Tabakalera: izenaz haratago, edukiaz
2007-03-30 11:03
Arretaz entzun nituen herenegun Joxean Muñozek Euskadi irratian esandakoak. Behean unibertsitatea.net-eko nire blogean entzundakoaz idatzi nuena atzo.
"Manu Etxezortuk, esatariak, egindako galderari erantzunez Tabako-fabrikaren edukiaz ziharduelarik, 'zientzia' aipatu zuen Joxeanek. Manuk, harriturik edo, zientzia zergatik galdetu zion, Tabako-fabrika kultura garaikidearen zentroa izanik.
Erantzuna borobila, honelako zerbait:
'Zientzia XXI. mendeko kulturaren zatia dela ezin da ukatu, nahiz eta letrak ikasi genuenok zientziatik urrun ibili garen'
Txalo jotzen hasi nintzen, Joxeanek kulturaren ikuspegi zabal hori eman zuelako. Gutxi dira tamalez horrelakoak esaten dituzten intelektual literarioak. Pausu bat, alabaina, bi kulturen arteko lubakia tapatzeko.
Zorionak Joxean. Zorionak Tabakalera."
Tamalez, errealitatetik oso gertu baitago oraindik, Snow-k duela ia 50 urte Cambrigden emaniko hitzaldian irudikatutako mundua, bi kulturatan banatutakoa: zientzialariena alde batetik eta intelektual literarioena beste batetik.
Erantzunak kargatzen...