Teknologia albisteak
3

Euskara baizik ez zekiten haiek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-09-21 : 10:09

Koldo Aldabek istorio polita zekarren atzoko Hizpideak atalean Berrian: euskara baizik ez zekiten etorkinak iritsi zirela 1911an New York-era. Uste dugu New York Times-eko hemeroteka n aurkitu duela kontua Aldabek. Are gehiago sarean bilatuta, untzi hartan iritsitakoen izenak eta erregistro originalak (batzuk bederen) aurkitu ditugu guk.

Albistea 1911ko martxoaren 21ekoa da, eta The New York Times-eko hemerotekan aurkitu dugu: testu apur bat bilagarri jarrita, eta gainerakoa PDF gisan (ezin testua kopiatu oraingoz, ematen duenez): Basque Language Balks Inspectors.

Uste dugu Koldo Aldabek toki beretik hartuko zuela, aste honetan bertan ireki baita The New York Times-eko artxibo eta hemeroteka osoa sarera. Orain arte, Estatu Batuetako egunkari handiak kobratu egiten zituen zerbitzu aurreratu batzuk, baina kendu egin dute traba hori. Doan dira orain egunkariaren edukiak. Josu Azpillagak kontatu ditu bere blogean NYT-en erabakiaren inplikazioak.

Aproba egiteko, Basque terminoa bilatu dugu 19. mendean, eta horra emaitzak. Lehen hiru lekuetan:

  • Euskararen jatorriaz misterioa
  • Katolikoa ez zen haur baten ehorzketa gatazkatsua Olaztin.
  • Burujabetasun eskaera bat Espainiako Kongresuan.

Gauza batzuetara iristeko, erregistroa eskatuko dizu NYTimes.com guneak, baina doan da.

Ellis Island

The New York Times-ek informazio eta jakintza ondare handia jarri du sarean. Baina halako gero eta gehiago dago. Aldabek erreskatutako istorioan arakatuz, gehiago bilatzea pentsatu dugu. Eta baita gauzak aurkitu ere.

Ellis Island zen New York-eko inmigrazio zentroa 20. mendearen hasieran. Gaur egun museo nazionala da AEBetan, eta web bidez ere betetzen du funtzio historiko eta dokumental hori.

Hain zuzen ere, EllisIsland.org webgunean bilatuz aurkitu dugu La Touraine untziaren iritsiera oharra, 1911ko martxoan (data batzuetan martxoaren 11 irakurri dugu, beste batean 19a, albistearekin bat dator, beraz). Untziaren erregistro ofizialaren eskanerra aurkitzen ahal da, baina izen guztiak dezifratzea eta ateratzea ez da erraza. Nolanahi ere, ikusi dugu untzi hartan iritsi zirela:

  • Jean Bustengorry, Baigorrikoa
  • Jean Etchegarray, Bankakoa
  • Marie Indiana, Aldudekoa
  • Benito Maya, Senperekoa
  • eta beste zenbait.

Bilaketa ez dago guztiz biribildua EllisIsland.org webgunean. Hemendik egin dezakezue, eta Bustengorry sartzen baduzue deituraren tokian, aurkituko duzue untzi hau.

Bilaketa aurreratuan aukera gehiago dago, baina bihurri samarra da. Behin untzia aurkituta, Ship Manifest delakoa aurkitu daiteke (horren parte bat 320 Kb-ko irudi honetan jaso dugu), jatorrizko erregistroaren eskanerra, eta untziaren argazki bat ere bai. Zerbitzu hauetako batzuk doako erregistratzea eskatzen dute (abantailak ditu horrek, bilaketak gordetzeko orduan, adibidez), eta irudiak kalitate handienean eskuratzeko, erosi egin behar dituzu.

Zalantza dugu, hala ere, ea ship manifest horren orrialde anitzetan untziko izen guztiak ote dauden. Susmoa dugu, Bustengorry bilatuta, pertsona horren izena ageri den orria agertzen dela (eta harekin batera orrian dauden beste izenak), baina beste orriak aurkitzeko, izen bilaketa banan-banakoa egin behar da. Baina nola bilatu ezagutzen ez dugun izenik? Tira, Interneten gauza asko aurkitzen ahal da, baina informazioaren erauzketa eta bilaketak oraindik asko du egiteko.

Erantzunak

Sustatu
2007-09-21 : 19:01

Beste batzuek ere ekin diote ziber-indusketari, The New York Times-en ateak ireki diren honetan. Jason Kottke blogariak hainbat pieza jakingarri aurkitu ditu. Custer jenerala Little Big Horn-en hil zenekoa, edo WWW amaraunaren lehen aipamena ere bai tartean.


Koldo Aldabe
2007-09-21 : 21:46

Aspaldi nenbilen testu hori eskuratzeko asmotan. Duela urtebete-edo hemeroteka horretan nenbilela topo egin nuen artikuluaren hasiera baino ez zena, eta gorde egin nuen, halako batean osorik eskuratzeko itxaropenarekin. Aste honen hasieran NYTk besteak beste hemeroteka zabalduko zuela jakin ostean, berehala sartu nintzen testua zurrupatzera. Ez dut denbora askorik behar izan kontua ateratzeko; immigrazioari buruzko Jaurlaritzaren inkestak eskura jarri zidan aukera.

Pozten naiz nik emandako pistak beste askori kuriositatea piztu izana. Altxor ugari daude hemeroteka horretan. Pista bat: jar zaitezte iragan mende hasieran ustez osaba amerikano batek lapurtar bati herentzian dirutza utzi zion lapurtarraren istorioa arakatzen.



Ander
2011-03-14 : 18:50

Eskerrik asko lanarengatik, Koldo, a ze istorioa...

Erantzun

Sartu