Hobekuntzak eta aukera berriak Zientzia eta Teknologiaren Corpusean
2007-02-23 08:02
Elhuyar Fundazioak eta EHUko IXA Taldeak zientzia eta teknologiaren alorreko euskara ikertzeko garatu duten hizkuntza-baliabide ahaltsua da Zientzia eta Teknologiaren Corpusa , eta abenduan aurkeztu genuen jendaurrean . Geroztik, hainbat hobekuntza eta aukera berri jartzen aritu gara, eta berriki horiek guztiak on line jarri ditugu.
Hauek izan dira egindako hobekuntzak:
- Hitzaren bukaeraren arabera bilatzeko aukera. Orain posible da, adibidez, "garapen" hitzaren ondoren datozen "-garri"z amaitutako adjektiboak bilatzea.
- Euskalbar-en integratuta. Euskalbar tresnari ZT Corpusa kontsultatzeko aukera gehitu diogu. Aukera hori 1.10 bertsioan egongo da, eta laster aterako da.
- XHTML estandarraren araberakoa. ZT Corpusak orain W3C-ren XHTML estandarra betetzen du.
- Internet Explorer-ekin bateragarriagoa. Testuinguru zabala Internet Explorer-en erakusterakoan, batzuetan arazoak gertatzen ziren, nabigatzaile horrek estandarrak ez betetzeko eta jokaera bitxiak erakusteko duen egoskorkeriagatik. Arazo horietako asko konpondu ditugu, itzulinguruen bidez bada ere.
Espero dugu egindako hobekuntza eta aukera berri horiek baliagarriak izango direla zientzia eta teknologiaren alorrean euskara ikertzen edota euskaraz idazten aritzen direnentzat. Probatu nahi baduzu, hor daukazu ZT Corpusa .
Erantzunak kargatzen...