Godwinen Legea euskarazko hedabide berrienetan
Godwinen Legea Interneteko lege murphyano horietako bat da. Eztabaida jakin bat luzatzen doan heinean, Hitler edo naziak azaltzeko probabilitatea 1era hurbiltzen doa. Posta-zerrendetako mezu harilkatuetan, foroetan edo blogetako erantzunetan makina bat bider ikusi izan da... Berdin dio ze aitzakiarekin hasten den eztabaida, tonoa beti goritu daiteke, eta goritzetik itsuskeria absurdoetara igaro jarraian. Internet euskaldunean ere gertatzen da hau, noski, eztabaida horretan ikusi dudan bezala.
Homologatzeko moduan egongo gara lege honen argitan, baina ez dakit hori pozgarria ote den. Hitler argudio gisa darabilgunean, ez dago eztabaidarik, ez dago komunikazio emankorrik, nire iritziz. Hala ere, eztabaidarako mekanismo falta ere ez da desiragarria. Interneten garaian, akaso ulergaitza ere bada.
Baina eztabaidarako bideak jartzen direnean... eztabaidak piztu egin daitezke. Hori da jokoaren arriskua. Galdera bat egiten duzunean hartzen duzun arrisku bera: akaso erantzun egingo dizutela...
Arrisku eta aukera hauen adibideak ikusi dira azken eguneotan, udal osaketa batzuen inguruan.
Elgoibarren
Gaia pil-pileko kontu baten inguruan sortu da. Alkate berria Elgoibarren. Lehengo alderdi berekoa izaten jarraitzen du, baina beste udal askotan bezala, ANV aurkezteko aukerarik gabe egon den herri batean izan da hau. Elgoibarren.net webgune berria da, baina bizi bizia, eta erantzunak moderaziorik gabe eta anonimotasunetik utzi daitezke.
Uztarria, Azpeitia
Euskarazko medio lokalak ari dira bizkortzen. Gipuzkoan, bereziki. Duela ez hainbeste, Uztarria ia bakarrik zegoen esparru horretan, Azpeitian. Orain gehiago dira. Eta azkenengo hauteskunde lokaletan, igartzen da eztabaidarako plataforma berri bat eskaintzen dutela webgune euskaldun hauek. Gipuzkoan, bereziki, alkatetza aukeratzeko orduan bi herritan gertatu da sorpresa nagusia, Azpeitian eta Zumaian, eta bietan hedabide elektroniko euskaldun bat izateak dimentsio berri bat eman dio kontu hori (nire uste apalean, kanpotik begiratuta, eta hanka sartzeko posibilitateekin). Uztarria.com-en ikusten da, EAJk Azpeitian alkatetzea galdu izana (ANVkoa da alkate berria, EAk bi zinegotziek hari botatu ziotelako) notizia potoloa dela, esateko eta pentsatzeko ematen duena eta emango duena.
Uztarrian erantzuteko erregistratu beharra dago: e-posta helbide batekin balidatu behar duzu zure parte-hartzea. Ez da Sustaturen prozedura berdina, baina praktikan, zerbait esan ahal izateko, e-posta helbide bat utzi behar da administrazaileen eskuetan Sustatun edo Zabaldu.com-en bezala. Horrek Godwinen Legearen posibilitateak murrizten ditu nolabait.
Baleike, Zumaia
Zumaian, Baleike.com-en ere igartzen da, EAko alkatea izendatu izanak (ANVren eta EB-Aralarren babesarekin) zer esana ematen duela. Hala ere, kasu honetan hauteskundeak baino lehenagoko eztabaida biziagoak daude Baleiken: udal osaketaren kontu honekin zerikusia izango du agian.
Uztarrian bezalako kontrola dago Baleiken: errejistroa.
Moderazioa eta abarrak
Eztabaida badago beraz. Eztabaida zentzuduna? Ez dakit. Uztarrian moderazio mekanismo minimo bat badago, Baleike edo Elgoibarren.net-en ez daukatena. Anonimotasunetik irtenda, iritzia ematen duenik apenas dagoen, eta horrek ez dakar kalitate askorik. Baina identifikazio konpleto batetara mugatuko bagenu partehartzea, isiltasun absolutoa gailenduko zen sentsazioa ere badago. Gaia irekia dago, baina ondorio moduko batzuk aterako ditut:
- Eztabaida moderatugabe anonimo hutsak, Godwinen legera darama, eta hori ez da ona.
- Hala ere, eztabaidagune digitalik gabeko herria, herri tristeagoa da.
- Eztabaidarako mekanismoak egon daudenean ere, batzuetan ez da eztabaidarik, eta ez da izaten gai faltagatik (adibidez, Aretxabaletan udalbatzaren osaketa konplikatuaz inork ez du ezer esateko). Zergatik? Ez dakit.
- Hedabide lokal hauen kudeatzaileentzat, lan zaila da webgune hauetako eztabaida gobernatzea. Adibidez, kontrol neurriak badaude Baleiken, errejistroa eskatzen da, eta hala ere, eztabaidak zatartu egin daitezke. Ikusten dut Josu WaliƱo Wali sufritzen Baleikeko eztabaida horretan, eta gauza bat esan nahiko nioke: Baleike oso inportantea dela une honetan Zumaian, eta sekulakoa dela hori; eusteko goiari.
- Moderazio irizpide edo mekanismoak ez dira zentsura. Horrelakoen aurrean "Zentsuratzaile!" oihu merkea esaten dutenei erantzutea erraza da: sortu zure bloga, zure irizpide propioekin, eta han jardun nahi duzun bezala, zeurearekin, eta han jaso ditzakezun erantzunekin.
Erantzunak kargatzen...