Sustatu logoa Teknologia albisteak

Euskara-ezagutzaren eskakizuna kentzen GFAn

Dindil Iturri
2007-03-06 13:03

Listo, egin dute berriz ere. GFAko lanpostu bati euskara-ezagutza leundu egin diote. Ez litzateke hain kritikagarria izango baldin eta lanpostu berdin bati eskakizun hori zorroztu izan baliote, edota beste nolabaiteko konpentsazioa egin izan balute. Baina ez da halakorik izan. Esplikaziorik batere gabe, GFAk bere Administrazio Orokorreko Teknikariei euskara zertxobait gutxiago eskatuko die. Gora hizkuntza-planifikazioa!

Datuak

Konkretuki, atzeratu egin diote lanpostu bati, berari dagokion euskara maila betetzeko epea.

Eskakizunaren aldaketa: (PDF bat)

(Lehengo derrigortasun-data: 2004/01/01; Data berria: 2007/12/31. Aldaketa derrigortasun-data atzeratzean datza beraz. Kontua da, gaurko egunean, 4. hizkuntza-eskakizuna nahitanahiezkoa izatetik ez izatera pasa dela. Hartara, posible izango da, oposizioa orain egiten ari baita, benetakoa baino bi maila gutxiagoko ezagutza duen norbait sartzea. Gainerako ezagutza meritu moduan baloratuko bada ere, ez da ezinbesteko baldintza izango).

Lan-eskaintzari buruzkoak: (beste PDF bat)

Erreparatu 6. orrialdeari, bertan adierazten baita eskainitako zein diren 12 plazei dagozkien hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak.:

            2. Plazak eta txandak.

                — Txanda librean:

                        * 4 plaza, 4. hizkuntz eskakizun derrigorrezkoa dutenak.
                        * Plaza 1, 4. hizkuntz eskakizuna duena, eta derrigortasun data 2007-12-31.

                — Ezgaitasuna duten pertsonentzat gordetako kupoa txanda librean:

                        * 2 plaza, 4. hizkuntz eskakizun derrigorrezkoa dutenak.

                — Barne sustapeneko txandan:

                        * 4 plaza, 4. hizkuntz eskakizun derrigorrezkoa dutenak.
                        * Plaza 1, 4. hizkuntz eskakizuna duena, eta derrigortasun data 2007-12-31.

Ezgaituentzat eta barne sustapenerako gordetako plazak betetzen ez badira, txanda librekoei erantsiko zaizkie.

Eskakizuna gutxitu berri dioten plaza txanda librean eskaintzen diren 4etako bat da.

Ondorioak

Lanpostuen ezaugarriak eta, beraz, horiek okupatzen dituzten lagunen betekizunak, denboran aldatzea logikoa da, zerbitzuaren premiek eta beharrek ez dutelako zertan beti berdinak izan. Nekez uler daiteke, ordea, zer zerbitzu-premiak esplika lezakeen horrelako aldaketa bat, are gutxiago legeak debekatzen duen une batean egindakoa.

Bai, debekatutako unean. Kontuan izan behar da 2006ko lan-eskaintza publikoan eskainitako lanpostua dela eta oposizioak abiatuta daudelarik ez dagoela eskainitako lanpostuen ezaugarriak aldatzerik haiek erabat bete artean. Logikoa da arauek hori galaraztea, lanpostu horietara aurkeztu direnei iruzur egitea bailitzateke bestela, segurtasun juridikoa bazterrera botatzea baita. Ezin al da konprometitutako eskaintza errespetatu eta, lanpostua bete ondoren, behar diren aldaketak egin?

Diputazioak hartutako erabakia, gainera, arriskutsua da foru-erakundearentzat berarentzat, zeren baliteke lanpostu horretara aurkeztu direnen artean haserrea piztea. Izan ere, oso probablea da. Zer gertatuko da baldin eta, aldaketa horren ondorioz, lehengo baldintzetan sartuko litzatekeen bat kanpoan gelditzen bada, beste norbaiten mesedetan? Alegia, euskara mailarik ematen ez zuen baten mesedetan?

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu