Googlek Jaiku erosi du, mikro-blogintza zerbitzu bat. Jaikuren sortzailea, Jyri Engestrom soziologo finlandiarra, Euskal Herrian izan zen uztailean eta webgintzaren inguruan mugitzen garen zenbaitzuk harekin topo egiteko aukera izan genuen. Topaketa horretan antzeman genuen, mikro-mezuak partekatzeko baino gehiago, Jaikuren aplikazio mugikorrean zegoela zerbitzu honen altxorra.
Nokia modelo jakin batzuekin, sarerako konexio jarraia izanez gero (mugikorreko tarifa laua ezinbestekoa da horretarako), Jaiku erabiltzea beste esperientzia bat da, web bidez Jaikun gabiltzanok nekez ikusten duguna. Mezuak bidaltzea eta jasotzea, argazkiak sarera bidaltzea, lagunen kokapenaren eta beharlekuen berri izatea, hori guztia errazten da izugarri Jaiku-Nokia mugikor horrekin.
Zerbitzu horren detaile batek intrigatu ninduen ni bereziki, Jyri gurekin izan zenean Donostiako topaketa hartan. Enpresa-sustapenerako Ciemen udal zentroaren egoitzan geunden Donostian, Ibaeta auzoan. Gorka Julio Teketen ari zen hizketan nanoformatuez eta Jyri aldemenean nuen nik: argazkiak egiten, eta Teketen eta gainerakoen aurkezpenez mezuak bidaltzen ziharduen
Hona Teketeni atera zion lehen argazkia, Nokia hartatik bidalia: berehala azaldu zen Flickr-en zein Jaikun. Hurrengo argazkia bidali aurretik, Jyrik galdetu zidan: Zein auzo da hau Donostian? Ibaeta esan nion, uste dut nik neuk tekleatu niola, edo letraz letra esan... Hurrengo argazkia bidali zuenerako, auzoa markatu zuen datuetan: Ibaeta. Celltagging egin zuen ekintza horrekin: Nokia hark detektatzen du telefonia mugikorreko zein antenatik ari den bildatzen, eta mezu hura etiketatu egin zuen Ibaeta auzoarekin. Harrezkero, bertatik bidali zituen gainerako mezu eta argazkietan, antena beretik iritsi zirenez mezuak, etiketaturik geratu ziren Ibaeta kokapenarekin. Ikus, ahapaldi honetan lotutako Flickr argazkietan, zein etiketa eta machinetag dituzten irudiek:
Lehen argazkiak ez zekien Ibaetan ateratakoa zenik, soilik antena numeriko jakin baten ondoan zegoela (Machinetags alorrean agertzen dira datu horiek). Hurrengo hiru argazkietan, ordea, antenaren datu numerikoak Ibaeta etikatara asoziatuta daude.
Trukoa ez da horra mugatzen. Aurrerantzean, Ibaeta inguruan Jaiku-Nokia aplikazioa darabilen edozein lagunek, mezu bat bidaltzen badu bertatik, Ibaeta eta Donostia kokapenarekin identifikatua geratuko da (berak ezer jakin gabe, inguru hari Ibaeta esaten zaionik pentsatu barik), Jaikuk badakielako jada antena telefoniko zehatz horien zenbakiak zein tokiri dagozkion.
Orain Googlek ere jakingo du hori. Googlek erosi baitu Jaiku.
Hain zuzen ere, asteburu honetako GAUR8n, Gorka Julioren hausnarketa jaso dugu testuinguru mugikorraren inguruan.
Hemen irakur dezakezue erreportajea: Segapotoak, hots egiteko baino gehiago.