Sustatu logoa Teknologia albisteak

E2i: Euskara Elkarteak Ibilian

Hamar urte bete dira aurten Topagunea Euskara Elkarteen federazioa sortu zenetik, baina euskara elkarteen mugimendua askoz ere lehenagokoa da: Arrasateko AED Elkarteak, esate baterako, 25 urte egingo ditu aurki.

Denboraren poderioz, aldaketa nabariak gertatu dira, nola gizartean hala euskara elkarteetan. Hasierako diskurtsoak garatu eta garai berrietara egokituz joan dira, ideiak eta praktikak eraldatu, berritu eta egokitu egin dira, eta hainbat galderaren erantzunak agertzeaz bat, zalantza berriak ere sortu dira eguneroko jardunean.

Federazioaren zein Euskara Elkarteen helburua euskararen erabileran eragitea dela esaten dugun behin eta berriro, baina hortik aurrera… zer egin hori lortzeko? Nola motibatu euskaldunak euskaraz aritzeko? Zer egiten dute antzeko egoeran dauden beste hizkuntzetan? Non du euskarak balio erantsia? Nola komunikatu hori guztia modu eraginkorrean?

Hori guztia eztabaidatzeko, orain arteko ibilbideari gainbegiratua egin eta, batez ere, aurrera begirako ildoak osatzen hasteko, E2i: Euskara Elkarteak ibilian jardunaldiak antolatu ditu Topaguneak. Izaera praktikoa izango dute azaroaren 23an Donostiako Miramon Teknologia Parkean egingo diren jardunaldiok, asmo nagusia Euskara Elkarteen mugimenduaren aurrera begirako pausu eta lan ildo nagusiak zehaztea baita.

Aurrera begirako bide hori marrazteko, noski, orain arteko eskarmentua izango da oinarria. Batetik, Euskara Elkarteek izandako esperientzien berri emango da jardunaldiotan, eta bestetik, Euskal Herritik kanpoko ekimenen berri ere izango dugu: Valentziako Unibertsitateko Ferran Suay Psikologian doktoreak, adibidez, TELP (taller d'espai lingüístic personal) ekimenaren nondik norakoak azalduko ditu.

Bertoko eragile eta gonbidatuek ere ekarpen interesgarriak ekarriko dituzte. Besteak beste, euskararen aldeko motibazioan eragiteko esperientziak, mintzapraktika egitasmoen garrantzia, norberaren jarreratik talde jarrerarako ibilbidea eta hizkuntzaren balio estetikoa izango dira hizpide jardunaldien lehenengo zatian, Amaia Antero, Mirari Bereziartua, Jasone Mendizabal, Paula Casares eta Fermin Etxegoien bezalako hizlarien eskutik.

Bigarren zatian, gogoeta egitea proposatuko zaie bertaratutakoei. Hiru gogoeta gune egingo dira arratsalde partean: TELP ekimena, motibazioa eta komunikazioa ardatz hartuta eta, besteak beste, Iñaki Arruti, Pablo Suberbiola eta Iñaki Eizmendi bezalako adituen gidaritzapean. Jardunaldien amaieran, arratsaldeko 6ak aldera, gune guztietako ondorioak bildu eta bertan aurkeztuko dira.

Erakusketa ibiltaria

Etorkizunari ez ezik, euskara elkarteen iraganari eta orainari ere egin nahi dio errepasoa Topaguneak, 10 urte betetzen dituen honetan. Horretarako, E2i jardunaldiekin batera, E3i (Euskara Elkarteen Erakusketa Ibiltaria) estreinatuko du Euskara Elkarteen Federazioak azaroaren 23an. Erakusketak euskara elkarteen gaur egungo dimentsioaren argazkia eskaini nahi du, haien bilakaeraren eta gaur egungo jardueraren berri emanez. Jardunaldiak amaitu bezain pronto, erakusketa martxan jarriko da, eta Euskal Herriko hainbat herritan egongo da ikusgai, tokian tokiko elkartearen eskutik. Miramonen egon ondoren, Donostiako San Agustin kulturgunea, Durangoko Azoka eta Bilbo bisitatuko ditu erakusketak urtea amaitu aurretik. Toki bakoitzean, informazio orokorraz gain, bertoko elkarteen berri zehatza emango du erakusketak.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu