Gaur da "Euskal zinemaren eguna" izendatu ohi dutena Donostiako Zinemaldian. Izena eta izana ezin esan bat datozenik kontu honetan, hemengo produkzio apurrak erdara hutsezkoak baitira (film laburren bat salbu); dena dela, dagoenaren artean pare bat hautatu ditugu, zeresan gehien horiexek eman dutelakoan: "Lucio" eta "El año de todos los demonios".
Film biak dira dokumentalak, eduki sozio-politikoa dutenak, nortasun handiko norbaitengan oinarrituak eta jakin-min handia piztu dutenak. Emaitzetan, berriz, ez dira parean jartzekoak.
Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendu dute Lucio Urtubia, Cascanteko igeltsero anarkista eta faltsifikatzailearen bizitza kontatzen duen pelikula. Lehena film labur biribilen egilea eta bestea produkzioan aritua, beren esperientziari zukua atera diote, gustura ikusten den ikus-entzunezkoa bat landuz.
Lucio bera da filmari nortasuna ematen diona, bere hitz egiteko modu natural eta xalo horrekin; analisi politiko sakonik ez espero harengandik: bizi izandako abenturak eta konpromisoak azaltzeko modu xume horrek ematen dio grazia kontakizunari; horrek eta filmaren arduradunek irudiak txertatzeko, muntatzeko, erritmoa emateko erakutsi duten abileziak.
Zinemarako trebetasun horixe da "El año de todos los demonios" filmak falta duena. Pertur bera falta dela esan lezake baten batek, baina protagonistaren hitzik ezean beste baliabide batzuk ustiatzen jakin beharko zuen Angel Amigo zuzendariak, eta gure ustez ez du asmatu, inondik inora.
Dagoeneko jakingo duzue historia: Eduardo Moreno Bergaretxe "Pertur" ETA pm-ko buruzagietako bat, desagertu egin zen 1976an. Erakunde barruko desadostasunak zirela-eta, komando bereziei leporatu izan zaie errua, borroka armatua zalantzan jartzen omen zuen aurkaria akabatu zutelakoan. Orain, berriz, Italiako justiziaren ikerketen haritik tiraka, badirudi espainiar zerbitzu sekretuentzat aritzen ziren neofaxista italiarrek bahitu zutela, haiek espainiarren eskuetan jarri eta berauek, itxuren arabera, torturatu eta hil.
Bada, aurreko paragrafokoaa jakinda, filmak ez dakar beste ezertxo ere: hamaika lagun (hamar gehi bat) ageri dira hizketan, analisi eta oroitzapenetan (poli-mili ohiak, kazetariak, epaile italiar bat, militar espainiar bat...); hori berez ez dago gaizki, baina zinemarako jauzia egiteko beste zeozer beharko luke: honek, Espainiako "Informe Semanal" haietako bat ematen du, edo, asko jota, Victoria Prego kazetariaren "La transición" erreportaje sortako bat.
Ok, xme, aurkitu zaitut.