Sustatu logoa Teknologia albisteak

Si non e vero, hoax bat da orduan

Sustatu
2007-09-24 10:09

Joxe Aranzabalek atera zuen kontua blogosferara, ohar txiki batekin: Si non e vero, e ben trovato, egia ez bada, ondo asmatua da. Txortan terminoaren etimologia hau proposatzen zaigu han:

  • Ingelesez prostitutek short time (denbora laburreko lana) eskaintzen zietela marinel euskaldunei.

Azkoitiko teoriak dio, ordea:

  • Txortan egitea, abarketa jostea dela, mugimendu frenetiko bat.

Dena den, Anjel Lertxundik ere badu zerbait esateko (gainera, Faroan esan du):

  • "Xorta, edo ur-tanta, hazi-tanta. Ez dakit ba ez ote doan hortik"

Egiazki, Joxeren mezuan ez zen agertzen, baina hortik zehar ibili dabilen mezu elektronikoan beste bi paragrafo ditu testuak (ikusi ditugun hiru adibidetan, hiru mezuak berdinak dira). "Jaun-andriok, nik aukeratutako berbi "Txortan" da. Erabiltxen dala? Bai, asko, bañe eñ gitxi! JAJAJA" dio mezuak hasieran, eta amaieran, berriz: "Egixe ra? Beteasaber, ez segurua, bañe ez esan eztala politxe?". Mezuan bertan ere, beraz, badago zalantza puntua.

Baina marinelen istorioa ez bada egia... Interneteko hoax bat dugu hau, orduan. Hoax bat da gezur bat Interneten modu biralean, mezu elektronikoetan zabaltzen dena. Mikel Iturriak kontatzen zuen duela gutxi bere blogean. Wikipedian gaztelaniaz aurkitu dugu definizioa halaber (oraingoz ez euskaraz).

Eta bizkaieraz osatutako hoax hau... Euskaraz Interneten zabaldutako lehena ote? Une historiko (ñimiño) bat ote Txortan berbarena? Agian bai...

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu