Infozazpik webgune berritua du
2007-12-06 08:12
Abenduarekin batera jantzi berria estreinatuko du Infozazpi irratiak. Gune osatuago eta biziagoa eskaintzeko asmoz egin da aldaketa, diseinu modernoagoa eta iristerrazagoa izateaz bat. Entzuleekin elkarrekintza handiagoa eta podcast eskaintza zabala ditu blog itxura hartuko duen gune berrituak
Irratiaren programazio zabalkunde horri erantzuteaz bat, entzuleen eta irratiko esatari nahiz kolaboratzaileen arteko harreman zubi berriak eraiki nahi izan dituzte aldaketarekin. Aurrerantzean, irratiko saio bakoitzak bere atal propioa izango du eta bertan saioen edukiak, aurrerapenak eta albisteak jarriko dira entzuleen eskura. Gainera, iruzkinen bidez, entzulearen eta esatarien nahiz kolaboratzaileen arteko harremanak estutzeko aukera ere emango du blogak, entzuleak webgunean bere deialdi, iritzi eta ekarpenak zabaltzeko aukera izango baitu.
Bestetik, diseinu berriarekin nabarmen ugarituko da podcast eskaintza. Podcast sistemaren bidez irratiko albistegi, analisi tarte, kronika, musika saio, zientzia saio edo dena delako audio fitxategia modu errazean ordenagailura edo eskuzko mp3 irakurgailuetara jaisteko aukera izango du entzuleak. Sistema horrek, gainera, gustukoen dituen saio, analista edo kolaboratzailearen programa eguneratu bezain laster jakinarazten dizkio entzuleari, etengabe webgunera sartu eta zer berrikuntza izan den begiratzen ibili beharrean.
Azkenik, irratia saretik entzuteko era ere erraztu nahi izan dute. Gaurdanik aurrera, Infozazpi zuzenean entzuteko nahikoa izango da webguneko goi-eskubi aldeko Play ikurra zapaltzea.
Erantzunak kargatzen...