Cocidito madrileño eta intxaur-saltsa
Oso zalea ez banaiz ere inoiz edo behin entzun dut Cocidito madrileño Radio Euskadin eta, alde batetik, egoki ikusten dut saio horretan egiten den salaketa: Madril aldeko komunikabideetan euskal kontuen aurka egiten den "gerra" moduko hori. Baina, bestetik, ez dut ongi ikusten egin ohi den beste salaketa: Madril aldeko kazetariak ezjakinak direla eta kultura maila eskasekoak, euskal gaiei dagokienez.
Adibidetzat ematen dituzte Bizkaiko herriak Gipuzkoa lurraldean kokatzen dituztenak eta halakoak. Kontu horiek, ordea, egunero ikusten ditut nik Madrilera joan gabe, gure inguruko irratietan (Radio Euskadin, adibidez). Maiz entzuten dut oraingo gazteek ez dakitela esnea zer den, alegia, behiak ematen duenik, supermerkatuan erosten baitute (topiko hutsa da hori). Bada, kazetari batzuek ere ez dute futbol gaien inguruko jakintza faltarik baina geografia kontuetan... Nola, bestela, uler daiteke gertaera bat Nafarroako Caparros herrian kokatzea? Eta atzo bertan arratsaldeko programa batean erreportajea egin zion kazetari ezagun batek Mungian ireki berri duten Olentzeroren etxearen arduradunari. Eta hara nolako jakin-mina zuen kazetariak: ea Olentzero nekatua ote zegoen urte osoa eman ondoren picando carbón eta ea noiz itzuliko zen meategira galdezka. Behi-esnea zer den ez dute haur batzuek jakingo, baina egur-ikatzaren berri handirik ere ez dute kazetari nagusi batzuek. A zer nolako intxaur-saltsa osa daitekeen bertoko irratiekin ere (baditut makina bat adibide halako).
Erantzunak kargatzen...