Eako herria euskal poesiaren bizileku ludikoa izango da laugarren aldiz. Bizkaiko kostaldeko aipatu herrian egingo baitira aurten ere Poesia Egunak uztailaren 21 eta 22an. Edizio honetan emakumezkoen literatura jorratuko da nagusiki. Eako Herrijari Emon Arnasa kultura elkarteak antolatzen ditu jardunaldiak.
Ekimena gaur, uztailak 13, aurkeztu dute Bilboko Euskararen Etxean eta bertan Irati Jimenez idazlea, Iratxe Retolaza (irakaslea eta literatur-iruzkingilea) eta Asun Landa (antolatzailea) izan dira.
"Literatur zaletasuna bultzatzea, batez ere poesian oinarrituta, eta Gabriel Arestiren irudia, pertsona eta lana omentzea dira gure bi helburu nagusiak" adierazi du Asun Landak, Herrijari Emon Arnasa taldeko partaideak, Bilboko Euskararen Etxean, gaur, uztailak 13, egindako prentsa agerraldian.
Gabriel Arestik Ean igaro zituen bere azken urteak, gaixorik jada, eta zenbait poema herrian bertan idatzi ere.
Poesiaren alde ludikoa jorratu nahi dute antolatzaileek, "akademizismotik" at. "Uda giroan, modu ludikoan poesiaz gozatu eta eztabaidatu nahi dugu", gaineratu zuen Landak.
'Le fleurs du mal'-en 150. urteurrena
Aurten bete dira 150 urte Charles Baudelairek Les Fleurs du mal idatzi zuela. Gabriel Arestik berak itzuli zituen poeta frantsesaren zenbait poema. Honen karietara, jardunaldien lehen egunean, Edorta Jimenezek Baudelaire: Psikotropikoak eta poesia hitzaldia eskainiko du Udal Ar izeneko hitzaldia izango du hizpide.
Atzoko agerraldian, Iratxe Retolaza, irakaslea eta literatur-iruzkingilea, eta Irati Jimenez kazetaria eta idazlea izan ziren. Izan ere, aurtengo edizioaren ildo nagusia emakumezkoen literatura izango baita. Irati Jimenezek larunbat arratseko "Emakumearen irudia euskal literaturan" izenburuko mahainguruan hartuko du parte; Iratxe Retolazak berak proposatutako gidoi baten harira, Uxue Apaolaza eta Katixa Agirrere izango ditu solaskide. Jimenezen esanetan, "emakumeei buruz geuk jaso dugun irudiaz jardungo dugu, bai irakurle, idazle eta argitaratu dugun idazle moduan ere; nik ez dut inoiz honetaz ausnarketarik egin; honek behartzen nau nuere buruarekin ausnarketak egitera. Interesgarri iruditzen zait bertakoekin ausnartzea". Emakumeen literaturaren gaiak badu gaurkotasuna Jimenezen iritzian. "Azken sasoi honetan emakume ugari ari da argitaratzen eta idazten euskal literaturan: liburu salduenen artean dago Karmele Jaiorena, Igartza saria emakume batek irabazi du, Leire Bilbaok bi idatzi zituen iaz...", gaineratu zuen.
Iratxe Retolazak, bere aldetik, igandeko egitaraua aurkeztu zuen prentsa agerraldian. "Igandeko ikuspegia guztiz ezberdina izango da. Kasu honetan, Unibertsoak kontatzen
izenburuz, ibilbide laburreko egileak izango dira. Desberdintasuna oso polita eta interesgarria izango da, larunbateko mahaingurua ibilbide laburreko idazleekin egingo baita", adierazi zuen Retolazak. "Osagarriak dira epe luzeko egoeren berri emateko", gaineratu zuen.
Erramun Landak ondu du Eako Poesia Egunen kartela, grabatuaren teknika erabiliz, kobrezko xafla batean, prozedura "oso poetikoa" landu du Ean bertan jaiotako artistak: irudi abstraktuaren jatorrizko diseinuaren 40 ale emango zaie, oroigarri gisa, parte-hartzaileei.
Egitaraua
21, LARUNBATA
11:30etan: Hitzaldia Udal Aretoan. Baudelaire: Psikotropikoak eta poesia. Hizlaria: Edorta Jimenez Ondoren, Esther Xargayren bideoklipa.
14:30etan: Herri-bazkaria Bedaronan.
16:30etan: Bazkalosteko tertulia: Emakumearen irudia euskal literaturan.Parte- hartzaileak: Iratxe Retolaza, Uxue Apaolaza, Katixa Agirre, Irati Jimenez.
20:30etan: Beletxen, Arestiren oroitarriaren ondoan, Itxaro Bordaren hitzak: Milia lasturkoa in the road.
22:30etan: Poesia-irakurraldia Eako moilan Mundu zabaleko eta denbora luzeko emakumeen poemak.
Irakurleak: Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Xabier Mendiguren, Maria do Cebreiro, Daniel Salgado, Laia Noguera, Miren Ibarluzea...
Musika: Jon Piris, Iñaki Jaio, Mikel Piris.
22, IGANDEA
11:30etan: Mahaingurua Udal Aretoan. Unibertsoak kontatzen.
Parte-hartzaileak: Ana Urkiza, Laura Mintegi, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda.
14:30etan: Herri-bazkaria Natxituko bolatokian.
16:30etan: Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko poeten emanaldia, "Boas tardes": Maria do Cebreiro, Daniel Salgado eta Xiana Arias galiziar poetak.
"Bona tarda": Laia Noguera poeta katalanaren Carboncle bideopoemak.
"Arratsalde on": Sonia Gonzalez, Oier Guillan, Txili Lauzirika, Goizalde Landabaso, Anjel Erro, Beñat Sarasola...
Zaleei gonbita egiten zaie webgunean parte hartzera:
www.poesiaegunak.net