Teknologia albisteak
2

Urte bat ahoz aho

Erabiltzailearen aurpegia
Enkarterriko Berbalagun - Enkarterriko Berbalagun
2007-03-29 : 10:03

Enkarterriko Berbalagun egitasmoa orain dela urte bete jaio zen Enkarterrin euskarak bizi duen egoera larriari aurre egiteko. Aurten teknologia berrien indarra eta ahalmena kontuan hartuz Enkarterriko Berbalagun bloga jarri dugu martxan.

Gure eskualdean euskaraz bizitzea ez da batere erraza, klase, eskola edo euskaltegietatik kanpo erdara da nagusi, euskara ikasleak eta euskaldunak oro har aukera murritzak ditu bere hizkuntzan mintzatzeko.

Udal euskaltegia eta AEK euskaltegia hasieratik euskara kalera ateratzearen garrantziaz jabetu ziren eta proiektu desberdinak garatu zituzten irtenbide bat bilatu nahian. Aipatzekoa da, esaterako, orain dela urte batzuk egindako saiakera Mintzalagun egitasmoa antolatzeko, eskualdeko ikasle, irakasle eta euskaldunekin. Mintzalagun desagertu bazen ere, Berbalagun proiektuaren oinarriak finkatu zituen eta iaz Udal euskaltegia, Enkarterriko AEK eta Mankomunitateko, Balmasedako eta Gordexolako euskara zerbitzuak batu ziren lehengo egitasmo horri jarraipena emateko.

Urte bete eta ez dira gutxi emandako urratsak: gaur egun 100 lagunek baino gehiago eman dute izena eta erdiek Berbataldeetan parte hartzen dute;orotara 9 talde daude martxan Enkarterrin zehar; 2 Sodupen, 3 Zallan eta 4 Balmasedan, eskualde osoko lagunek osatuak.

Berbataldeen funtzionamendua erabat desberdina da taldeen arabera, eurek erabakitzen dute noiz bildu eta zer egin. Arruntena astean behin taberna batean elkartzea da euskaraz hitz egiteko, baina aukera asko daude: kontzertuetara joan, antzezlanak ikusi, ikastaroak egin eta jakina, mendizaleen taldea ere ez da falta.

Haien eta Enkarterriko beste euskaldunen beharrei begira Berbalagun proiektuan parte hartzen duten eragile desberdinek (euskara zerbitzuak, euskara taldeak, euskaltegiak, aisialdi taldeak...) ahalegin handia egin dute euskarazko kultur eskaintza zabal eta duina egiteko. Makina bat ekitaldi antolatu dira Berbalagun proiektua abian jarri zenetik, besteak beste, literatur tailerrak, argazkigintza eta perkusio ikastaroak, kontzertuak, hitzaldiak, diaporamak, mendi irteerak, sagardotegirako txangoak, tailerrak, festa...

Ekintza horien guztien berri emateko Enkarterriko Euskararen Agenda osatzen dugu, hilean behin 300 lagunetik gora jasotzen dutena. Informazioa berbalagunei, euskaltegiko ikasleei eta eskualdeko euskaldunei zein euskaltzaleei bidaltzen zaie postaz edo posta elektronikoz, eskualde zabal honetan informazio eta komunikazio arazoei aurre egin nahian. Aurten teknologia berrien indarra eta ahalmena kontuan hartuz Enkarterriko Berbalagun bloga (http://berbaterri.blogspot.com) jarri dugu martxan argazkiak, azken berriak eta berbalagunen iritziak batu eta zabaltzeko.

Urte bete eta esan bezala, ez da gutxi egindako lana, Enkarterrin euskaldunon sarea indartuz joan da, euskara ikasten ari direnek mintzatzeko aukera gehiago dituzte eta euskara kalean erabili ahal den hizkuntza dela erakusten ari gara. Badakigu lan handia dagoela oraindik egiteko, baina gogotsu ari gara euskararen alde. Zorionak Berbalagun!!

Erantzunak

Irene
2007-03-29 : 11:12

Zorionak!

Eskerrik asko eta mila zorion horrelako ekarpen politak egiteagatik Euskal Herriko Mendebalde Urrun honetatik!

Irene

xiber
2007-03-29 : 13:51

Far West-en ere euskararen alde. Korrika Karrantzatik, Berbalaguna Enkarterrian, Ibilaldia Balmasedan, ... Aurrera ba, merezi duzue-eta.

Erantzun

Sartu