Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza sailak abian ipini du aurten 120 ugarroi handi hiltzeko programa. Basozain batek garbituko omen ditu. Arrazoia? Helburua? Kirolariak (sic! boto emaile batzuk) kontent atxikitzea.
Bizkaiko Foru Aldundia eta ugarroiak Bai, hala da. Ezaguna da gure foru aldundiek ehiztari eta erreka-arrantzaleek zeinen maiteak dituen; haien alde edozer egiteko kapaz direla erakutsi dute behin eta berriro, nahiz eta horrela Europako arauek urratu, epaiak kontra izan eta guztion sosez ordaindu behar izan jokaera arduragabe hura (zer arraio, boto asko dago jokoan!).
Oraingoan, ur gezako arrantzale zailduak pozik uztea tokatu da. Aspalditxotik dabiltza kexu, erreketan ugarroi eta koartza gehiegi dagoela (eta den-dena jaten dutela, jakina). Txikitu behar dira noski! Bizkaiko aitatxi Aldundik begi onez hartu, eta ikerketa enkargatu zuen. Bi urteren ondoren, kontratua irabazi zuen enpresak entregatutako emaitza eta gomendioak gustukoak ez, nonbait, eta enpresa ezagun eta serio hari enkargua kendu eta enpresa ezezagun bati eman. Normala den bezala, enpresa honek ugarroiak eta koartzak txikitu behar direla gomendatu du. Argi utzi behar da bigarren enpresa hau ez dela inguru naturalari buruzko ikerketetan batere zaildua, ehiza-eremuetan piztiak garbitzeko moduei buruzkoetan baizik.
Dena dela, nahiz eta Nekazaritza sailak gezur borobilak kaleratu eta galzorian dauden bi arrain-espezie babesteko hartutako neurria dela iragarri, bi enpresa horiek egindako txostenetan ez da halakorik aipatzen; aitzitik, propio ukatzen dute. Beraz, ez dago ingurumen-arriskurik ez kalterik. Bestalde, gauza jakina da Bizkaian ez dagoela ur gezako arrantza komertzialik, non eta ez den angularena. Arrazoi ekonomikorik ez, beraz.
Zein da orduan arrazoia? Bizkaiko lau erreketako koto intentsiboetan neurririk gabe askatzen diren arrain exotikoak jaten dizkietela. To iraunkortasuna! Horietan Salmo gairdneri, Ameriketako amuarraina askatzen dute, milaka eta milaka ale urtero. Hazi bai, baina gure erreketan ez da ugaltzeko gauza arrain hori; hala ere, bertako amuarrainari (Salmo fario) lehia egiten dio. Ironikoa bada ere, bertako amuarraina sustatu nahian (omen) dabil Bizkaiko Nekazaritza saila... Alegia, bertako amuarrainaren mesedetan jarduten dute ugarroi eta koartzek!
Orduan, motibo nahikoa al da aisia-jarduera minoritario baten alde, arrazoi sasikoa inondik ere, guztion ondarea horrela maiseatzea? Eta hala balitz ere, zer dela eta ordaindu behar du Nekazaritza sailak, alegia, natura babesteko ardura duen organoak, eta ez arrantzaleen federazioak edo Kirol sailak?
Pentsa ezazue, bestela, eskalada aiseago egiteko Ogoñoko pareta ezdakitnola aldatu nahiko balute, edota parapentean hobeto egiteko Txindoki puntaraino pista bat zabalduko balute! Zilegi al litzateke egitea? Eta Nekazaritza sailak ordaintzea, for more inri?
Ba horrelaxe sartu nahi digute berriz ere ziria gure ordezkariek.
Lotsagarria iruditzen zait natura ere gure neurrira moldatu nahi izate hau. Ubarroiak eta koartza hauskarak babestutako espezieak dira eta gure ibai-erreketako amuarrainak jaten dituztenez... onena hiltzea. Gero lizentzia gabeko arrantzaleak han eta hemen ikusiko ditugu bi txorion elikagaia saskiratzen... Ornitologo adituei galdetuz gero laster asko erantzungo digute ubarroi eta koartzek oso neurri txikian jaten dituztela bertoko amuarrain eta izokinak, izan ere, ziprinidoez elikatzen dira nagusiki. Baina azterketa zorrotzik egin ezean, errazenera jotzen dugu, milaka urteetan harmonia ederrean (naturaren arauak betez, beti ere) bizikideak izandako espezieak elkarren etsai moduan erakusten dizkigute. Desorekarik baldin badago ez al da ibaiotan askatutako amuarrain arrotzengatik? Edo...gure ibaietara aldian-aldian iristen diren isurkiengatik?