Teknologia albisteak
5

Euskaltube, Youtuberen euskal klona

Erabiltzailearen aurpegia
Euskaltube - Donostia
2007-09-03 : 15:09

Euskarazko ekimen berri bat aurkeztu da gaur sarean. Youtube arrakastatsua oinarri hartuta diseinatutako webgunea da eta Interneteko euskal bideosormenaren erreferente nagusi bilakatzeko asmoarekin jaio da. Euskaltube.com du izena eta, funtsean, Interneteko erabiltzaileei beren bideoak bidali eta ikusteko aukera eskaintzen die, beste parte hartze tresna batzuekin batera.

Euskaltube.com guneko arduradun Haritz Rodriguezek prentsa ohar idez adierazi duenez, euskal gizarteak Web 2.0 tresna propioak erabili ahal izateko duen beharretik sortu da proiektua. Bereziki, euskaraz adierazten direnek duten beharra da abiapuntua. Euskaltube.com edozein hizkuntzan adieraazten diren erabiltzaileentzako sortu bada ere, sistema euskara hutsean dago, sarean hizkuntza honen erabilpena sustatzeko helburu argiarekin.

Rdriguezen esanetan, “Euskaltuberen helburua ez da Youtuberi konpetentzia egitea. Hori pentsaezina da bideoak partekatzeko tresna aitzindari honek duen indar eta erabiltzaile kopuruarengatik. Hala ere, Euskaltuben argi dugu sareko tresna globalekin batera, tresna lokalek ere beren txokoa izan dezaketela. Txikiagatik garrantzitsua izateari utzi ez dion txokoa. Izaera lokala da, hainzuzen ere, gisa honetako tresnak interesgarri egiten dituena. Alegia, badakigu euskaldunek Youtube bisitatzen jarraituko dutela munduan arrakasta erdiesten ari diren bideoak ikusteko. Baina, aldi berean, Euskaltube guneari ere bisita egngo diotela espero dugu, hemen zer ikusten eta sortzen ari den jakiteko”.

“Gertuko eduki lokalean datza Euskaltuberen erakargarritasuna. Aurrerantzean webgune berrian ikusi ahal izango diren bideoak erabiltzailearen gertuko ingurunearekin lotutakoak izango dira. Erabiltzaileekiko gertutasun horrek balioa gehituko die webguneko edukiei. Gainera, egun antzerako plataformatan aurki daitekeen bideo kopuru handiak maiz ahanzturara bideratzen ditu Euskaltuben presentzia indartsuagoa izango duten edukiak.Finean, euskal erabiltzaileak bere intereseko bideoak errazago aurkitu eta partekatu ahal izango ditu, baita zehastasun geografiko eta kultural handiagoarekin ere”, gaineratu du prentsa oharrean.

Euskaltubeko administratzaileak webgune berriarentzat blogarien euskal komunitateak duen garrantzia ere, eta alderantziz, azpimarratu nahi izan du. “Gutxi gora behera 5.000 blog daude euskaraz. Oso komunitate bizia da eta ikusentzunezko edukiak ere sortzen ditu. Maiz, beste hizkuntza batzuetan garatutako webguneetara joan beste erremediorik ez dute, ingelesa kasu. Euskaltube gunetik blogari guztiak gonbidatu nahi ditugu, tresna berri hau erabil dezaten”. Izan ere, Euskaltubera igotako bideoak webgune pertsonal eta blogetan txertatzeko aukera ere eskaintzen du.

Euskaltubera igotako bideoek ez dute zertan euskaraz eginak egon beharko. Euskal Herriarekin harremana duen edozein bideo, baita gazteleraz edo frantsesez egindakoak ere, zabalpen aukera gehiago izango du Euskaltuben beste plataformatan baino. Honi guztiari Youtubek eskaintzen dituen aukera guztiak erabili ahal izatearen gozamena gehitu behar zaio, baina oraingoan norbere hizkuntzan. Izan ere, eduki finkoa (menuak eta jakinarazpenak) euskara hutsean baitaude.

“Garrantzia berezia eman nahi diogu herri kazetaritza deritzaion fenomeno hazkorrari. Gaur egun, edonork bere telefono mugikorrarekin edo etxeko bideo kamerarekin lekuko gisa ikusi duen egunerokotasunezko gertakari bat harrapa dezake. Horregatik, etxeko bideoak, iragarkiak, laburmetraiak, kirolak eta umorea ez ezik, Euskaltube egunerokotasunezko bideoak bidaltzeko tresna bilakatzea espero dugu. Badakigu gaur egun herritarrek grabatutako edozein bideo informazio iturri bilaka daitekeela, baita ohiko hedabideentzat ere”, gaineratu du.

Gaur aurkeztu dena webgunearen “beta” bertsioa da.

Erantzunak

Haritz
2007-09-03 : 17:21

Badirudi dagoeneko lehenengo orduetan jada arazoak izaten ari garela. Jendeak igotzen dituen bideoak ezin daitezke ikusi. Orain arte egindako frogetan ez da arazorik egon. Buru belarri ari agra konpondu nahian.

Sustatu
2007-09-03 : 17:23

Haritz Rodriguezek detaile gehiago ematen du "Gutenberg Galaxia bere blogean." Adibidez, PHPmotion softwarearekin egina dagoela.


Zorionak ekimen berri honengatik. Eta animo arazoen aurrean.


Eneko
2007-09-04 : 17:51

Ikusi behar nola dabilen eta erabiltzaileak animatzen diren bideoak kargatzera, baina hemengo medioetatik kanpo dagoeneko arreta mediatikoa lortu du:


20 minutos
-eko portadan dago, ohiko eztabaida interesgarriarekin,
La Vanguardian ; Meneamen
ez zen portadara ailegatu, kritika, komentario eta, dirudienez proiektu euskalduna izateagatik, boto negatibo ugari, baina oihartzuna izan zuen. Elkarrizketak Haritz-i irratietan, eta seguru medio gehiagotan agertu dela. Animo!


Arsenicum
2007-09-06 : 01:28

Eskerrik asko Haritz! Nik bideo piloa dauzkat igotzeko! Aspertuta nengoen youtuben gaztelera hizkuntza jartzeaz!

indezent
2007-10-02 : 13:31

Ez al da hobeto youtuben euskera aukera egon dadin borrokatzea. Ez nago ados mota honetako ekimenekin:
http://www.blogak.com/theindezents/euskaltube-zergatik-gara-horrelakoak-1


Erantzun

Sartu