Sustatu logoa Teknologia albisteak

Harry Potter saila, euskaraz eta erdaraz

Sustatu
2007-07-13 13:07

Aste honetan estreinatu dute zinemetan Harry Potter eta Fenixaren Ordena filma. Erdaraz noski. Harry Potterren istorio sortako 5. liburuari dagokio film hori. Sorta laster itxiko da, ingelesez, 7. eta azken liburukiarekin. Eta euskaraz, 6. liburua ere irailean irtengo da.

JK Rowling autoreak aspalditik iragarria zuen, 7. liburua izango zela azkena, eta halaxe izango dela esaten zaigu orain ere: Harry Potter and the Deathly Hollows izenburua izango du ingelesez, eta uztailaren 21ean argitaratuko da, sekretu, logistika, promozio eta segurtasun ikaragarrizko prozesu baten ondoren.

Harry Potterren liburuak, ikasturteka doaz. Hogwarts magia eskolara hasi zen joaten lehen liburuan, eta zazpi ikasturte hartzen dituenez fantasiazko magia ikasketa horrek, zazpi urte eta zazpi liburu tokatzen ziren.

Euskaraz, bosgarrena arte itzuli izan ditu orain arte Iñaki Mendigurenek. Harry Potter eta Fenixaren Ordena, horixe euskarazko azken liburua, asteburu honetan pantailetan estreinatzen den filmari dagokiona, hain zuzen.

Hurrengo liburua, 6.a, iaz irten zen ingelesez, duela hilabete batzuk gaztelaniaz, eta euskaraz irailean ikusiko dugu. Harry Potter eta odol nahasiko printzea izango da seigarren liburuaren euskarazko izenburua. Sortak, amaiera ere izango du euskaraz, noski. Datorren urtean izango da hori seguruenik, baina izenburua esaterik ez dago (gaztelaniaz ere ez dago argi zein izango den).

Bitartean, euskarazko orain arteko bost liburuak Elkar Megadendan eros daitezke Interneten. Sortako azken liburua ere, ingelesezko zazpigarren hori, hortxe bertan eros daiteke jada, aldez aurretik eskatuta. Euskarazko 6.a, hala ere, ez dirudi oraingoz aurreratuta eska daitekeenik.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu