Sustatu logoa Teknologia albisteak

Opentrad, Consumer eta EITB24ren corpusekin

Estatu espainiarreko hizkuntzen artean (gaztelania, katalana, galegoa eta euskara) kode irekiko itzulpen automatikorako sistema bat aurkeztu zuen joan den urtean Opentrad kontsortzioak (www.opentrad.org). Orain, berriz, Eroski Fundazioarekin eta Eitbnet-rekin elkarlanean arituko da, sistema hobetzeko ahaleginean. Elkarlan hori dela eta, Eroskik Consumer aldizkariaren corpusa eta Eitbnet-ek Eitb24 web gunearen corpusak Opentrad kontsortzioaren esku utzi dituzte, itzulpen automatikoan egin beharreko ikerketa-proiektuetan erabil ditzan. Helburua da corpus horien informazioa erabiltzea OpenTrad-en bidez egiten diren itzulpenen kalitatea hobetzeko eta itzulpen automatikoaren estaldura areagotzeko, bereziki gaztelaniatik euskarakoena.

Transferentzia sintaktikoa du oinarri Opentradek, eta estatu espainiarreko hizkuntzen arteko kode irekiko itzultzaile bakarra da eta testuak edo dokumentuak itzultzen ditu, baita web orrien edukia ere, haietan nabigatzen ari garela. Galego-gaztelania hizkuntza-parean bi noranzkoak (galegotik gaztelaniara eta gaztelaniatik galegora) kontuan hartzen dituen itzultzaile bakarra da. Itzulpenen kalitatea, berriz, % 95,2ra iristen da. Gaztelania-katalana parean, % 96,2ra iristen da kalitatea. Gaztelania-euskarazko pareari dagokionez, itzultzaile bakarra da. Hala ere, azken hori prototipo-mailako tresna baino ez da eta ez du, oraindik, itzulpen komertzialak egiteko kalitaterik bermatzen. Consumer eta Eitb24 corpusak itzultzaile horren emaitzak hobetzeko erabiliko dira.

Etengabe hobetzen ari den sistema da OpenTrad. Proiektua garatu dutenek sistema hobetzen jarraitzen dute, zenbait I+G proiekturen bidez. Hizkuntza gehiago sartzeko prozesuan ari dira orain (gaztelania-frantsesa eta gaztelania-portugesa garatuz, eta gaztelania-euskara, -katalana eta -galegoaren kalitatea hobetuz).

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu