Teknologia albisteak
1

Anjel Lertxundiren hitzaldi bat Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Joserra Beloki - Donostia Kulturatik
2007-04-19 : 11:04

Ihes betea aitzakiatzat hartuta, bere literatur kezkei buruzko hitzaldia eman zuen Anjel Lertxundik, martxoaren 1ean, Donostiako Udal Liburutegiaren San Jeronimoko sotoan. Hitzaldia Interneten jarri dugu

(http://www.bibliotecaspublicas.es/donostiae/guia.htm)

Hitzaldian, Ihes beteari buruzko hainbat jakingarri kontatu zizkigun, hala nola:

“Nobela idazten hasi nintzenean, Joseph Roth nuen gogoan. Zehatzago esateko, Joseph Rothen ‘Edale santuaren kondaira’ nobela laburreko lehen eszena: Parisen gaude. Ilunabarra da. Gizon bat Senaren gaineko zubi batetik ibai ertzera jaisten ari da eskaileretan behera. Ez dakigu zertara doan, zer nahi duen. Agian, ez du pixa egitea beste helbururik.Bat-batean Clochard arlote bat aterako zaio zubi azpitik”.
Horra Rothen nobelaren hasiera, eta horra nire buruan nerabilen irudia: gizon batek clochard batekin egin du topo. Halako enkontru bat ibili nuen buruan, denbora dezentez, nire nobelaren hasierarako. Gero, ordea, arrazoi praktiko batzuk medio, betiko gelditu den hasiera eman nion liburuari: Werner gazteak Goetheplatzen Hitlerren mitina entzun zuenekoa”.

Eta hainbat baieztapen egin, honako hau adibidez:

“Bidegabekeriak urrutiko kontuak direlakoan gaude. Beti auzoan gertatzen direlakoan. Edo etsaiarenean. Baina gertatzen dira etxean ere. Gertatu zaizkigu makina bat. Eta guk ez dugu zirkin handirik egin. Biktimek nekez ikusten zuten bihotza ukitzen zitzaigunik. Gure bidegabekeriak ez digu malkorik isurarazi. Isiltasuna eragin digu, hori bai. Isildu egin gara bidegabekeriaren aurrean. Isilik, beldur ginelako? Isilik, bost axola zitzaigulako? Isilik, lotsatuta geundelako? Isilik, bidegabekeriak geureegiak zirelako?
Wernerren aita ere isilik dago semearen ibileren aurrean. Isilik, bai. Sufritzen ari da, baina.
Bai, isiltasuna ere kolore askokoa da: mozorro asko ditu”.

Galdera zenbait, baita ere:

“Nobelak zein toki duen galdetu ordez, beste talaia batetik formulatuko dut orain galdera: ikuskizun erraldoia bihurtu dugun kultura horrek ba al du literaturaren premiarik? Itxura batean, ez. Gehiegi idazten omen da, gehiegi idazten omen dugu. Eta munduan garen idazle guztiok idazteari utziko bagenio? Galdetzekoa da zer aldatuko litzatekeen balore estetikoen eta etikoen krisi sekulakoa bizi duen kultura horretan, mundu modernoaren joan-etorri espiritualen sisteman”.

Eta erantzunak

“Egunero ikusten dudanaren arabera, pitzadurarik gabea behar luke erantzunak: ez, ez litzateke ezer askorik aldatuko”.

Eta berriz galdera:

“Ezer askorik ez?”

…………….


Literaturzaleen interesekoa izan daitekeelakoan, hitzaldi osoa Interneten jarri dugu, goian adierazitako helbidean.

Joserra Beloki
Donostia Kultura

Erantzunak

Sustatu
2007-04-19 : 12:30

Hor ageri den lotura horretatik, PDF bat jaitsi daiteke. Dokumentu hori partekatzeko, hona aukera erosoagoa, edo zuzenean ikuskatzeko edo testua kopiatzeko aukerarekin ere bai (HTML modura igarotzen bazara)


Erantzun

Sartu