azken boladan ikeketak eta ikerketak burutzen ari da. Baina, salaketa egin ondoren, zer? Kontseiluak egin zuen ikerketa-salaketaren ondoren,

zinema aretoen hizkuntz paisaia aldatu da?

10 urte betetzear une aproposa izan daiteke pentsatzeko ea duela 10 urte Kontseilua sortu zen, ikerketak egiteko.

Erantzun

Sartu