Asteburuan Eutsi filmea ikusten egon naiz. EITBren webgunean asteburuko bigarren filmerik ikusiena izan dela ikusi dut. Filmeak berak eta publikoaren asistentziak hainbat gogoeta eragin dizkit
Lagun batekin joan nintzen larunbatean, gauez, Eutsi filmea ikustera. 22:30etan zen filmea, eta 12 lagun ginen aretoan. Lagunak eta biok aipamenak egin genituen. "Euskarazko filme bat ekoizteak duen lana, ahalegina, eta gero publikoaren erantzuna, euskaldun eta euskaltzaleen erantzuna, putza!". Ia 5.000 lagun joan omen ginen lehen asteburuan filmea ikustera. Ez dakit non. Agian beste hiriburu batzuetan izango zen.
Filmetik ateratakoan, bestelakoa izan zen irakurketa. Filmea oso txarra iruditu zitzaigun bioi. Motela. Erritmorik gabea. Zozoa. "Kutsidazu" duinetik urrun. "Aupa Etxebeste" bikainetik oso urrun. Grazirik gabea (ez soilik umorerik gabea, hori ere behar duelako euskarazko produkzioak, umoretik ihes egitea, alegia).
Garagardo bat hartu bitartean, gure eztabaidak segitu zuen. Euskarazko filmea izateagatik joan ginen zinema aretora. Ahaleginak publikoaren erantzuna behar zuelako. Baina, euskarazkoa izanagatik, edozein kalitatezko lan ikustera joan behar dugu?
Horra gure eskizofrenia! Nola jokatu behar dugu horrelakoetan?
Hizkuntza ez normalizatu batean bizitzearen ajeak!
Filma igande arratsaldean ikusi nuen nik, Antiguan, eta aretoa beteta zegoen, nahiz eta horrek meritu gutxi izan, txiki-txikia zelako.
Gustura ikusi nuen, oso-oso gustura. Film txikia da (gure tamainakoa?), baina entretenigarria. Eta komedia bada ere, lana eta deslokalizazioaren inguruan egiten duen gogoeta azal-azalekoa ere ez zitzaidan iruditu.
Lasai asko ikustera joateko esan diet galdetu didaten lagun guztiei (eta, bistan da, galdetu ez didatenei ere).
Asteartean ikusi nuen, eta ia 10 ginen, ez dago batere gaizki astearte bat lehen saioan izateko.
Komediagoa espero nuen, egia da hor gaizki promozionatu dela, baina hori kenduta, filma oso duina da, eta interesez jarrai dakioke.
Euskeraz egin diren hiruetatik argazkilaritza eta irudi ederrena du. Etxebeste, toki itxian izanik, gutxi zuen alde honetatik, Ixabelena bai desastrea digitalki eginda, gainera, ze kristotarako doaz eta istoriarekin zerikusirik ez duen denuntzia soziala sartzen diote. Ikusi antzerkia eta ez desastre hori.
Euskeraz eginiko filmak, txikiak izan behar dute, behintzat duinak eta ongi eginak izan daitezela, Eutsik lortzen du.
Ni zinemara astero joaten naiz eta ikusten dut gero eta jende gutxiago joaten dela. Hori gaztelaniazko filmeak ikusteko. Ba jendeari zinemara joatea orokorrean kostatzen bazaio... imajina euskaraz bada. Eta euskarazko filme bat emateko areto bat hartzen bada ikusleak ohi baino are gutxiago dira. Eta noski, aretoaren jabeak dirua galtzen du eta ez du izango euskarazko filmeak emateko gogo handirik. Eta ematen ez badira.... ba ikusleengan ez da ohitura sortzen. Hau da, bere buztanari kosk egiten dion merlenka.
Dirudienez, Eutsi filmeak arrakasta handia izan du. Hori pozgarria bada ere, nik uste dut gertatu dela pixka bat militantziagatik. Pantailetan euskarazko filme gutxi daudenez, ba jendeak joateko gogo handia zeukan. Baina, nire ustez, arrakasta honek ez luke luzaroan iraungo euskarazko filmeak astero eskainiko balira. Honekin esan nahi dut Eutsi filmearen arrakasta fenomeno puntuala izan dela, ezin dela euskararen osasun handiaren ikurtzat hartu. Arazoa da euskarazko filmeak ikusteko ohiturarik eza, nik uste. Ohiturak aldatzea zaila da.
Hori lortzeko bide on bat dvd-bikoizketak sustatzea izango litzateke. Nire ustez, horretan gastatutako diruak zinema-aretoetan euskarazko filmeak eman ditzaten gastatutakoak baino etekin handiagoak izango lituzke. Oso dvd gutxi euskaraz daude eta era bikain bat dira euskara ikasteko, hobetzeko edo zinema euskaraz ikusteko ohitura hartzeko. Nik uste dut gaur egun dvd-ek zinemak baino eragin handia daukatela. Eta horregatik oso garratzitsua izango litzateke bide horretatik ahaleginak bideratzea. Eta jadanik euskeraz dauden dvd-en berri ematea. Eta guk erostea :) Horrela produkzio-etxeek ahalegin hori, bikoizketa, merezi duela agian pentsatuko lukete.
Aprobetxatzen dut euskaraz dauden hainbat dvd aipatzeko:
Afterglow
Año Mariano
Blueberry
Cabaret
Ed Gein
El Corredor de la Muerte
El Pacto de los Lobos
El Pianista
El viaje de Chihiro
George and the Dragon
La Vida Mancha
Mothman, la Última Profecía
Nómadas del viento
Obaba
Robocop
Vacas
...
Baleikeko Blog Komunitateko Ostarrena zine klubaren blogean pelikularen kritika egin dute. Hemen daukazue. Zumaian egon zen Alberto Gorritiberea zuzendaria pelikula aurkezten, eta filmaren ondorengo inpresioak jaso dituzte blogean.
Ni ostiralean joan nintzen lagun batzuekin donostiako areto batetara eta han ez ginen 50 lagun baino gehiago.
Euskaraz zela eta aktoreak ikusita (alkainik gabe euskaraz zerbait egitea posible al da?) segurutzat jotze nuen parrezkoa zela, eta hori ere sorpresa dexentea izan nuen.
Baino hara, kuriosoa! neri filma asko gustatu zitzaidan, eta aupa Etxebeste!rekin alderatua askozaz "dignoagoa".