Tabacalera, den bezalakoa eta denontzat
Igandera arte (urriak 21) dago irekita Donostian, Tabacalera eraikinean, Julian Schnabelen erakusketa. Formatu erraldoieko eskultura eta margoak primeran geratzen dira eraikinean, eta bisita merezi du. Doan da, eta euskarazko bisita gidatuak ere badira egunero.
Hala ere, gauza pare bat esateko aprobetxatu nahi dut artikulu hau:
Mesedez, utzi Tabacalera eraikina bere horretan
Schnabelen erakusketa primeran geratzen da gela erraldoietan, orma biluzietan, hondakin industrialen oroiminezko aztarnen artean. Aurretik beste erakusketaren bat ere ikusi nuen, eta orduan ere espazio handi handiak primerako edukiontzia ziren artea erakusteko. Tabacalerak ez du erreforma handirik behar. Ederra da den bezala, espazio problemarik ez du, eta dagoenean gordetzea merkeagoa izango da erreformetan hasi baino lehenago. Gainera, uste honetan ez nago bakarrik:
- Beste blogari bat ere topatu dut iritzi berarekin, eta seguru nago jende gehiagok berdin pentsatzen duela.
- Julian Schnabelek ere gauza bera esan zuen. Elkarrizketa honetan zera esan zuen: Eraikin hau benetan ederra da. Gorrotatuko nuke baldin eta arkitektotxo berriren bat etorriko balitz hona hau alferrik galtzera.
Egin kaso eta aurreratu diru publiko apur bat: sarrerak orain arte bezala doan izan daitezen, adibidez.
Utzi herritarrei argazkiak ateratzen
Bisitarioi ez digute argazkirik egiten barruan gaudenean. Ezta flashik gabe ere. Zergatik? Euskal Telebista nahi duenean azaltzen dena nahi duena ateratzera. Eta egunkariak ere joaten dira, euskaldunak eta Espainiako prentsa monarkikoa ere bai, Richard Gere etorri dela, Joxe Ramon Antero donostiarra bere erretratuaren aurrean dagoela, subsailburuorde bat datorrela...
Horiek bai. Ados. Eta guk zergatik ez? Nik ere dibulgazioa egiten dut, ze demontre, estraperloan bada ere. Eta Flickr edo blogik izango ez banu ere, motibo gutxiago ezetzerako: ez da irudi hori asko zabalduko familia bilduma batetik harantzago...
Erantzunak kargatzen...