Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ubuntu Tribe, euskara eta marketin birala

ubuntutribe - Ubuntu Tribe
2007-05-15 11:05
Euskal ekoizpen batek, Ubuntu Tribek, dezenteko ikusmina sortu du azken egunotan internet zaleen artean, bereziki software askearekin eta euskararekin harremana dutenen artean. Kanpaina baten bitartez, pelikula baten estreinaldia irudikatu dute.

Trailerra, iragan apirilaren 26an sareratutakoa, 15.000 aldiz ikusi da Youtuben hiru aste eskasetan, eta webgune ofizialak milaka bisitari izan ditu tarte horretan. 69 herrialdetako bisitariak, hain zuzen. Gainera, munduko blogen ranking-eko azkeneko postuetan egotetik ziztu bizian pasa da lehenengo 100.000 blogen artean egotera (Technoratiren arabera).

Txapelketak Hazruido izena du eta Bilboko Alianzo enpresak antolatzen du, besteren artean. Bi modalitate nagusi ditu. Lehenengoan, Google bilatzailean habitaquo hitza (espreski sortua) bilatzerakoan agertzen den lehenengo webgunea izatea da helburua. Orain gutxira arte habitaquo hitza ez zen inon ageri, eta egun milioika sarrera aurki daitezke. Txapelketa hasi eta berehala, hitzik bilatuenetakoa bilakatu zen Interneten.

Bigarren modalitatean parte hartzaileek ekoizpen bat sustatu behar dute marketin biralaren bitartez. Jakina, erakusleiho nagusia webgunea da. Teknika komertzial honekin, orokorrean, kanpaina oso eraginkorrak sortzen dituzte eta “ahoz aho” zabaldu ohi dira, Espainiako Legebiltzarreko butaka baten ustezko lapurreta edo “Amo a Laura” abestia dira adibide ezagunenetako batzuk.

Leihoa eta pinguinoa
Ubuntu Tribe kanpainak zenbait elementu erabili ditu bere proposamena sinesgarri egin ahal izateko. Trailerraren bitartez, Microsoft eta Ubuntu sistema eragile librearen arteko harremana parodiatuko duen filme bat iragarri du. Leloa: “Leihoa pinguinoarekin maitemindu zenekoa”. Ubuntu sistema eragilea GNU-Linuxen oinarrituta daudenen artean gehien gizarteratu dena da.

Filmea “ziber komedia erromantikoa” izatekoa omen zen, egileek jakinarazi zutenez, eta euskaraz zen banatzekoa, gaztelerazko eta ingelesezko azpitituloekin. Banaketa sare nagusia internet izango zatekeen, eta bertan edonoren eskura egingo zatekeen pelikula.

Trailerrra 15.000 alditan ikusi da Youtuben, euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez. Webgunean, gainera, kanpaina grafikoa (zine aretoetako antza duen kartel ofiziala ehunka bider izan da ikusia) eta banaketaren, egileen eta argumentuaren xehetasunak aurki daitezke. Gainera, bisitarien parte hartzea ahalbidetu duten tresnak ere jarri dituzte, eta nahiko arrakastatsuak izan dira.

Ekimena beste tokietan izan da aipagai eta ehunka webgunetatik egin zaio erreferentzia Ubuntu Triberen guneari. Blogen munduko zerrendan 3.000.000 postuan egotetik 56.000era igaro da, hiru astetan. Technoratiren arabera.

Txapelketa bukatzeko egun gutxi geratzen direnean (datorren igandean amaitzen da), Ubuntu Tribek bere “sekretua” aideratu du gunean. Bertan esaten dutenez, “hasiera batetik kanpainaren helburua software askea sustatzea izan da, bereziki euskarazkoa”. Bigarren helburua, gaineratu dutenez, zenbait kanpainaren zilegitasunaren inguruko eztabaida bultzatzea izan da, eta merketin biralaren mugak ezartzen saiatzea. Bestalde, ekimen herrikoiak bultzatzeko marketinaren erabilera aldarrikatzen duen “Zaratasoilikez manifestua” argitaratu dute.

Erantsi dutenez, proiektua ez da jaio soilik txapelketan parte hartzeko. Hemendik aurrera ikusentzunezko sorkuntza artistikoa sustatzeko gunea bilakatuko da Ubuntu Tribe. Bestalde, Full Circle Magazine aldizkaria euskaratzeko ardura ere hartu dute.

Txapelketa bukatzeko egun gutxi geratzen direnean, Ubuntu Tribek bere “sekretua” aideratu du bere gunean. Bertan esaten dutenez, “hasiera batetik kanpainaren helburua software askea sustatzea izan da, bereziki euskarazkoa”. Bigarren helburua, gaineratu dutenez, zenbait kanpainaren zilegitasunaren inguruko eztabaida bultzatzea izan da, eta merketing biralaren mugak ezartzen saiatzea. bestalde, ekimen herrikoiak bultzatzeko marketinaren erabilera aldarrikatzen duen “Zaratasoilikez manifestua” argitaratu dute.

Erantsi dutenez, proiektua ez da jaio soilik txapelketan parte hartzeko. Hemendik aurrera ikusentzunezko sorkuntza artistikoa sustatzeko gunea bilakatuko da Ubuntu Tribe. Bestalde, Full Circle Magazine aldizkaria euskaratzeko ardura ere hartu dute.

Datorren igandean amaituko da txapelketa eta sariak datorren astean emango dituzte, Startup 2.0 lehiaketakoekin batera.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu