Sustatu logoa Teknologia albisteak

ZINEBI: aurten 38 herrialdetako 92 film lehian

Sustatu - Zinebi
2007-11-26 01:11

Orotara 92 film lehiatuko dira azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean ZINEBI Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiko Sail Ofizialean. Guztira 400 film inguru ikusgai eta besteak beste, Marilyn intimoa erakusketa. Pere Portabella ekoizle eta zinemagile kataluniarrak jasoko du Ohorezko Mikeldi saria.

Aurten ZINEBIn 400 film inguru emango dituzte, 92 Sail Ofizialean. Pelikula horiek 75 herrialdetatik iritsitako 2.648 pelikularen artean aukeratu dituzte antolatzaileek.

Sail Ofizialean 38 herrialdetako 92 lanek parte hartuko dute, hiru kategoriatan bereizi dituzte:

  • fikzioa (52),
  • dokumentala (21) eta
  • animazioa (19).

Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua dira lanik gehien aurkeztu dituzten herrialdeak.

Euskal Herriko filmak 9 izango dira aurten: Koldo Almandozen Columba Palumbus, Jose Julian Bakedanoren La carta del amigo, Luis A. Berdejo, Borja Cobeaga eta Jorge Doradoren, Limoncello, Telmo Esnalen Taxi?, Jon Garanoren Tex Norton, Victor Iriarteren Decir adios, Haritz Zubillagaren Las horas muertas, Laida Lertxundiren Footnotes to a house of love eta Izibene Onederraren Hezurbeltzak, una fosa comun.

Lehian ariko ez diren Euskal Herriko eta Espainiako filmak Infoeuskadi eta Infospain sailetan izango dira ikusgai.

Zikloak

Aurten honako ziklo hauek prestatu dituzte: "Kolonbia laburrean", "Afrikako sei ikuspegi. Zuzendari berriak Kontinente Zaharrean", "Zinema eta diseinua. Zinema modernoaren irudian objektuek duten tokia", "Hiroshima animatu egiten da", "Indarra eta erromesak. Espainiako dokumentala NO-DOren produkzioan", "Argilun europarrak. Ekialdeko zinemaren harresien bestaldeko paisaiak" eta "Musen dantza. Zinema eta arte plastikoak". Azken horrekin Bilboko Guggenheim Museoaren 10. urteurrenaren ospakizunetan esku hartu nahi du ZINEBIk.

Aurtengo egitarauan, gainera, Marilyn Monroe aktoreari buruzko erakusketa eta KIMUAK programaren 10. urteurreneko ospakizunak ere ageri dira. Horretaz aparte, urtero antolatzen diren jarduera bereziak izango dira ere: Zineskola, EBA (Euskal Bideoartistak), Clip-Klub, Zinebilab eta Mikrozinebi.

Horiez gain, aurten Policarpo Fernandez Azkonak 1960an grabatutako 12 minutuko Bilbao? dokumentalaren emanaldiak. 47 urte geroago Euskadiko Filmategiak berreskuratu du aparteko balioa duen dokumentu hori. Zinebiren esanetan: Policarpo Fernandez Azcoaga filmatu zuen 1960an super 8 formatuan, orduko errealizadore gazte amateurrak zalantzarik gabeko zentzu dramatikoarekin jaso zuen mendietako hegaletan eta Bilbo moderno eta berriaren zenbait leku adierazgarrietan, egun Guggenheim Museoa dagoen Ingelesen Landa barne, ematen zen txabolismoa. Bilboko oroitzapen historikoaren ariketa bat, bete-betean.

P

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu